kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Zeruetako erresuma / Itxaro Borda / Susa, 2005

Lurrak eta zeruak Mikel Bujanda / Jakin, 2005-12

Itxaro Bordaren Zeruetako erresuma energia kontzentratua da. Osagai indartsuak akumulatu ditu. Erretratu kolektiboa da, izenburuarekin kontrastezko jolasean lurrari guztiz itsatsia, lurrari eta lurralde jakin bati, Ipar Euskal Herriari; dozena bat pertsona hautaturik, horietako bakoitzaren ibilera neketsuak, pairaturiko mesprezuak, komunitatearen arau itogarrietatik ihesi joandakoak, edo egotziak, tropelaren diziplinatik bazter geldituak, opilaren egiterat desherriratuak aletu ditu. Hezur-haragizko pertsona zinezkoak dira, aldika bizipozen eta garaipenen lortzaile, baina galtzaileak gehienbat, apaletsiak ia guztiak, apaltasun hori gizaseme ergel harro baten fanfarroikeriaren kontrapuntuarekin nabarmendurik; banakako istorioak dira baina noiz edo noiz ospakizun sozialetan elgarretaratuak, bakarkako kontaeren ondotik orok kanta eta dantza dezaten.

Biografiak ez dira beti besterenak; haste eta amaitze, liburuaren abiapuntu eta helmugan, baita erdi-erdiko atal batean ere, hor ageri dena narratzailea da, bere kolkotik mintzo da, intimitatearen barnetik, bizipen esperientzial egiazkoenetatik: haurtzaroa, etxea eta ama; maitasun ezina; helduaroa, heriotza, aita… Haur sortzearen harridurak eta heriotza-agoniaren latzak mugarriturik egituratua dago konposizioa; barnean bizia bera, banaka eta horien bilduma, kolektibitatearena. Guztiaren ondorioz, irakaspena, aitzina orduan.

Ez da edozer Zeruetako erresuma. Itxaro Bordaren espresio modua, borborka, sabel barnetik sortua da, zinezkoa, indomitoa, odol beroko zaldiaren pare. Hiperboliko iruditzeko beldurragatik ez dut opera magna gisako kalifikatzailerik erabiliko, bai ordea kalibre eta hats handiko lan bat dela. Bere horretan harturik, neurgailuaren eskalan oso gora dagoena. Potentzialitate handiko zirimola.

Besterik da erreperkusioaren neurria. Olatu handia eragiteko indarra izanik ere, gure panorama literarioan ez du, oraingoz bada ere, mugimendu handirik sortu. Axaleko uhina, gehienez ere. Harrabots zalapartatsuaren ordez, burrunba gor baten oihartzun moduko bat. Proportziorik ez dago.

Egia da: bere pertsonaiengan ageri den bera da Itxaro Borda idazlea: disidentea. Araupeko diziplinatik kanpo ibiltzeko ausardia eta arriskua harturik dabilena. Estandarraren ortodoxiatik libre, Itxaroren erresuma literarioan barneratzea ez da goiz erdi batean egin daitekeen ibilaldia. Zirkuitu balizatuetatik kanpoko lurraldea da. Basa ez bada ere, mendi goietako malkarretan menturatzean bezalako zerbait, irristaka ibili nahi ez bada, eskumakila ez ezik, pioleta eta kranpoiak behar ditu ibiltariak.

Horri gehitu lorategi urbano ibil errazetan promenatzera ohituta egonik, deseroso eta neketsu egiten zaigula oihan trinko sarrian ibiltzea.

Itzulingurutan has gaitezke hemen, idazleak norentzat ari den aintzat hartu behar ote lukeen eta gisa abar bilketan. Bitartean, nagiak astintzea komeni da, ibilaldia zenbat kosta, handiago iristearen gusta. Bada saria, agian hori bera da zeruaren metafora. Aitzina orduan.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak