« Loti ederrak | Begi bihotzez »
Rimmel / Koldo Izagirre / Susa, 2006
Modernitatea Jon Kortazar / El País, 2007-01-22
Koldo Izagirrek (Altza, 1953) argitaratu duen Rimmel honen aurrean berriro irakurri dut aldez aurretik egindako lana. Orain arte, aro nagusi bi agertzen ziren bere poetikan. Lehenean (1976-1978), hiru poema liburu argitaratu zituen, Itsaso ahantzia, Oinaze zaharrera, Guardasol ahantzia, surrealismo naïf batek tintatuak, intimismoa eta imajinazio jokoa elkartzen zituen poesia mota bat. Ondoren etorri zen bigarren aroa (1989tik aurrera), Balizko erroten erresuman liburuarekin hasiera duena eta 1997. urtean agerturiko Non dago Basques’ Harbour liburuarekin gailurrera eramana.
2006an poema liburu bi argitaratu ditu: Teilatuko lizarra eta Rimmel, alabaren inguruan eta haren bizitza eta gizarte harremanei buruz osatua. Aitatasunaren esperientzia du oinarri, baina liburuak gora egiten du, historia pertsonala gizartean txertatzeko modua ere badelako.
Liburua lau ataletan banandua dago, eta bakoitzak “zu” poetikoaren lau alde nagusi agertu ditu. Lehena, Hezur ondoko mami jaioberriari eskainitako atala da, oraindik oinez ere ez dakienari; bigarrenean, Nola jaso ote zuen harria trikuak?, “zu” poetiko hori nagusiagoa da, hitz egiten du eta eskola joateko bezperan da; hirugarrenean, Ur gazia zara, haurra koskortu egin da, “emazte berriaren” garaietan gaude, eta lehengoz “zu” hori ni lirikoa ere bada; laugarren atalean, Laster gure alaba zu bezalakoa izanen da, aitaren ni lirikoak hartzen du ahotsa eta gaztea etxetik joana da (Prennez garde…). Hari autobiografiaren gainetik liburuak hari kontzeptual jasoa erabili du.
Forma aldetik, liburuak eta barneko poetikak zerikusia handia dute Teilatuko lizarra-n eginikoarekin. Adibidez forma poetiko ugari erabili dira, batez ere lehen alde bietan: alegia, kontakizuna, inoiz txistea, logika ilogikoa, ironiaren erabilera poetikoa…
Baina naïf ironikoa erabilpenean eta hizkera jolasean, errepikapen eta simetriaren erabileran, berriro jo da aurretiko poemetara, eta Itsaso ahantzia gogoan izan dut poema liburu hau irakurtzerakoan. Jokoaren gainetik, berriro dira presente Izagirreren zenbait esanahi nagusi, Arestiren oihartzuna hemen eta han entzuten direlarik: ametsaren nagusitasuna, sistemaren indarra (Hilburuko prebentiboa), bizitza berri baten gogoa, ibaiaren korrontearen aurka igeri egitekoa (Ikastea eta ikastea), itsas irudimenaren oihartzun argiak, ironia berezia, hitzekin eta esaerekin jolas egiteko gogoa…
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Amaia Alvarez Uria
Gerezi-denbora
Montserrat Roig
Asier Urkiza
Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia
Nagore Fernandez
Farorantz
Virginia Woolf
Aritz Galarraga
Markos Gimenoren 101 letrakartel
Joseba Sarrionandia
Mikel Asurmendi
Poesia kaiera
Giorgos Seferis
Irati Majuelo
Altxa, hildakoak
Fred Vargas
Joxe Aldasoro
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Maddi Galdos Areta
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Asier Urkiza
Izotz ura
Lide Hernando Muñoz
Nagore Fernandez
Airemortuak
Gorka Salces Alcalde
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Mesfida zaitez
Bea Salaberri
Irati Majuelo
Transgresioa irakasgai
Bell Hooks
Bestiak Liburutegia