kritiken hemeroteka

8.725 kritika

« | »

Nazioaren hondarrak / Joseba Gabilondo / EHU, 2006

(p)osteko irakurbideez Iratxe Gutierrez / Berria, 2006-10-01

Jakin-minez jaso nuen Joseba Gabilondok euskaraz argitaraturiko azken liburua, baiki, izenburu zirikatzailea duena: Nazioaren hondarrak. Euskal literatura garaikidearen historia postnazional baterako hastapenak. Zirikatzailea diot, izan ere, hondar horiek gure artean hautsik harrotuko dutelako ustea baitut: bai irakurle batzuk hondarretan gogotsu pausatuko direlako, bai beste irakurle batzuk (ni neu tarteko) hondarretan edo post delakoetan susmabera ibiliko direlako. Bai nazioa kontzeptua bera ulertzeko, sentitzeko eta irudikatzeko bideak anitzak direlako.

Kontuak kontu, izenburua argia da oso; Gabilondok euskal literaturaren historia berri baterako proposamenak egitea du helburu, historia egiteko orain arte indarrean egon den eredua auzitan jarriz. Haren ustez, historia horiek euskal nazioa irudikatzeko asmoari erantzun diote, alegia, nazioa-ren irudi modernoa eraikitzeko tresna izan dira. Hau da, orain arteko literaturaren historiek euskal nazioa irudikatzeko temari erantzun badiote, proposamen berri honek euskal nazioaren ostea (hots, post-nazioa) irudikatzeko ahaleginari lotuko zaio. Beraz, euskal nazioa-ren irudia sortzeko erabili izan diren bi giltzarri irauli egiten ditu: batetik, hizkuntzaren auzia jorratzen du; bestetik, estatu-nazioaren gainbeheraz mintzo da. Honela, historia-saio horietan euskal nolakotasuna euskaraz sorturiko literatur lanetan besterik ez antzematea gaitzesten du, euskal nolakotasun anitzagoaren alde egiten baitu (gaztelaniaz, frantsesez edota ingelesez sorturiko literatur lanak ere kontuan hartuko dituen euskal nolakotasunaren alde, hain zuzen ere) —nolabait, betetzear naizen espazio honen proiektuarekiko ezbaiti—. Hau da, euskal eta literatura arteko ezkontza berria aldarrikatzen du, eta baita ezkontza horren inguruko gogoetabideak zabaldu ere. Euskal nolakotasun honen alde egiteko postestrukturalismoak abiaturiko ideiak ditu akuilu eta bidaide.

Gabilondoren ustean, euskal nazioaren alegoria Obabakoak-ek irudikatu zuen (“Euskal Herriak bere ahotsa topatu du”, 47), eta hartara, Bernardo Atxaga du nazioa/post-nazioa garaiak zedarritzeko muga. Ez da halabeharrezkoa, ez, liburua osatzen duten artikuluen sailkapena: lehenik, Hitzaurrea eta Sarrera ditugu, zein baino zein argigarriagoa eta zehatzagoa post- kokatzearen teorizazio eta sakontzean; bigarrenik, Literatura nazionala izenburuko atala dugu, eta bertan Atxagaren literatura da aztergai; hirugarrenik, Nazioaren ondoren izenburuko atala dugu, eta besteak beste, hibridazioak, azpigeneroak, emakumeen literaturak eta literatura lesbiarra ditu hizpide. Hartara, idatzi diren historiek euskal literatura garai modernoetara heldua zela adieraztea badute xede, proposamen berri honek euskal literatura garai posmodernoetara heldua dela adierazi nahi du. Biak ala biak proiektu zilegiak historiagilearen ikuskeraren arabera, biak ala biak proiektu herrenak baldintzatze horixe dela-eta. Azken batean, irudipena dut Bernardo Atxagaren aurretik ere egon dela euskal literaturan alegoria nazionala irudikatzeko asmorik gabeko literatur lanik (baita sonaturik ere), eta halaber, Atxagaren ondoren ere egon dela alegoria nazionala irudikatzeko asmorik. Baina, historiagilearen kokapenak baldintzatzen du begirada, eta haren orainak baldintzatzen du atzerakako begirada. Honela aitortu du Gabilondok: “Hala, Atxagaren, eta beraz euskal literaturaren, lekunea artikulatu ahala, neure lekunearen bila abiatzen naiz halaber, alegia euskal subjektu kultural bezala dudan lekunea topatzera” (157). Literatur kritikariaren mugak —eta baita gaitasunak ere— onartzetik abiatzen da Gabilondo, eta zinez eskertzen zaio lekune horren berri emateko egindako saio zintzoa eta jantzia.

Bilduma honek, beraz, euskal literaturaz hitz egiteko galdera berriak eta irakurbide berriak eskaintzen ditu, eta literatur kritikan eta literatur teorian hain agorra den euskal eremuan poztekoa da halako teorizazioak irakurtzea, euskal literaturaren historia postektrukturalismoaren ekarpenaz jantzi ez ezik, eztabaidarako hainbat bide sakon urratu dituelako. (Des)adostasunak (des)adostasun.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak