kritiken hemeroteka

8.528 kritika

« | »

Ahardikeriak / Marie Darrieussecq (Joxan Elosegi) / Alberdania, 2004

Metamorfosi soziala Iñigo Roque / Gara, 2005-02-19

Marie Darrieussecq-en lehenbiziko liburua dugu honako hau, frantsesezko originala plazaratu eta zortzi urtera euskaraz emana. Ez ahal da azkena izango.

Liburua oso zuzena da, edo zuzenekoa. Ez da milikeriatan aritzen, ez inguru-minguru. Lehen orrialdean bertan, bere burua aurkezten digu protagonistak. Egoera sozialez, langabea da; Parisko langile-auzo batean bizi, eta gutxieneko soldata baino ez du desio. Egoera sentimentalez, zoritxarrekoa, dohakabea. Baina batik bat, maleziarik gabekoa da.

Liburuak hiru atal nagusi ditu: protagonista lurrin-denda batean lanean aritzen den garaia; Sozial-Frank-Progresismoaren diktadura eta Yvanekin bizi izandako aldi laburra.

Lurrin-dendan, lurrinak eta laztanak salduko ditu (“Ez nekien oso garbi non zehazten ziren nire kontratuaren eta ohitura onen arteko mugak”); zuzendariaren nahikariei men egingo die; eta ez da lotsa izango, ezta kexu ere. Bazkalorduetan baino ez du bakerik, hiriko parke trauskil horietako batean, txorien kantuei adi, zerura begira. Miragarrizko paisaiak marrazten dizkigu idazleak. Errealitatearen beste aldea dira, benetako oasiak. Orduan hasiko da pertsonaia itxuraldatzen.

Amorante baten imurtxia beltzune bihurtuko da; eta hura, ugatz. Neska gizentzen hasiko da neurriz gaindi; bost atzamarrak hirura etorriko… Orduz gero, mutil-lagunarekiko harremana zitaldu egingo da. Halako batean, adiskidetu nahian, mutilak plazer-leku batera gonbita egingo dio. Bertan, Edgar ezagutuko du, politikaria eta presidentegaia. Berehala hasiko da hondamena. Mutil-lagunak etxetik egotziko du, eta parkean bizitzen jarriko da. Hala ere, ez dio inori ere aiher izango.

Edgar eta haren jarraitzaileak botereaz jabetzen direnean, senperrak ikusiko dituzte askok (“Ez zen beltz askorik ikusten kalean”). Protagonistak, guztiarekin ere, ez du galduko diktadorearenganako uste ona, eta harengana heltzen ahaleginduko da, Zentsuraren Bulegoaren bitartez. Egin dezagun Fronte Nazionala gailentzen dela hauteskundeetan.

Baina protagonista ez da beti ahardi, gizaki eta ahardi arteko zerbait izaten da. Gizabidez tratatzen dutenean, giza itxura hartzen du berriro: liburuak irakurtzean (jateko lehorregiak ei dira), maitasun apur bat ematen diotenean, garbi dagoenean… Askorik ere ez da behar, zerri ez izateko.

Diktaduraren garaia amaituta, gizotso batekin maiteminduko da, Yvanekin (hura ere ez edozelako arraina izandakoa). Arazo bakarra izango dute, ilbeteko gauetan odola lortzea, otsoaren gosea asetzeko, baina (ahardia bai, ez zozoa) pizzak eskatuko dituzte, pizza-banatzailea jateko, tipula, piper, tomate-saltsa eta guzti.

Protagonistak berak kontatzen dizkigu horiek guztiak, paragrafo luzeetan, deslai, etorriari jareginda, irakurleari atsedenerako tarterik utzi gabe. Irakurlea hurrengo esaldiari igarri ezinik ibiliko da, astakeriekin soraio, antropofagia-saioak irakurtzen, eguraldiari buruzko aipuak balira bezala. Baina kontalariak gaztigatu egingo du; barka eske hasten du liburua.

Euskarazko testua bikaina da, joria, zurruntasunik eta margultasunik batere gabea. Lehendik ere bagenuen Joxan Elosegiren antzearen berri. Estilista dotorea.

Alegia modernoek ez du izaten ipuinondo inpliziturik, norberak atera egin behar. Nik neuk atera ditut banaka batzuk. Garrantzizkoena, estoldak gordeleku bikainak direla, pirañei eta krokodiloei guardia emanez gero. Komeni da, halaber, liburuko pertsonaiak inguruko jendearekin identifikatzea, satirak lasaitu egiten baikaitu. Kurrin, kurrin. On egin dagizuela.

Azken kritikak

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Asier Urkiza

Amok
Stefan Zweig

Nagore Fernandez

Auzo madarikatua
Felix Urabayen

Jon Jimenez

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Amaia Alvarez Uria

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Joxe Aldasoro

Bisita
Mikel Pagadi

Mikel Asurmendi

Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell

Asier Urkiza

Eresia
Goiatz Labandibar

Nagore Fernandez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Paloma Rodriguez-Miñambres

Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren

Mikel Asurmendi

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Jon Jimenez

Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide

Paloma Rodriguez-Miñambres

Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak