kritiken hemeroteka

8.313 kritika

« | »

Errotarria / Jokin Urain / Susa, 2006

Inbentario herrendua Aritz Galarraga / Gara, 2007-04-21

“Urte gozorik ez da izan gurean aspaldi handian”, irakur daiteke Jokin Urainen azken liburuan, Errotarria izeneko bilduman. Urte gozorik ez eta horien kronika egin behar, halabeharrez, inork egingo badu. Eta lanari lotu zaio, kartzelak inposatzen duen erritmo astun horrekin: liburu bat eskatu, eskutitz bat idatzi, oroimenean hazka egin; liburu bat jaso, eskutitz bat irakurri, oroimenean hazka egin. Errotarriak alea xehatzen duen erritmo astun berdinarekin aletu ditu liburuko testuok Urainek, pixkanaka-pixkanaka, azken 70 urteetako borroka eta kolpeen inbentarioa osatzeraino. Ezen horixe baita irakurleak Errotarria-n aurkituko duena, 1936tik 2006ra bitartean kartzela eta deserriari lotutako istorio eta gertaerak, idazleak entzun eta irakurri, hausnartu eta bizi izan dituenak.

Baina ez dezagun ahaztu preso dagoela Urain 1986tik. Orain 21 urtetik. Eta, beraz, kartzelatik idatzi izan duela beti Mendarokoak. Fikzio lanak, kronikak eta poemak. Horiek idaztean gainera, ezin imajinatuzko zailtasun, traba eta baldintzak, bistan da. “Idazle profesionalek susmatu ere egiten ez dituzten lan modu asko eman baitizkigu historia hau osatzeak”, Urain beraren hitzetan. Errotarria-z azpimarratu behar den lehena, beraz, horixe, liburuan kontatu nahi diren istorioez gainera liburuaren beraren idazketa prozesua ere islaturik geratu dela, bere zailtasun, traba eta, oraingoan, pozekin. Interesgarri egiten da irakurtzea kanpotik informazioa nola eskuratzen den, Mario kidearekin liburuaren gainean izaten dituen eztabaidak edota idazketa prozesuak iraun bitartean kartzelan bizi diren gorabeherak. Bigarren mailakoa dirudien arren, presentzia handia dute kontuok irakurketa guztian zehar.

Eta bai, sekula barruan egon ez denak ez du sekula jakingo barruan egotea zer den, baina Jokin Urainen lekukotasunaren bidez gerturatu egingo gara ezezagun zaigun eremu horretara. Kartzela eta libertatea, bi munduon arteko distantzia laburtzeko balio du Errotarria-k, baina baita bi munduon arteko distantzia agertzeko ere. Ordenagailurik ezin kartzelan sartu eta idazmakinaren anekdota honek ederki irudikatzen du oraintxe esandakoa: “Aurreko bisitan arrebak esan zidan, denda batean sartu zela idazmakinen katalogo eske. Ea zein mundutan bizi zen galdetu zion dendariak harri-burdin eginda, idazmakinarik inork ez duela eskatzen orain. Eta horixe izango da kontuetako bat, zein mundutan bizi garen hain zuzen”.

Beste alde batetik, liburuan kontatu diren gertaerek ere badute interesik. Lehenengo partekoek akaso gehiago ematen dute atentzioa, bigarrenekoak (azken urteez ari denean bereziki) ezagun egiten zaizkigulako. 1936ko altxamendu militarrak eragindako gerra hartatik hasita, istorioz istorio, hamarkada luzeetan zehar etenik izan ez duen errotarria da Urainek erakutsi diguna, kartzela eta deserriarena: Santoña, Gurs, Ondarreta, Burgos, Aljer, Fresnes edo Dueñas. Ez zaizkio hari zehatz bati jarraitzen, txatal solteak lirateke, idazleak bere gustura harilkatu dituenak, baina elkarren ondoan argazki orokor bat osatzen laguntzen dutenak.

Idazlea, hala ere, kontziente da bere lanak izan ditzakeen mugez: “Inbentario herrendu honek ez du nondik errenditu. Nago ez ote den istil txiki bat osatzeko adina ur begirik egingo orri sorta honekin”. Ezen Errotarria inbentario bat besterik ez baita, beharrezkoa, jakina, baina bat azken batean. Ikuspegi osoa osatzen lagunduko diguten inbentario gehiago, askoz gehiago, beharko genituzke eta.

Azken kritikak

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Amaia Alvarez Uria

Gerezi-denbora
Montserrat Roig

Asier Urkiza

Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia

Nagore Fernandez

Farorantz
Virginia Woolf

Aritz Galarraga

Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia

Mikel Asurmendi

Poesia kaiera
Giorgos Seferis

Irati Majuelo

Altxa, hildakoak
Fred Vargas

Joxe Aldasoro

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Artxiboa

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

Hedabideak