kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Espainiaren arimaz / Joxe Azurmendi / Elkar, 2006

Ideologiaren ‘gehiegiegi’ zakilixutarra Iratxe Retolaza / Berria, 2007-04-22

Espainiaren arimaz izenburuko saiakeran, Joxe Azurmendik, orain arte jorraturiko hainbat gai bildu ditu; bere saiogintzan jada harroturiko eta mahai-gaineraturiko zenbait eztabaidagai berrartu, eta patxadatsuago, sakonago mamitu ditu. Dena den, batez ere orain arte landuriko bi bide gurutzatu dira, izenburuan loturiko bi bide nagusi horiek. Batetik, Espainiaren eta nazionalismo espainolaren ikuskerari heldu dio; bestetik, Alemaniako filosofiaren ekarpenak astindu ditu.

Saio honetan, beraz, Azurmendirengan interesa pizten duten bi gai nagusi horiek uztartu, eta Alemanian Hegelek mamituriko Volksgeist (Herriaren Arima) kontzeptua zenbait filosofo eta idazle espainolek nola bereganatu duten aztertu du. Alegia, Espainiako arimaren mitologia nola mamitu den azalarazten du, eta horretarako, jakina, ezinbestekoa izan zaio pentsalari espainol horiek Hegelek sorturiko Herrien Arima eta Herrien Psikologia kontzeptuak bereganatzeko harturiko bideei erreparatzea. Ez baita ahaztu behar filosofo horietariko askok Hegel izan omen zutela iturri, eta batzuetan ere harekiko zorra aitorturik zutela.

Herrien Arimaren kontzeptua pentsalari espainolek nola erabili duten ulerteko asmoz, izenez izen, pentsalariz pentsalari doan ibilbidea eskaintzen digu Azurmendik. Abiatu, Agustin Duranen ekarpenetan haztaka abiatuko da, Duran hartzen baitu Menendez Pidalen aitzindaritzat, eta pittinka-pittinka historian aurrera egingo du. Batez ere Menendez Pelayo, Miguel Unamuno, Ortega y Gasset, Pio Baroja eta Caro Barojaren ikuskerak harrotzen ditu, baina berezi-bereziki Unamuno eta Ortega y Gasset-en lanetan geldituko da patxada eta arreta handiagoarekin. Ibilbide honetan guztian, pentsalari espainol horiek Hegelen ekarpenak ezagutzen ez zituztela, edo behintzat, ondo ulertu ez zituztelako ideiari heltzen dio. Edo nahierara erabili zituztela, Espainiaren arimaren esentzia aldarrikatzeko. Horregatik, saiakera honetan pentsalari horien esanak txertatzen ditu, eta esandakoetan antzeman daitezkeen kontraesanak azalarazi. Honela, bertaratzen dituen idazleen edo filosofoen testuen aurrean egileak sentituriko harridurak, galderak, zalantzak eta oharrak ere txertatu egiten dira saiakeran, parentesi artekoetan, eta ironiaz josiriko ukitu eta ohar horiek dira testuari bizitasuna ematen diotenak. Bai, aipu horiek guztiek lagundu egiten diote Azurmendiri azaldu nahi dituen horien adibide zuzen modura. Aipuak diskurtso nagusian ederki josi ditu motzak direnean, josteko errazago direnean, eta diskurtso nagusiaren erakusle direnean. Baina, ahots nagusi bizi eta ironiko hori bazterrean utzi denean, zurrunegi antzeman ditut aipuak, luzeegiak, eta ahots nagusitik desbideratu izan naute. Batez ere Unamuno eta Ortega y Gasset hizpide duten atal luzeagoetan gertatu zait hori. Atal horietan, pentsalarien esanak dauden horretan biltzeko joerari eutsi zaio, ohar gutxirekin, saiogilearen ahotsa bazterrerago utzirik, eta kasu horietan, testuak batzuetan luzeegiak, astunxeagoak egin zaizkit.

Aipatzekoa da, bukatzeko, Azurmendik gurera ekarri dituela (filosofiaren ikuspegitik bada ere) azkenaldian Literaturaren Historiaz jarduten duten Espainiako adituen arteko eztabaidagai gaur-gaurkoa, literatura eta nazioaren eztabaida, tradizioa irakurtzeko eta gureganatzeko irizpideen eztabaida. Alde horretatik, saiakera honek Literaturaren Historiari buruzko galdera interesgarri ugari mahai-gaineratzen ditu, geure Literaturaren Historiari begiratzeko ere ezin aproposagoak. Geurean Literaturaren Historiaz sakon jorratu gabekoak mahai-gaineratu ditu, zeharbidez, ezin argiago.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak