kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Gerrako pilotu / Antoine Saint Exupery (Josu Zabaleta) / Alberdania / Elkar, 2003

Gerraren absurdoa Gotzon Hermosilla / Berria, 2004-05-01

Ipar Euskal Herriko irakurleek, seguru asko, beste pertzepzio bat izango dute, baina Hegoaldeko literaturzaleentzat (eta frantsesaren hizkuntz eremutik kanpoko gainerakoentzat ere bai, apika) Antoine Saint-Exupery Printze txikia lan ezagunari lotua dago ezinbestez. Saint-Exupery ez da lan bakarreko idazlea, baina, beste hainbat kasutan jazo legez, lan bakar batek gaina hartu die gainerakoei eta hark egin du egilea ezagun mundu osoan barrena. Printze txikia, haur literaturaren klasiko ukaezina, munduko hizkuntza askotara itzulitako liburua, umetan gehienok irakurri duguna: batzuen ustez, sentsibilitatez beteriko istorio hunkigarria (“negarra eragin didan lehenengo eta azken liburua”, lagun batek ziostan moduan; duela gutxi, Fun People hardcore taldeko abeslariari elkarrizketa egin nion eta konturatu nintzen, harriturik, Saint-Exuperyren pertsonaia besoetan tatuaturik zeramala); beste batzuen aburuz, ordea, goxoaren goxoz bihotzerrea sortzen duen ipuin mengel moralkeriaz betea.

Saint-Exuperyren gainerako lanetatik orain arte ez dugu izan bakar bat ere euskaraz irakurtzeko aukerarik, baina duela gutxi Alberdaniak eta Elkarrek Gerrako pilotu plazaratu dute, Josu Zabaletak itzulia, Literatura Unibertsala sailean. 1942an idatzia, Printze txikia baino urtebete lehenago, hemen ere, Saint-Exuperyren beste hainbat lanetan bezala, egileak hegazkin pilotu gisa izandako eskarmentua hartzen du oinarri eleberria idazteko.

Istorioa xumea da oso: Saint-Exupery gerrako pilotu eta Errekonozimenduko 2/33 Hegazkin Taldeko kide da Bigarren Mundu Gerran. Naziak azkar asko ari dira Frantzia inbaditzen, armada frantziarra ez da erasoa gerarazteko gauza eta etsipena nagusitzen hasia da. Ingurumari horretan, errekonozimendu misio bat agintzen diete Saint-Exupery eta beste bi laguni. Badakite horrelako hegaldietan abiatzen diren hiru hegazkinetatik bakarrak lortzen duela itzultzea; badakite, gainera, misio horretan lortuko duten informazio guztia alferrikakoa izango dela, armadako buruzagiekiko komunikazioa etenda dagoelako eta informazio hori nori helarazi ez dutelako. Eta, hala ere, abiatu egiten dira. Tiroketa jasango dute, baina, azkenean, bueltatzea lortuko dute.

Ikusten denez, anekdota txiki baten gainean eraikita dago eleberria. Mamia, baina, beste nonbait dago: hegaldian oroitzapenak, sentsazioak eta gogoetak tropelka datozkio gogora egileari, eta xehe-xehe kontatzen dizkigu. Hori da, hain zuzen, liburu honen funtsa.

Saint-Exuperyren ustez, eurek egiten dutena ez da gerra, gerraren simulakroa baino. Armada frantziarra gainbehera geldiezin batean amildurik dago, etsipenak jota, eta etsipen hori gizarte osora hedatzen da apurka-apurka. Egoera endekatu eta ustel horretan, gerraren absurdoa bere indar osoz agertzen da: herri osoak hustu egiten dira, herritarrek nora joan ez duten arren, buruzagiek ezertarako balio ez duten aginduak ematen dituzte eta agindu zentzugabe horiek betetzearren soldaduek bizia galtzen dute…

Eleberria erabat ideologikoa da, batez ere azken atala. Egileak moral zahaberritu bat proposatzen du egoerari buru egiteko, eta nazionalismo frantziarra eta mendebaldeko zibilizazioaren balioak sutsuki goresten ditu. Baina, liburua amaitutakoan, irakurleari sentsazio arraroa gelditzen zaio, eta bere kautan pentsatzen du, egileak ziur aski oso bestelako helburuak eduki arren, liburu honetan agertzen dirten hainbat pasarte antimilitarismoaren antologia batean sar zitezkeela, nahiz eta paradoxa iruditu. Batzuetan, literaturaren bideak erabat bihurriak dira.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak