« Poesia erromantikoa | Oroimenaren teatroak »
Kolosala izango da / Joseba Sarrionandia / Txalaparta, 2003
Gerra ez da haur jolasa Maider Ziaurriz / Berria, 2004-01-17
Tarteka, udazkenaren amaiera aldera, bisita egiten digu Joseba Sarrionandiak, liburu baten orrialdeetan iragazita. Orain hurrena, duela bi urte izan zen. Ez da oso isilaldi luzea izan, beraz, Lagun izoztua eleberria argitaratu zuenetik. Kolosala izango da azken liburua ere eleberria da, eta Durangoko Azokan aurkeztu zuen Txalaparta argitaletxeak. Izenburuan bertan iragarria zuen Sarrionandiak handia izango zela, eta halaxe gertatu zen, jendeak, literatur egarriak balego bezala, ia agortu baitzituen azokara eramandako aleak. Eta ez da literatur faltagatik izango, euskaraz ere gero eta zabalagoa baita aukera; baina badirudi liburu kolosalak nahi dituela jendeak, idazle kolosalek idatzitako liburu kolosalak, alegia. Izan ere, ez dira asko gurean halako oihartzuna lortu duten idazleak, eta horien artean sartzen da Sarrionandia, bere literatura bereziarekin jendearen estimu osoa bereganatu baitu.
Asko hitz egin eta idatzi da Sarrionandiaren lanaz, eta halako errespetua ere ematen du idazle sonatu baten eleberria ahotan hartzeak; horregatik, irakurlearen ikuspegitik ariko natzaizue, 36ko gerran Kalaportun bisitari izan denaren ikuspegitik.
Herri txikia da Kalaportu. Bizkai aldean dago, nonbait. Eta hara ere iritsiko da gerra, tan tan tatan tan hotsez. Eta Kalaportuko haurrek azkenean aurkituko dute herriko martxa geldoa bizitzeko jolasa, jostailuzko pistolak utzi eta benetakoak miresteko aukera. Eta gerrako zirkua tan tan tatan tan danbolin soinuz iragarriko dute, eta herriko mutilek kolosala izango dela usteko dute. Soldaduak, gudariak, milizianoak ikusiko dituzte aurrera eta atzera; tan tan tatan tan, batzuk etorri eta besteak joan; eta haien tartean ibiliko dira jolas kolosalean, beren tiragomekin bati eta besteari tiroa joz; komunistak eta falangistak jolas horretako rolak baino ez baitira izango beraientzat; gorri zein urdin, txokolatea emanez gero, berdin. Azken batean, jolasaren parte dira koloreak. Eta hori beste inork baino hobeto ulertuko dute; kolorea eta bandoa gorabehera, adiskidetasuna eta pertsona jolasaren gainetik jarriko baitituzte eleberriaren protagonista diren mutikoek. Eta gerra egin eta ikusi nahiko dute; gerra jolastea bezalakoa baita. Baina gudariek ez dute beraiek espero duten gerrarik egingo; ez dira borroka handi baten lekuko izango, ez dute odola isurtzen ikusiko, ez tiro hotsik entzungo, eta gehiago nahiko dute. Azken finean, gerrara jolastu nahi diren mutil kozkorrak baino ez dira; baina gerrak ez du barkatuko, eta arrastoa utziko du pixkanaka; eta haurrek berehala heldu beharko dute, ezinbestean aurrera egiten ikasi beharko dute. Gerra beste nonbait egiten dutela irudituko zaie, baina azkenean etxe barruraino sartuko zaie, eta horixe izango da batailarik gogorrena. Kaleko gerra ikustea jostagarria baita; ez, ordea, gurasoak gerran ikustea. Hori negar egiteko modukoa da. Gainerakoa jolasa da, Alemaniatik etorriko den zirku kolosala.
Hamaika urte inguruko mutiko baten ikuspegitik kontatzen dizkigu Sarrionandiak eleberri honetako gorabeherak; eta zirrara berezia eragiten du haur bat narratzaile jartzeak, gerra helduen kontua baita, haurrak eta emazteak etxean utzi eta gizonen artean egiten dena. Baina haurrek helduen jolasak maite dituzte, eta topo egingo dute gerraren gordinkeriak eta haurren xalotasunak. Izan ere, ondo baino hobeto lortu du Sarrionandiak mutiko baten begietatik gerraren erretratua egitea. Erraz irakurtzen den eleberria da, gainera; kontakizuna hamaika urteko mutiko baten ahotan jartzen duenez, hizkera ere nahiko laua baita. Esan bezala, beste behin ere liburu kolosala utzi digu Sarrionandiak, ohi duen moduan. Orain, hurrengo bisita noiz egingo zain gelditu beharko dugu. Dudarik gabe, horrelako eleberriren batekin badator, berriz ere hustuko ditu apalategi guztiak.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez