kritiken hemeroteka

8.306 kritika

« | »

Vredaman / Unai Elorriaga / Elkar, 2005

Vredaman eleberriari buruzko zenbait kontu (nahiko nahaspilatuta jarriak) Gorka Bereziartua / EremuLauak.com, 2005-12-06

Irrikaz itxaron dugu azkenengo bi urteetan Unai Elorriagaren nobela berria, eta joan den azaroaren 18an “Vredaman” hau eskuartean izan genuenean, sekulako gosez irakurri genuen. Gosez, baina ez azkar, ez baitira bizpairu ordutan irakurri eta apalean uzteko liburuak izaten Elorriagarenak eta hau ere, ez dugu horietakoa.

Tomas izeneko ume baten ahotsa da liburuan azaltzen zaigun lehenengoa, eta haren eskutik ezagutuko ditugu hasieran nobelako beste protagonistak (umearen osaba eta errugbi zale amorratua den Simon, bere aitonaren bizitza ezagutu nahiean dabilen Mateo eta garai batean arkitekto ezagun baten andregaia izan zen emakume bat, Piedad izenekoa). Lau istorio beraz, linealak (denborarekin jokoren bat badago ere) eta sinpleak itxuraz. Itxuraz bakarrik, esaten denaren atzean mundu bat baitago.

Tomasen kontakizuna da eleberriaren pisua eramaten duena. Umearen begi xaloen bidez jakingo dugu bere aita ospitalean dagoela, eta horregatik eraman duela amak izekoren etxera. Momentu batzuetan Bernardo Atxagaren “Gauero aterako nintzateke paseatzera” hartako umearen traza hartu diogu Tomasi, agian zorigaitzaren aurrean dramatikotasunik gabeko begirada eskaini digulako. Ia konturatu gabe egiten du jauzi Tomasek gai batetik bestera, eta horri esker, eleberriko beste istorioak josi egiten ditu (josi, imanarekin biltzen dituen orratz galduak bezala) istorio bakar bat osatzeraino.

Liburuko beste hiru kontakizunetan errealismo magikoaren eta surrealismoaren artean mugitzen da Elorriaga. Istorio bitxiak eta pertsonaje are bitxiagoak biltzen dituzte osaba Simon, Piedad eta Mateoren kontakizunek: errugbi zelai bat eraikitzeko lan klandestinoan ikusiko dugu osaba Simon, Gur izeneko lagunarekin batera; urteetan bere senargaia izandako arkitekto famatua ahaztu ezinda bizi den Piedaden sekretua ezagutu nahian pasako dugu nobela erdia; Tomasen lehengusu Mateok bere aitonaren (Europako ebanistarik onenetarikoa) inguruko gauza gehiago jakiteko egingo dituen galdeketa saioak ikusiko ditugu.

Eleberriak irakurlearengan eragin dezakeen zalantzetako bat pertsonajeen sinesgarritasunaren ingurukoa da agian: Gur edo Aitite Julian bezalako jendea eguneroko bizimoduan aurkitzea zaila dela petnsa lezake norbaitek. Guk hala ere, ez dugu bat egingo kritika horrekin, iruditzen baitzaigu Aitite Julianen 16 misterioak sinesgarriak ez badira, ez direla sinesgarriak Oteitzaren 14 apostoluak ere. Gur izeneko pertsonajeari dagokionean, Xabier Mendigurenen blogean eginiko elkarrizketan Elorriagak berak azaltzen duenez, “pertsonaia honen gauzarik ederrena da benetan existitzen dela: Algortako lagun bat da Gur. Herrian “Guzur” esaten diote, atera kontuak hortik”.

Azkenik, ezin dugu alde batera utzi libelula urdina harrapatzearen kontua. Iñes lehengusinak Tomasi esandakoaren arabera libelula urdina harrapatzen duena izango da munduko pertsonarik inteligenteena. Eta Tomasek harrapatuko du bai, libelula urdina eta orduan konturatuko da inguruan duenaren benetako dimentsioaz. Inteligentziarekin batera heriotza zer den jakingo du Tomas haurrak, nobelako momenturik hunkigarrienean.

Zer gehiago esango dizuegu… Hasiera batean umearen ahotsak ez gintuela konbentzitzen, ez genuela ikusten kontakizunaren norabidea, baina lehenengo irakurketa amaitzerako gure aurreiritziak gainditu dituela Elorriagak. Nobela ona. Benetan ona, lagunok.

(Mila kontu airean utzi ditugula konturatu gara testua bukatzean. Agian beste batean hitz egin beharko dugu luzeago eta sakonago liburu honetaz, Elorriagaz eta bere beste lanez. Izan ere, geu ere libelula urdinaren bila ari gara, eta ez digu denbora libre asko uzten).

Azken kritikak

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Maddi Galdos Areta

Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña

Asier Urkiza

Izotz ura
Lide Hernando Muñoz

Nagore Fernandez

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Paloma Rodriguez-Miñambres

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak