kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Hauts bihurtu zineten / Juan Kruz Igerabide / Alberdania, 2005

Memoriaren errautsetatik Ibon Egaña / Berria, 2005-12-06

Ez dut gogoan nori eta non, baina nonbait irakurri nuen Bernardo Atxagaren narratibaren azierto handienetakoa zela haur literaturako zenbait erregistro eta baliabide erabiltzea helduentzako literaturara egokituta. Oso garbi zehazten ez dakidan ideia hori ibili dut buruan Juan Kruz Igerabideren helduentzako lehen eleberria irakurri ahala ere, ez bakarrik Hauts bihurtu zineten nobelak Atxagaren idazkera ekarri didalako gogora batzuetan, ezpada Igerabidek, ezaguna denez, haur eta gazte literaturan trebatuta, eta ongi trebatuta ekin diolako helduentzako narratibari, eta hori, igarri egiten delako bere azken lan honetan. Igarri egiten da, estiloaren soiltasunean (hiztegiaren ñabardura aberatsez lagunduta betiere), narrazioaren erritmoan, eta, finean, gauzei so egin eta mundua izendatzeko maneran.

Alabaina, irakurketa bizia ahalbidetzen duen idazkera horren atzean, ez dago lekurik trazu lodirako, axalkeriarako, infantilismorako. Guztiz bestela, estilo soil hori sakontasun handiko gaiez jarduteko baliatzen du adunarrak, eta ez die barne nahiz kanpo gatazkei, gizakiaren eta literaturaren betidaniko gai nagusienei itzuri egiten. Pedro Ugartek esan zuen behin literaturak morala behar duela izan (ezen ez moralista), eta hatsarre horri heltzen dio Igerabideren eleberri honek ere, bere ibilbideko lan askotariko zenbaitek bezala: gatazka moral eta etiko garrantzitsuak jartzen ditu eleberriaren lehen planoan, existentziaren eta bizitzaren gaineko gogoeta orokorrekin batera, eta haiei heltzen die zuzen, itzulingururik gabe, perifrasirik gabe. Ausardia eskergarria erakusten du, esate batera, biolentziaren erabileraren zilegitasun etikoaz eztabaidatzean, labainkorra den gaiari oin-puntetan ihes egin ordez, aurrez aurre begiratuta.

Igerabideren eleberriak aurkezten dituen gatazka moral, sentimental eta existentzialek frankismoaren azken urteetako eta trantsizio garaiko Euskal Herriko auzo txiki bat dute eszenatoki. Garai hartako grebak, langile mugimendua, atxiloketak, atentatuak, ezkerreko mugimenduekin lotutako bizimodu alternatiboen sorrera… horiek guztiak —gurean askorik landu gabeak— hartzen ditu hizpide Igerabideren nobelak, guztia ere Joantxo narratzailearen bihotz-begien galbaheak irazita. Joantxo —Herrenko, gehientsuenentzat— mutiko gaztea, poesiarako jaidura duena, jakin-minez betea da istorioaren gidaria, eta nerabearen bizitzarako iniziazioak eta bere barne-gatazkek hartzen dute protagonismoa eleberrian, dekoratua giro sozio-politikoak taxutzen duela. Nolanahi ere, eleberriko benetako protagonista Adela da, auzoko maistra aurrerakoia, narratzaileak bigarren amatzat daukana; eta Igerabidek asmatu du emakume horren bizitza mutiko gaztearen begietatik kontatzea hautatuta; hala, nerabearen begiradak nabarmenago egiten ditu emakumearen (eta baita gizartearen) kontraesanak eta drama. Halaber, hasieran narratzaileak idealizatuta dakusan Adelaren pixkanakako desmitifikazioak aukera ederra ematen dio idazleari zenbait gairen gaineko dialektikak aurkezteko, eta gogoeta irekiak formulatzeko, bi pertsonaia nagusien bizi-jarrerak aurrez aurre jarrita.

Maila desberdineko irakurketak ahalbidetzen dituen eleberria da Igekabiderena, bere soiltasunean oso aberatsa. Liburua bada iniziazio-nobela bat, baita garai historiko baten birkreazioa ere (ez da zaila nobelaren zinemarako egokitzapena irudikatzea), edo baita bizitzaren eta existentziaren gaineko gogoeta eta iraultzaren eta utopiaren ezinaren testigantza mingarria ere. Emaitza, irakurterraza izanik ere ausarta, sakona, eta oso humanoa den eleberria da, gurean garai historiko horretara hurbiltzeko egin den saiorik estimagarrienetakoa.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak