« Espioi bat Alemanian | Bizitzaren bueltak »
Zoririk ez / Imre Kertész (Urtzi Urrutikoetxea) / Elkar, 2003
Bizirik irautea Mikel Garmendia / Gara, 2004-05-01
Pentsatzen jarrita, eta gutxieneko zintzotasun batekin, gomendatuko al nioke liburu hau lagun bati? Bai. Baina —horra, hasieratik hasi naiz bainaka—, ez liburuaren literatur balioarengatik, ene ustez ez baita hori, hain zuzen ere, eleberri honen alderik aberatsena. Markatuta uzten duten eleberria da, ordea, Zoririk ez. Hain egoera lazgarrien kontakizuna bera zirraragarria gertatzen da eta are zirraragarriagoa Imre Kertészen deskribapen zehatzei esker. Markatuta uzteaz gain, zer pentsatua ematen du eleberri honek. Lehenik eta behin, gizakion izaera bera da bere gordinean azaltzen zaiguna. “Homo homini lupus” ezaguna, batetik, arrazakeriaren zentzugabetasuna, besterik, eta, horiekin batera, gizakion krudelkeria.
Bada, ordea ahalegin bat Kertészen kontakizun honetan sentimentalismoari ihes egitekoa. Jakinaren gaineko ihes egitea, gainera. Kertészek berak horixe kritikatzen baitio Spielbergi “Shindlerren zerrenda” filmaren harira: “Spielbergek ez du ideiarik ere hura zer izan zen eta nahastu besterik ez du egiten”. Eta lortu ere lortzen duela esango nuke sentimentalismoan ez erortzea. Tarteka iradokitzen dizkigu, ordea, zenbait mezu eta gogoeta. Hamabost urteko gazte baten esperientzia eta ikuspegia, derrigorrez bat-batean gizondu eta bere kabuz, inongo babesik gabe, aurrera egin behar duen mutikoarena. A ze bidetan barna, gainera: Auschwitz, Buchenwald eta Zeitzeko kontzentrazio-esparruetan barna.
Helburu bakarra izango du urte eta erdiko infernu horietan: bizirik irautea. Eta hori besterik ez. Ia ez dago denborarik ere egoera kritikatzeko, egoerari buruzko aipamen eta iritzi kritikoak ematen aritzeko. Are gehiago dena, egoera erabat gogorrak zertxobait leuntzen doazen heinean, presoak sumatzen edo nabaritzen hasten diren zoriontasun moduko bat, askatasun dosi bat ere aipatzen dizkigu Kertészek bere eleberrian. Alde horretatik, bizi egiten dugun kontaketa dugu, haren lekuan jartzen gara nahitaez, haren angustiak eta arinduak geureak balira bezala bizitzen ditugu. Eta ez da lorpen makala.
Eleberriaren izenburuak berak jasotzen du ondoen protagonista gazteari behin askatasuna lortzen duenean gelditzen zaion sentsazioa. Guztiz gogortu da urte eta erdi horretan eta, zer sentimendu gelditu zaion galdetzen diotenean, argi eta garbi erantzuten du: gorrotoa.
Ez nuke, hortaz, zalantzarik, behin baina horiek jarrita, liburua lagunei irakurtzea gomendatzeko. Gutxieneko zintzotasunez jarduteko asmoa azaldu dut arestian, eta horrexegatik aipatuko nioke, derrigorrez, ondorengo hau ere, liburua irakurtzeko gomendatuko niokeen edonori: Zoririk ez eleberriak zer pentsatua ematen badu, ez du zer pentsatu gutxiago ematen Santiago Alba Rico-ren “Imre Kertész, premio nobel al Sionismo” artikuluak, www.rebelion.org helbidean irakur daitekeenak. Labur beharrez esango dugu izugarrikeria bizi izan duen pertsona baten testigantza dela Zoririk ez eleberria. Baina hura izan al da gizateriak jasan duen izugarrikeria bakarra? Ez al dute izugarrikeria bera bizi gaur egun, besteak beste, palestinarrek eta irakiarrek? Horra Santiago Albaren kritikaren funtsa.
Nolanahi ere, eta eskuartean dugun eleberrira itzuliz, irakaspenak ateratzeko liburua da honakoa, inondik ere. Gure historian gertatutakoa gurea den bezala, geroa bestelakoa irudikatzeko gogoeta eta planteamenduak egiteko egundoko balioa du kontakizun honek; aurrera baitago begiratu beharra ezinbestean. Hona Kertészen beraren hitzetan esana: “Auschwitzen eragin traumatikoez hausnartzen dudanean, paradoxikoki, gehiago ari naiz etorkizunaz hausnartzen iraganaz baino”.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria