kritiken hemeroteka

8.700 kritika

« | »

Apologia / Julian Peña / Elkar, 2005

Etorkizuneko esklabo zoriontsuak Mikel Asurmendi / Irunero, 2005-12

Eleberri labur bat dakart galtzarbean, Apologia izenekoa. Apologia, grekoz, zerbaiten defentsa egitea omen da. Julian Peña eleberrigilea bi apologia edota defentsarekin heldu zaigu. Eleberri laburraren aldeko defentsan eta mundu zoro hau gelditzearen defentsan.

Apologia zerena? Grezia zaharreko sistema eta filosofien defentsan, naski. Azken bi milurtekoek gure zibilizazioan ziklo baten amaiera osatu dutela dirudi. Modu hertsian esanda, no future da gailentzen den lema. Horiek Apologia irakurri ostean irudikatzen ditut. Fikzioa eta errealitatea horren urrun ote elkarrengandik?

Egungo zibilizazioaren ezaugarrietako bat produkzio-kontsumo kate neurrigabe eta etengabeak dira, eta gu horietan esklabo zoriontsuak: automobilgintza katebegi horietako bat da. Hedabideek edo fedabideek —Iñaki Segurola filologoari harturiko mailegua— ederki olioztatzen dituzte kate begi horiek, dela automobilgintza edota dena delakoaren bitartez dena da salgai edota erosgai. “Gure” penak kontatu bitartean, psikologo baten faktura —hedabide/fedabideen bidez zabaldua— ordaintzen dituzte konpainia ekoizle horiek.

Eleberrian Ramon Merchan terrorista nihilista mundu zoriontsu horren aurka jalgitzen da. Berau dugu lehenengo protagonista. Beste batzuk agertuko dira hiru istorio txirikordatu eta harilkatuetan, Grezia zaharreko erreferentzia egiten dioten hiru izenburupean: Legeak, Sofista eta Banketea deritzaten istoriotan ikasle astakiloa edota irakasle etsia aurkituko dituzu, besteak beste.

Eleberrian gizarte kontsumista eta nortasun gabea aurkituko duzu, berari egileak egiten dion kritika zorrotza aurkitu ere. Mundu hau parodia bihurtu dugu, den-denak edo gehienak ekonomiaren gainean hartzen du funtsa edo balioa. Lan-merkatuaren legea da nagusi eta horretan pertsona nagusiak dira gidariak. Gazteak, merkatu horren eskaintzari begira jarrita daude txikitatik, telebista eta Internet-en aurrean bereziki.

Denok voyeurs bihurtu gara neurri batez edo bestez. Hezkuntza sistema nahiz heziketa-sistema (gurasoena, alegia) ez dira gauza mundu horri aurre egiteko edo bitarteko teknologikoen aurrean beste motako kultura bat zabaltzeko. Mundua gurpil zoroa bilakatu da eleberrian. Gure munduaren isla ote?

Egungo zientzia fikzioa biharko errealitatea izango ote den? Ez jakin. Askatasuna omen da gizakion patu helezina. Egungo bitarteko teknologikoak lagun ditugula, jendeok “askeagoak” garen itxuran bizi garelakoan nago. Irudi ala iduri, anabasa eta kaosa. Grezia zaharreko ibil moldetara itzuli ote beharko? Naski, eta menturaz.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak