« Ezinezko harremana | Mendebaldar zoomak eta travellingak »
Izua / Lydia Flem (Joxan Elosegi) / Alberdania, 2006
Zuk ez? Aritz Galarraga / Gara, 2006-10-07
“Zigor-ukaldi batek bezala zartatzen du. Zure baitatik ateratzen zaitu, hitzetatik, analisietatik, arrazoitik urrun, zentzuetatik kanpo. Kito dira sentimenduak, harena da leku guztia. Biluzik ganibetaren eskua bezala”. Paragrafo horrekin hasten da Izua, Lydia Flem idazle eta psikoanalista frankofonoaren liburutxoa. Asko markatzen dute hasierek: liburu batenak, liburu kritikarenak zein beste edozein testu motarenak, bistan da. Amua behar du hasierak, irakurlea bertan harrapatzeko gai izan. Kasu honetan, afizioaren gajeak, hiruzpalau aldiz ekin behar izan diot irakurketari. Horrek ez du, baitezpada, liburuari buruzko ezer esan nahi, ez bada irakurle honi buruzkoa. Hala ere, esan beharra dut Izua-ren hastapen horrek agerian uzten dituela gerora narrazioaren tonua markatzen duten hainbat klabe: esaldi laburrak, kolpe zuzenak, abiadura, halako larritasun bat irakurlearengan.
Izua liburuak, hitz gutxitan azaltzeko, bat-bateko herstura krisiak jasaten dituen pertsona baten eguna kontatzen digu. Biharamunean New Yorkera eramango duen hegaldiak ito egiten du zeharo eta aurreko ordu horietan etengabeak dira krisiak: auto-ilaretan (“bolantean xartaka ari naiz mekanikoki”), hegaldiaren gertutasunari erreparatzean “nahiago nuke pakebote batean ontziratu eta Atlantikoa zeharkatzen hiru aste eman”), museoan (“artisten eta lanen izenak hasi zen banan-banan idazten, haiei bereziki erreparatu gabe”). “Uneoro gaude arriskuan”, dio pasarte batean protagonistak, “ezin jakin sekula aurrez noiz azalduko den”. Baina ekaitzaren osteko barealdiaren gisara, kontrajarririk, sosegua berreskuratzen duen unearen berri ere badaukagu: medikamentuek efektu egiten diotenean, esaterako, edota ordenagailuaren aurrean jartzean. “Gogoko dut bizitza birtuala. Agorafobikoen, klaustrofobikoen herabeen eta fobiko guztien irtenbidea da”.
Azken batean, izuaren, hersturaren, larritasunaren, itoaldiaren (panique deitzen dio Flem-ek) deskribapen saiakera egiten da narrazio honetan. Gaitz ezezaguna ezagutzen laguntzen digu. “Zein ote da gaitz ikusezin hau?”. Beste modu batean esanda, erabat arrunta den fenomeno baten ez-ohiko testigantza eskaintzen du Izua-k. Izan ere, “herstura ez da diabetes edo kolesterolaren antzera neurtzen, ez oraingoz”. Idazketaren aldetik ere lanketa berezia egin da herstura egoera hori transmititzeko. Eta egia da nolabaiteko estutasun sentimendu batek hartzen duela irakurlea: esaldi motz eta jarraituak, elkarren arteko sintaxi harreman landurik gabekoak, interpelazio zuzenak… eta baliabide horiek guztiek narrazioari ematen dioten abiadura. Modu horretan, Flem-ek muga-mugara eramaten ditu pertsonaia, idazkera eta baita irakurlea bera ere.
Alberdania etxearen Zerberri sailean kaleratu izana ez da kasualitatea. Sail horren baitan “saio laburrak, lekukotza eta gaur egungo gaiak” biltzen dira eta Lydia Flem-en liburu honek, zergatik ez, badu hiruetatik zerbait. Asmo literarioarekin jantziak, aipatu muga-egoera horren esperientziari buruzko gogoetak egiten dira. Lehentxeago esan bezala, testigantza baliogarria ere bada. Eta, era berean, gaurkotasun handiko gaia lantzen da, izuarena, maila indibidualean nahiz kolektiboan bizi dena. Galde iezaiozue bestela, orain egun gutxi, bidaiariek eurek “musulman itxura” izateagatik hegazkinetik kanporatu zuten irakasle sevillarrari.
“Inork ez du deus esaten hartaz”. Eta bat-batean, haustura. Andy Warholek zioena gogoratuz, makina izatea desiratzeraino: “Arazo gutxiago dituzte makinek. Makina izan nahiko nuke. Zuk ez?”.
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Ibon Egaña
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Asier Urkiza
Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx
Aritz Galarraga
Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu
Mikel Asurmendi
Denboraren zubia
Iñaki Iturain
Aritz Pardina Herrero
Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños
Irati Majuelo
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Joxe Aldasoro
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Aiora Sampedro
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Mikel Asurmendi
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza
Espekulazioak
Arrate Egaña
Nagore Fernandez
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Txani Rodríguez