« Lurrak eta zeruak | Memoriaren errautsetatik »
No (poema akrilikoak) / Patxi Salaberri / Pamiela, 2005
Infinituaren lasaitua Iñigo Roque / Gara, 2005-12-03
Esperientziaren poesia, asalduraren poesia, poesia sinbolista eta tradizionala… Poesia. Genero laudatua eta goretsia (sari autonomikoetan izan ezik), teorizatua eta azaldua. Nork ez du egundo poemarik idatzi? Bada, Patxi Salaberrik ere izkiriatzen ditu. Honezkero, ez litzateke inor harritu behar, 2002. urtean Irun Saria irabazi zuelako bere lehenbiziko poema-liburuarekin (“Uretan idatziak”). Dena dela, Patxi Salaberri gure artean ezagun dugu Axularren prosa jendartean zabaltzeko eginiko ahaleginagatik, ez olerkari izateagatik.
Idazleak lau maila proposatzen dizkigu, harri lokabez eginak eta goroldioz tapizatuak, leizera jaisteko.
Lehenbiziko mailan, poeta bere maiteari mintzatuko zaio. “Zu zeu, maitia, zaitut falta”, esaten dio. Hura ondoan nahi du, irudiz eta hitzez ezin adierazizkoak elkarrekin sentitzeko: haizea, izartegia, iluntasunaren isila, bakardadearen samurra… Poetak, hala ere, ez die jaregiten sentimenduei; ez ditu pasadizoak kontatzen; ez du xehetasuna handitzeko enbeiarik. Ez. Batzuen irudiko, poetaren jarduna hotza eta arrotza izango da, lehorra. Ez da hala baina. Axalekoari uko egiten dio; ez da besterik. Idazleak entelegamenduari eragiten dio, denboraz (“Non dago galdu behar nuen erlojua?”), komunikazioaren ezinaz, bizitzaren zentzugabekeriaz… aritzeko.
Beste maila bat jaitsiko dugu, “hotz, irristakor, heze”. Idazleak bere larritasun klaustrofobikoaren berri ematen digu, hatsa labur. Hodeiertzik ez duten espazioak irrikatzen ditu, eta, gora begira, izartegiaz eta kosmosaz berbetan hasten zaigu. “Naturan bilatu dut existentziaren itolarria gainditzeko (…) ihardespena”, diosku, bertsolerrotan baina hitz lauz legez. Eta haraindiko bidaia horretan, patua, ametsak edo existentzia bera erabiltzen ditu gogoan. Bizitzaren errealitatea bera zalantzan jartzen du, gogoetari loturik: simulakroa ote den, aktore hutsak ote garen. Ideia klasikoak.
Hirugarren maila zapalduko dugu hurrena. Harri piloak aurkituko ditugu nonahi, eta zapoak saltoka. Gizonen eta andreen arteko harremanen lugorrira eramango gaitu Patxi Salaberrik, aurrenik Adam eta Evaren ipuina berriro bisitatuz, mendetasuna eta nagusigoa ironikoki aurkezteko. Amodioa eta desamodioa ere hizpide izango ditu, irudi lurrintsuegiak erabiliz sarri, edo alor zaharrak jorratuz (presentzia absentea, esaterako). “Isilik egon zaitezke / putzu lehorren antzera, / hitz-urik ez duzulako hondoan”. Horrelako lerro zilar batzuk eskaintzen dizkigu. Gaia ezaguna izan arren, irudiek ez baitute baitaezpada betikoak izan behar.
Azkenik, laugarren mailara, beherenera, iritsiko gara. Desamodioak diosal egiten digu, “malko ziruditenak begietan irentsiz”, abandonuaren eskutik helduta. Eguzkiaren eta Ilargiaren harremanari buruzko etsenplu klasikoarekin topo egin ondoan, tragedia txikien bindikazioa egiten digu idazleak, hondamendi kosmikoen neurriko izan ez arren. Atal horretan, oso poema bitxia kausituko du irakurleak, benetan atsegingarria. Greba-egunean ikazkin batek dituen kezkak eta ezbaiak aletzen dira bertan.
Eta oroiminari sei lerro eskaini ondoren, eremu akronikora garamatza Salaberrik, aurrez esandakoak berresteko (“Eguzkiak ez du / izarren beharrik; / ezta izarrek ere / Eguzkiarenik”) edo bizitzaren ironia atzera azaleratzeko (“Tesaliarrarena” poema dotorea).
Beste era bateko poeta dugu Salaberri garaiotan. Lau maila dira, lau, jaitsi beharrekoak, astiro eta kontu handiz. Hala ere, galdera bat pausatu nahi nuke: aski al da lerroak haustea poesia idazteko?
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza