« Espatularekin | Topikoen atzean »
Brooklingo erokeriak / Paul Auster (Oskar Arana) / Alberdania, 2006
Xehetasunetan Aritz Galarraga / Gara, 2006-07-08
Hartu boligrafoa, aldartea izanez gero, eta zerrendatu paper txiki batean azkenaldian plazer eman dizuten gauzak: ikasle maiteenari jarri diozun 4?5a, Sergio Ramosek bere atean sartutako gola, izandako larru jotze bakanak, bulegoan erdi-ezkutuan erretako zigarroa. Hori bai, utzi azken tartetxo bat (oraindik irakurri eta zerrendatu ez baduzu behintzat) Paul Austerren azken nobela, Brooklyngo erokeriak hau irakurtzen duzunerako: plazeren zerrenda horretan egotea benetan merezi du eta.
Brooklyn, New York hiriko auzorik populatuena izateaz gain, idazleengan lilura berezia sortzen duen gunea ere bada: Walt Whitman, Arthur eta Henry Miller, Norman Mailer, Truman Capote eta beste hainbat igaro dira bertatik. Gaur egun ere, poeta eta narratzaile ugari bizi omen dira auzo horretan. Izango da agian, Paul Austerrek dioen bezala, Brooklyn “unibertsoaren inbentarioa” delako. Dena dela, Brooklynen gertatzen dira liburu honetako istorioetarik asko, Nathan Glass pertsonaia gogoangarriak esango lukeen bezala “Tomen abenturen nire kronika” honetako istorioetarik asko. Baina ez dira denak New Yorkeko auzorik populatuenean gertatzen, denak Tomen abenturak ez diren bezala.
Nathan, osaba, eta Tom, iloba, dira pertsonaia nagusiak (ez bakarrak), gogoan gordetzekoak biak ala biak. Aspaldian elkarren berri izan gabe, Brooklynen egiten dute topo berriz ere eta konturatuko dira, biak ala biak, hondoa jo eta gero, ur azaleratzen ari direla nolabait. Hortik abiatzen da nobela, hortik abiarazten digu bidaia Austerrek. Zeren eta, behin istorioan sartuta, nekez egingo baitu bertatik hanka irakurleak. Hasi eta buka harrapatzen zaitu Austerrek, erbia arteak nola, irakurlea kateatzeko trikimailu andana erabiliz.
Abiapuntu horretatik aurrera, literatura bere gordinean. Stendhal-en arabera, literatura errealitatearen aurrean ispilu bat jarriz lortzen da, eta horixe da hain justu Austerrek egiten duena. Errealitatearen aurrean ispilua jarriz, fikzio lan biribila osatzea lortu du idazle estatubatuarrak, azaleko “zoriontasun perfektu” horren azpian (pertsonaien istorioek bukaera alaia dute, liburuak berak bukaera alaia duela dirudi) bizitzaren tragedia ezkutatzen duena. “Nire nobela irailaren 11n kolpe batez desagertu zen bizitzeko manera bati egindako elegia da” adierazi zuen Austerrek.
Baina Brooklyngo erokeriak nobelaren sekretua xehetasunetan datza. “Zergatik luzatzen naizen xehetasunetan?” galdetzen dio irakurleari Nathan narratzaileak, “bada istorio honen egia xehetasunetan datzalako, eta istorioa gertatu zen bezalaxe kontatzea beste aukerarik ez daukadalako”. Gertaera itxuraz ezdeusak ezdeusa dirudien beste gertaera batera eramaten du narrazioa, doiki harilkatutako kontakizuna osatu arte. Detailez betetako narrazio honetan, gainera, ez da inongo momentutan irakurlearen pazientzia proban jartzen, jolas neurtua baita Austerrena: narrazioaren tempo-a maisuki maneiatuz, haria, unea nahieran luze-laburtuz, uneoro istorioak eskatzen duen neurrira.
Liburuko pasarte batean azaltzen da nola Kafkak panpina galdu zuen neskato bati gutunak idazten zizkion, panpinarenak zirelakoan. “Baldin eta gezur sinesgarri bat aurkitzen badu, neskatoaren galera bestelako errealitate batekin ordezkatuko du, errealitate faltsu batekin, agian, baina fikzioaren legeen arabera benetako eta sinesgarria den zerbaitekin”. Beste pasarte batean zera irakur daiteke: “Inoiz ere ez luke batek liburuen ahalmena gutxietsi behar”. Are gutxiago liburua Brooklyngo erokeriak honen tamainakoa bada.
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Jon Jimenez
Reset
Aitziber Etxeberria
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Jose Luis Padron
Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza
Jon Jimenez
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Hasier Rekondo
Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban
Mikel Asurmendi
Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz
Gorka Bereziartua Mitxelena
Juana
Jon Artano Izeta
Mikel Asurmendi
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Jon Jimenez
Simulakro bat
Leire Ugadi
Maddi Galdos Areta
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Ibon Egaña
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Paloma Rodriguez-Miñambres
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Mikel Asurmendi
Turismo hutsala
Fito Rodriguez
Asel Luzarraga