« Zabaletik txokora | Surik bai? »
Groucho eta ni / Groucho Marx (Aintzane Atela / Miren Arratibel) / Meettok, 2006
Osasungarria oso Aritz Galarraga / Gara, 2006-12-09
Jaun-andreok ongi etorri kritika literarioaren mundura! Hasier Etxeberriak elkarrizketa batean adierazi zuen benetako pasiorik ez zuela ikusten hedabideetako kritikan (“ez liburu bat goratzeko, ez ukatzeko, ez horren arrazoia emateko ere”), bada, hemen daukazue Groucho eta ni liburuari buruzko iruzkina, amoranteari izkiriatuko geniokeen eskutitza baino grina handiagorekin idatzia! Oilobustiarena egin gabe, busti eginen naiz behingoagatik! Belaunetaraino bakarrik, hori ere esan beharra dut.
Listo. Itzali dira argi guztiak. Akabo espektakulua. Autobiografia egiati batek egiazko kritika bat merezi du eta. Harira beraz. Lerrootan mintzagai Groucho eta ni liburua dugu, Marxtarren arteko anaiarik ezagunenak bere bizitzaren gainean idatzitako lana (berezia, inondik inora). Groucho, gutxi-asko, guztiok ezagutzen dugu Marx anaien pelikula gogoangarriengatik: “Antzar zopa”, “Egun bat lasterketetan”, “Gau bat Casablancan”… Orain, aldiz, pertsonaia literaturaren bidez ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen zaigu, lehen aldiz gure hizkuntzan (“gure hizkuntzatako batean” esan nahi nuen, euskaraz alegia).
“Jatorrian ideia zoroak ziruditen gauza askok ekarri esanguratsuak egin dizkiote gizakiaren ongizateari”, aipatzen da kontakizunean barrena. Liburu batek ez du izango horretarako ahalmenik agian, baina Meettok argitaletxearen ideia zoro honek on egingo dio, zalantzarik gabe, irakurlearen ongizateari. Ezen Grouchok errepasoa egiten baitio bere bizitzari: etxeko berotik hasi, hasierako zailtasunetatik pasa eta ospe garaietaraino. Baina nolako errepasoa! Barreak, barreak eta barre gehiago. Bere burua ere tente ez du uzten eta! Umorea zer den jakin nahi duenarentzat gidaliburu ezin hobea da eskuartean daukagun lan hau eta orain hain modan dauden bakarrizketa horien egileek badute, bai, nori erreparatu.
Badirudi, gainera, batzuentzat denbora ez dela pasatzen. Kontua da, nahiz eta liburua 1959. urtean argitaratu zen, sekulako gaurkotasuna daukala oraindik orain. Ia 50 urte eta fresko-fresko, kosmetiko bakar bat ere erabili beharrik gabe. Adibide pare bat, argi ikusteko: “Gummok eta biok betidanik izan genuen automobila edukitzeko ametsa, baina garai hartan auto gutxi zeuden, gaur egun aparkalekuak bezain gutxi”. Edota, “une egokian telebista saio egokian arituz gero, ospetsu bihur zaitezke egun batetik bestera”. Bere buruari errepasoa egiterakoan, garai oso bati ere ematen dio eta.
Komediantearen biografia esaldi bikainez, anekdota zoragarriz eta begirada zorrotzez beterik dago. Hori gutxi balitz, ideia ezin baliagarriagoak ematen dizkigu liburuaren industriak bizi duen etengabeko krisia gainditzeko: arrautza frijituak eta arto zakuak oparitzea literatura lan bakoitzarekin batera, “eta gogoan izan liburua ez litzateke nahitaez liburu-dendetan salduko: supermerkatuetan, jatetxeetan, nekazaritzako gaien dendetan eta autozinemetan ere saldu ahal izango lukete”.
Groucho Marxek ohartarazten digu: “jendea ez da jabetzen bere buru osasunarentzako zein funtsezkoak garen”. Esan gabe doa, Groucho eta ni osasungarria da oso eta ez bakarrik irakurlearen buru osasunarentzat, baita euskal literaturarenarentzat ere, kontxo. Ederki baitago literaturaren historian erreferentzia izan diren lanak gurera ekartzea, baina tartean-tartean hain “serioak” ez direnekin ere saiakera egin beharko litzateke. Woody Allenen esana, “Scoop” bere azken filmean: “jendeak umorea balu, mundua ez litzateke dagoen bezala egongo”. On egin.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres