kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Groucho eta ni / Groucho Marx (Aintzane Atela / Miren Arratibel) / Meettok, 2006

Groucho eta enparauak Karlos del Olmo / Eizie.org, 2006-05-02

Meettok argitaletxeak aitabitxi ezinago egokia aukeratu du euskaraz gizarte aurrean agertzeko, plazara zer asmok dakarren agerian jartzeko. Itzulpen lanetan bidaide artatsu bezain nekagaitzak ditu bizkartzain: Miren Arratibel eta Aintzane Atela. Hitzaurregilea ere ez da nolanahikoa: Harkaitz Cano idazlea. Jakina, xedea, eskuratu beharreko helburuak hala eskatzen zuelako, dirudien bezain eginkizun erraza ez zelako. Lana, aditu batean hizkuntza aldetik zokondo handikoa ez badirudi ere, uste baino helburu lortzen gaitzago da. Bateko, euskal irakurle askok marxistarik ospetsuena omen denaren burutazioen berri dagoeneko beste hizkuntza batzuetan jasota dituztelako, eta ezein euskal ordainek harrimena eragin diezaiekeelako. Inertzia moduko hori gainditu beharrezko oztopo gerta daiteke… izenburutik bertatik hasita, askok eta askok, zegoeneko, izenburua, buruan, bestela euskaratuta bide zutelako hau plazara aurretik. Ala ez? Horrezaz gain, eta ez da munta txikiagokoa, umorezko ukitu ukaezina duen liburu batean, aipamen eta izen berezi guztiak artez egiaztatu beharrekoak dira, eta alor hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, nekez jakin daitekeelako joan den mendeko estatubatuar kultura popularreko aipu horiek egia diren ala ezezagun guztiei izen berberaz bataiatzen zituen zoroaren asmakizun.

Klasiko batzuekin gertatu ohi da denok ahotan erabili arren, inor gutxik izaten dituela benetan leituta. Julius Henry Marxen moduko klasikoekin oso bestela jazotzen da: benetako klasiko irakurri eta behin eta berriro argitaratua izan arren, kritikari eta jakintsu askok nekez jasotzen dute irakurri beharreko liburu kanonikoen artean. Nahiz eta gutxitan topa daitekeen norberaren familiaren gaineko azalpen suntsitzaileagorik autobiografia ohiz kanpoko honetan baino.

Autobiografia? Izan ere, generoaren aldetik ezin da erraz sailkatu liburua: badakigu, egileak berak hala dioenez gero, ia ezinezko gertatzen dela autobiografia egiatirik idaztea. Beraz, fikziotik ere badu… ala ez? Autobiografia edertua? Ala gurata desitxuratua, bere buruaren parodia eginda, bizitzaren garraztasuna uxatzeko edo arintzeko? Nork bere buruaz barre egitea modurik egokiena omen da inoren kritiken hartzaile ez izateko. Noiz edo noiz pelikula baterako gidoiaren aurrean ote gauden pentsatzera garamatza. Edo liburua oinarri, erraz molda litekeela vaudeville haietako bat. Lantzean-lantzean kazetari erreportaje baten aurrean gaudela susmatzeraino ere heltzen gara.

Laban ahoa bera bezain zorrotzak diren burutazioek hasieran barrea eragiten bide dute, baita gero gogoeta sendoak erakarri ere. Liburu honekin ere beste horrenbeste gertatzen da. Bestela esanda: orriotan azaltzen dituenetako batzuk seriotan, umore ukitu bagarik azaldu balitu, halako barregarri agertzen diren egoera horietako gehienak errealismorik gordinenean sartu beharko genituzkeen. Ez da harritzekoa filosofo batek behin esatea Groucho dugula lurrean jainko izatetik hurbilen dagoen laguna.

Itzulpen lanaren aldetik, esatea dago, adibidez, gaztelaniazko ediziokoa baino lan dendatuagoa egin dutela Aintzanek eta Mirenek, kapitulu izenburuak emateko orduan jatorrizkotik hurbilago ibili ez ezik, irakurle arruntarentzat, alegia, gehienontzat, ohar argigarriak erantsi ere dituztelako.

Umorea itzultzea, teorilariek diotenez, antzerkiko eta ikus-entzunezkoetako gidoiekin egin beharreko lanean legetxe, hurbilago dago egokitzapen kulturaletik ohiko itzulpen fidel-fideletik baino. Herri eta kultura bakoitzak umorea ulertzeko eta egiteko modu bere-bereak izan ohi dituelako, hizkuntz erabilerarik idiomatikoenei itsatsita. Eta arlo hori lehenengoan ulertzeko moduko esapideekin hornitu dute.

Argitalpen txukun eta erakargarria da, saltokietan ikusgarri gertatzen den horietakoa. Deigarria, marketin aldetik, hitzaurregilearen izena ere azalean jasotzen duelako. Nabarmena, beste bide batetik, itzultzaileen aipua azalean barik, barrurako uzten duelako. Jatorrizkoa berriro sortzeko lanean gutxiagotzat hartzen dituelako editoreak? Edukietan, ordea, presaren edo galtzagorriren baten lanaren eraginez, aldrebeskeriaren bat edo beste agertzen da testuan. Txantxazale porrokatuaren hil osteko azkenaurreko iseka? Kronologia analfabetoa batetik abiatuta, edozer jazo daiteke. Azken batean, klasiko bat idatzi beharrean, jende arruntarentzat idaztea gurago zuen Grouchok. “Gizaki orok liburu bat omen darama bere baitan”: hona hemen Grouchoren barnea aldez zelakoa zen erakusten duen liburuetako bat.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak