kritiken hemeroteka

8.302 kritika

« | »

Berdin dio / Agota Kristof (Eskarne Mujika) / Alberdania, 2005

Berdin dio Iñigo Roque / Gara, 2005-06-25

Ez da txukuna, barren, iruzkinak Pernandoren egiak esanez hastea, baina oraingoan ezinbestekoa da. Norberaren aldarteak berealdiko garrantzia du liburuei heltzean, eta aldartea ia egunetik egunera aldatzen da, norat-haize-harat-aise horietakoa izan ez arren. Liburu honi ekiten dionak, horrenbestez, ez du zulo beltzerako joerarik izan behar, irakurgaia ez baita lasaigarria, ezta hurrik eman ere.

Euskaraz plazaratutako Agota Kristofen hirugarren liburua dugu honakoa; aurrekoetan legez, Eskarne Mujikak txukun bai txukun euskaratua. Lehenbizikoak, “Koaderno Handia”k, harrera ikusgarria izan zuen, inork uste baino handiagoa, seguru asko. Hala ere, egingo nuke, literatura-arrazoiekin batera, gure hizkuntzaren egoerak eta ikasbideak izan zutela zerikusia: testu erraza, itxuraz ume batek idatzia, eta euskaraz oso dotore emana. “Kutsidazu bidea, Ixabel”ek eta antzeko lanek izandako arrakasta bera izan zuen, nire aburuz; osterantzean, ezin uler daiteke gisa horretako liburuak hainbeste irakurle erakartzea.

Liburu hau “Atzo”ren jarraipen halako bat da. “Atzo” irakurri zutenek gogoan izango dutenez, liburu hartan erbestean bizi zen langile baten bakartasunaz, alegiazko maitasunaz eta bizimodu trauskilaz mintzatzen zitzaigun Agota Kristof. Liburuko pertsonaia nagusiak, Sandor-ek, “mentalki” idazten zuen, eta idatzi ipuin hits lazgarriak. Konparazio batera, “Pentsatzen” ipuina liburu bietan ageri da: batean, Sandorrek gogoan idatzita; oraingo honetan, berriz, bildumako gainerako kontakizunekin batera.

Aurreko liburuetan bezala, kontakizun guztiak ezlekuetan gertatzen dira, hiri handietan nahiz herri txikietan. Guztietan, gaur egungo gizartearen kritika garratza agertzen da, etsirik, esperantzarik gabe. Ironia edo zinismoa erabili beharrean, arau sozialak puskatuta, koordenaturik gabe dabiltza pertsonaiak. Andre batek itauntzen dio beste bati: “Zer moduz haurrak?”. Eta besteak erantzun: “Momentuan bi bakarrik dauzkat gaixorik?”. Absurduaren literatura da, baina patetismora, izugarrikeriara edo gehiegikeriara lerratua.

Alerik ale, gaur egungo gizarteko gaitz guztiak aurkezten dira: denborarik eza, sabelkeria, burukoikeria, kontsumismoa, neurriz gaindiko garapena. Eta horien parez pare, kezka klasikoak ageri dira: mendekua, heriotza, bizitza… Zail da halakoez gauza berririk eranstea, eta, horregatik, Kristof logikaren eta gustu onaren mugaldeetan alderrai dabil (zer ote da gustu ona?). Tarteka, esaldi biribilak ontzen ditu; adibidez, lubakiko soldadu haren galdera: “Noiz arte egon behar dugu gure hilei negar egiten eta mendekatzen?”. Baina esperantzak ñir-ñir egiten duenean, zapla!, idazleak amatatu egiten du. Gogoan al duzue Poeren “Amontillado upela” zirraragarria? Amaiera zoriontsurik ez bilatu.

Agota Kristofen estiloaz nahikoa luze eta zabal hitz egin da honezkero, baina merezi du ostera ere nabarmentzea haren soiltasuna eta idaztankera. Atzerriko hizkuntza darabilen erbesteratuaren estiloa da, sastakai lako perpaus txikiz, perpaus eragingarriz moldatua. Eskertzekoa da, batzuetan, paragrafo puzgarrietatik haraindian ibiltzea. Gainera, horrela errazago sartzen da mezuaren garratza, eta arintzen bihotzerrea.

Batzuetan badirudi etsia baino ez dagoela liburuan, deiadar hutsak direla kontakizunak, idazlearen tema zirkularren formulazio berriak. Batzuetan amorrua gustagarriagoa da, esperantzarik eza baino. Dena den, ariketa polita da liburua. Kontakizunen, aitorkizunen lehenengo pertsonatik hirugarrenera eramaten gaitu, elkarrizketa hertsagarrien artean.

Azken kritikak

Ulu egiteko bolondres bila
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Irati Majuelo

Transgresioa irakasgai
Bell Hooks

Bestiak Liburutegia

Manttalingo alaba
Mikel Etxaburu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Airemortuak
Gorka Salces Alcalde

Asier Urkiza

Haragizko mamuak
Karmele Mitxelena

Nagore Fernandez

Zoriontasunaren defentsan
Epikuro

Aritz Galarraga

Zeru-lurren liburua
Jon Gerediaga

Aitor Francos

Ez naiz ondo akordatzen
Karlos Linazasoro

Sara Cabrera

Gizon barregarriak
Joxean Agirre

Sara Cabrera

Ura ez baita beti gardena
Xabi Lasa

Irati Majuelo

Gaueko azken expressoa
Eneko Aizpurua

Ibon Egaña

Carvalho Euskadin
Jon Alonso

Aiora Sampedro

Gizadiaren oren gorenak
Stefan Zweig

Jon Jimenez

Artxiboa

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

2023(e)ko azaroa

2023(e)ko urria

2023(e)ko iraila

2023(e)ko abuztua

2023(e)ko uztaila

2023(e)ko ekaina

2023(e)ko maiatza

Hedabideak