kritiken hemeroteka

8.662 kritika

« | »

Berdin dio / Agota Kristof (Eskarne Mujika) / Alberdania, 2005

Bizitzaren hutsala Maider Ziaurriz / Berria, 2005-07-26

“Atzo” liburuarekin ezagutu nuen Agota Kristof, eta harritu egin ninduen; harritu, eta hunkitu. Barru-barrutik kontatzen baititu istorioak, errai-erraietatik. Batez ere prosaz idazten du, baina poesiatik oso gertu daude haren liburuak. Sinpleak, biluziak dira oso narrazio guztiak, baina oso berea du detaileei eta inpresioei erreparatzeko modua, eta horrek ematen die ukitu poetikoa testuei. Berdin dio liburuan ere idazlearen begiratu zoli horrekin egingo dugu topo.

Kontakizun laburrak eta hainbat gairi buruzkoak dira azken liburu honetakoak, baina denetan ageri da Agota Kristofen idatziei darien tonu dramatiko eta garratz hori. Ñabarrak dira ipuin hauetan adierazten diren emozioak, baina azkenean badago narrazio guztiak lotzen dituen sentimendu hari bat, irakurleari hasperen moduko bat eginarazten diona. “Atzo” liburuak eragiten duen zirrara hori bera, funtsean.

Narrazio bilduma honetako pertsonaia asko iragan minak jota daude. Malenkoniaz bizi dira, bakardade gorrian, eta txikitako egun zoriontsu haietara bueltatzea beste ametsik ez dute. Baina joan dira garai xalo haiek, eta jadanik ezer ez da lehengoa; dena aldatu da: etxeak, kaleak, jendea… norbera. Haurtzaroa idealizatu egiten du nolabait idazleak, eta urteek oinazea besterik ez dakartela erakusten. Inoiz bizi izandakoan harrapatuta daude pertsonaiak, beren baitaratuta, ameskerietan edo monotonian kateatuta. Denboran atzera egin nahiko lukete, eta dena hobea zen garaietara bueltatu. Baina ez daukate ihes egiterik.

Badirudi bizitzak iruzur egin diela pertsonaia hauei, eta desilusio beltzean amildu direla horregatik. Ez dute herrarik, ez gorrotorik, baina ez dute ezer espero, ez dago-eta espero izateko moduko ezer. Liburu osoan agertzen da pentsamendu hori, baina garbi-garbi adierazten zaigu Pentsatzen ipuinean: “Baina pentsatzen nuen bizitza ezin zela hori baino izan; ezer ez, alegia; bizitza zerbait izan behar zen, eta ni horren esperoan nengoen; haren bila ere banenbilen. Orain pentsatzen dut ez dela ezer espero behar; gelan geratzen naiz beraz, aulkian eserita; ezer egin gabe egoten naiz”. Hori da liburu honetako pertsonaien beste ezaugarri bat: egonean egotea, alegia. Oroitzapenak, anekdotak, sentsazioak kontatzen dira batez ere, baina ez dago ekintza handirik, ez bizitza zentzugabe hori aldatzeko gogo bizirik; eta, ezer egiten saiatzen badira, berehala zapuzten zaizkie asmoak, edo ekintza makabroak egiten dituzte. Azkenean, ondorio hau ateratzen da hortik: ezerk ez du merezi ezer egitea; berdin dio denak, inon ez baitago ondo egoterik.

Horregatik, bakardadean etsitzen dute pertsonaiek, eta tristura mingotsera ohitzen. Ohiturak konformismoa dakar, eta konformismoak ezaxola. Pertsonaien ilusioa eta bizi-nahia itzali ditu egunerokotasunak, asperrak eta atsekabeak. Hondo-hondorainoko zauriak dituzte; tarteka irribarre ere egiten dute, baina irribarre etsia da, eta horrek are nabarmenago egiten ditu zauri horiek. Bizitzari kanpotik begiratzen diotela dirudi, begi aurrean pasatzen ikusiko balute bezala, bizi beharrekoa bizi balute bezala. Heriotza ere modu obsesiboan agertzen da narrazio hauetan, baina ez modu beldurgarrian. Bizitzaren parte bat gehiago da heriotza, natural-natural hartzekoa; areago, bizitzaren aringarria ere bada: “Beldurra eman dezakeen gauza bakarra, min egin dezakeen bakarra, bizia duk, eta hik dagoeneko ezagutzen duk”. Bizitzaren ikuspegi ezkorra ematen du, beraz, Agota Kristofek, baina ikuspegi gogor hori estilo finez janzten du. Ez da fio sentimenduak adierazten dituzten hitzez, eta, horregatik, hitzez harago doa: egoerak deskribatzen ditu, ameskeriak, joandako garaiak, bizitzaren absurdoa… eta sentimenduek gainezka egiten dute, hitzez beste.

Ondo kontuan hartzeko idazlea, dudarik gabe.

Azken kritikak

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak