« Krudeltasun lezioa | (p)osteko irakurbideez »
Zazpi urkatuak / Leonid N. Andreiev (Jose Morales) / Alberdania / Elkar, 2006
Ilunpeetan barrena Aritz Galarraga / Gara, 2006-09-30
Leonid Nikolaievitx Andreieven Zazpi urkatuak ipuin liburuarekin, eta kontuak ongi egin baditut behintzat, hamar dira dagoeneko Literatura Unibertsala bildumaren baitan euskaratutako idazle errusiarrak: Chejov, Tolstoi, Dostoievski, Gorki, Lermontov, Pushkin, Gogol, Turgenev, Bulgakov eta, orain, Andreiev. Izen horiek guztiak, XIX. mendean eta XX.aren hasieran errusieraz egindako lanek literaturaren historian duten pisu eta eraginaren erakusgarri dira. Irakurgai dugun Andreieven lanak, egia da, ez du harreman handirik izen horietako zenbaitzuekin. Baina irakurleari pista batzuk ematearren esan behar da, esaterako, Gorkik bere lana goraipatu eta babestu egin zuela edota gainera, Chejoven jarraitzailetzat ere hartua dela.
Joxe Moralesek prestatutako liburu honetan Andreieven hiru ipuin biltzen dira, itzultzaileak aitzin-solasean aitortzen duenez, errusiarraren “lanik onenetako batzuk”: liburuari izenburua ematen dion “Zazpi urkatuak”, “Ilunpeak” eta “Espektroak” hain zuzen. Hirurak ere ipuin nahikoa ezberdinak dira, baina hirurek ere ezaugarri komun ugari dituzte. Gaiari dagokionez, esaterako: heriotza, beldurra, zorotasuna, bakardadea edota ongia/gaizkia dikotomia behin eta berriro errepikatzen dira. Horrekin batera, narrazio guztiek tonu ezkor eta pesimista hartzen dute, desesperantzaren kronikak bailiran.
Liburua irekitzen duen narrazioa luzea da, 100 bat orrialdekoa, landua eta liburu honen, niretzat, gauzarik aipagarriena. Bertan, hiltzera kondenaturik dauden zazpi lagunen azken orduen kontaketa egiten zaigu. Urkagaiak, ministro bat hiltzeko atentatua prestatzen ari ziren bost ekintzaile eta bi gaizkile dira, Ivan nekazari estoniarra eta hiru pertsona hiltzeaz akusatutako Tsiganok. Ipuinean narratzaileak mehe-mehe azaltzen du zazpi lagunok zer egin duten urkamendia merezi izateko, beren iraganeko zertzelada batzuekin batera. Baina idazleari interesatzen zaiona gehiago da heriotzaren atarian dauden pertsonaien barne erradiografia egitea. Eta horretarako, pertsonaia bakoitza hartu eta bere gogo-aldartearen gorabehera guztiak, xehetasun handiz, deskribatzen ditu. Idazleak lortzen du, enpatia ariketa horretan, heriotzaren atarian dagoenaren larruazalean sartzea eta, bide batez, irakurlea sarraraztea.
“Ilunpeak” izeneko bigarren ipuinean, ekintzaile bat prostituzio-etxe batean ezkutatzen da, polizia atzetik duelako. Heriotzara eramango duen ekintza burutzeko ordu gutxi batzuk falta zaizkio, baina ezagutuko duen prostitutak eta berekin emango dituen orduek kolokan jarriko dizkiote ordura arteko konbikzio eta sinesmen guztiak: “bakarrik daki aurrez aurre daukala bere bizitza eta arima den hori guztia”.
“Espektroak” kontakizunean, azkenik, eroetxe bateko eguneroko arruntean kokatzen da istorioa. Eta hasiera batean, ipuinean ezer gutxi gertatzen dela ematen badu ere, eromenaren gaineko hausnarketa izateaz gainera, gizakiaren ilunpeetara eginiko bidaia ere bada.
Testuen bigarren mailako irakurketa batean, hainbat posizionamendu politiko ere igar daitezke, hala nola, heriotza-zigorraren aurkakoa edota iraultza-ekintzaileen aldekoa (eta, ondorioz, Tsarismoaren kontrakoa). Horrek kontraesanean sartzen ditu ipuinok, Andreieven narratzaileak ikusle huts eta neutroak baitira liburu osoan zehar. Laburbilduz, esan daiteke Andreieven ipuinok gizakiaren alderik ezkutuenak, gizakiaren ilunpeak, bisitatzeko aukera eskaintzen dutela. Baita, horretaz gain, literatura egiteko modu baten nahiz garai historiko jakin baten testigantza ere.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez