« Bizitzako borroka | Heterosoxoak eta beste »
Estilo ariketak / Raymond Queneau (Xabier Olarra) / Igela, 2005
Itzulpen ariketak Ibon Egaña / Berria, 2006-03-21
Zenbat modutara konta daiteke istorio bera? Galdera horri praktika literarioaren bidez erantzuten saiatzen den liburua da, begiratu batean, Raymond Queneauren Estilo ariketak liburua. Hutsala, tramarik eta korapilorik gabea den anekdota bat hartu eta 99 modu diferentez ematea, horra egile frantziarrak bere buruari jarri zion erronka eta hona erronka horren emaitza. Liburuaren berri estreinakoz duenak bere buruari egin diezaiokeen galdera da: ba ote du interesik filologo eta literatur ikerlarien sekta murritzetik kanpoko irakurlearentzat idazle baten ariketen bildumak?
Surrealismotik abiatu arren, literaturan bide pertsonala egin eta OULIPO literatur taldearen gerizpean literaturaren alderdi ludikoa ustiatu zuen idazleetakoa izan zen Raymond Queneau, eta testuinguru horretan eman zuen argitara Estilo ariketak. Beste edozein kirol edo jokotan bezala, arau hertsiak bere buruari jarriz heltzen dio literaturari Queneauk zenbaitetan, baina, paradoxikoki, arauen zurruntasun horrek bide berriak irekitzen dizkio literaturari, ezen, Cortazarrek esan bezala, mundu ludikoa habitatzen duen gizakiak etengabe sortzen ditu forma berriak, konbinazio posible berriak. Queneauk liburu honetan bere buruari jarritako arauak askotarikoak dira: batean e hizkia erabili gabe berridatziko du pasadizoa, hurrenean hitzak elkarrekin trukatuko ditu arau arbitrarioei jarraiki, beste batean bertsokera finkoak ezarriko du hertsapena… Horrela, 99 pieza labur osatu arte. Alabaina, jolasak dakartzan literatur konbinaketen mugagabetasuna eta idazlearen beraren literatur ahalmen eta ezagutza erakusteaz haratago, beste zerbait da liburuari gaurkotasuna eta irakurgarritasuna ematen diona: umorea, alegia. Jolasetik beste dute estilo ariketek parodiatik, literatura genero, baliabide eta erregistroen aniztasuna sakon ezagutzen duen idazleak haietaz egindako parodiatik. Alabaina, Queneau literatura frantsesaren erregistro, erretorika, genero eta azpigenero eta baliabideetatik abiatzen da tradizio baten parodia egiteko, eta zalantza begi-bistakoa da: funtziona ote dezake halako testu batek euskaraz?
Erantzuna, itzulpenaren kalitatearen araberakoa izango da ziurrenik. Eta Xabier Olarraren itzulpenak frogatzen du euskaraz ere liburua interesekoa, dibertigarria eta barre-eginarazlea izan daitekeela. Dela. Zenbait estilo ariketatan ia beste edozein obra itzultzeak dakartzan zaitasun bertsuei baino ez die egin behar aurre itzultzaileak, literatur erregistro unibertsalez egindakoa delako maiz parodia. Beste zenbaitetan, baina, hitzez hitzeko itzulpena erabat da ezinezkoa eta, bestelako hautua egin behar izan du itzultzaileak: jatorrizko testuari baino jatorrizko testuaren motibazio ludikoari eman dio lehentasuna, eta hala, frantsesezko testuen arauak eta murrizpenak izan dira oinarritzat hartu direnak, testu ia berriak osatzeko. Horixe baita, obra honen kasuan, originalari fidel izateko era bakarra. Egia da, nolanahi, frantses literarioaren erretorika hanpatua birsortzen duten testuen itzulpenetan hein batean galdu egiten dela jatorrizkoak duen izaera parodikoa, ezinbestean, euskaraz hain garatua ez dagoen diskurtso erretorikoaz nekez egin daitekeelako parodiarik. Aitzitik, beste zenbait testutan, itzulezintasunak darama idazlea jatorrizkotik erabat aldentzera, eta parodia euskararen baliabideen inguruan egitera, emaitza bikainak lortuz (Harrikada futurista prepositiboa gaixtoan, kasu). Edonola ere, guztietan asmatzen du itzultzaileak erantzun inteligenteak ematen, horretan lagun duela euskal literatur tradizioaren (klasiko, gaurko nahiz ahozko) ezagutza zabala.
Dotorea eta zaindua, edizioa bezain, obra eta itzulpena.
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres