kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Helloak Txinan / Jon Abril / Txalaparta, 2003

Begiraden ebazleak Oier Guillan / Gara, 2004-01-10

Jon Abril kazetariak Txinara eginiko bidaiari buruzkoa da honako liburua. Iragan gertuaren eta mendebaldeko modernitatearen zentzu kapitalistaren erdian dagoen herriaren erretratua.

Gaur egun bizi dugun gizarte sasimediatizatu honetan, gero eta zailagoa dirudi harridura sortaraz dezakeen ezer aurkitzeak. Zenbat aldiz entzun dezake pertsona batek “Txina” hitza bere bizitzan, sekula benetan ezagutzera iritsi gabe? Hori izan liteke globalizazioaren tranpetako bat: kultura bat ezagutzeko grina piztu beharrean, konformismo digitalean murgiltzea.

Txina aurrez aurre ezagutzeko berrogei eguneko bidaia abiatu zuten Jon Abril kazetariak eta Asier Gogortza argazkilariak, Hello edo turisten estatusa kendu gabe, baina, era berean, ibilbiderik ohikoenak neurri batean ekidinez. Ez du irakurleak zirrara izugarria ekarriko dion bidaia liburu edo abenturarik topatuko bertan, ez Txinako egoeraren azterketa sakonik ere. Alde horretatik, liburuan barneratu ahala kontaketa hankamotz suertatzen dela senti liteke agian, baina autoreak zintzoki jokatzen du hasieratik: kronika liburua da hau, kazetaritza lana, eta arlo honi dagozkion ezaugarriei heltzen die funtsean. Ezaugarri hori aintzat harturik eta kronika lanetik areago joateko pretentsiorik gabe, gustora irakur liteke liburua.

Bi protagonistek une oro paisaia, hiri, ohitura eta bereziki pertsonengana gerturatzeko saioa egiten dute. Argazkilarien moduan, begiena baino, begiradaren erretratua egiten saiatzen dira. Ildo horretan irakurleari eskergarriak egiten ahal zaizkion datu historikoak tartekatzen ditu Abrilek, dela erlijio, pertsonaia ezagun edo aktualitatezko egoera bati buruzkoak. Edonola ere, kazetaritza tonu hutsa tankera honetako liburu batean apur bat errepikakorra suertatzen ahal da. Lerro artean edo zeharka azaltzen diren zenbait pasartetan protagonistei, kronika hutsetik areago, kontaketa askoz gehiago aberas dezaketela atzematen ahal zaie. Irakurleari, tarteka, keinu gertuagoak egiten zaizkio, baina erdibidean gratzen dira. Ene aburuz, kultur ezberdin batekiko harremanean pertsona batek sentitutakoak kultura hori ezagutzeko eta irakurlea bide batez narraziora gehiago gerturatzeko balio lezake, kazetaritza-ezaugarriei muzin egin gabe.

Bestetik, kronikari dagokionez, badira han izan ez denak protagonisten intentsitate berarekin bizi ezin dituen datu eta zehaztapen txiki asko, tonuaren sentsazio errepikakor hori areagotzen dutenak. Edonola ere, egunez egun egindako jarraipena da bertakoa eta ulergarria da ez izatea une oro intentsitate berekoa. Tarteka azaltzen diren zeharkako elkarrizketak islatzeko moduan ere sumatzen ahal da zeintzuk izan daitezkeen protagonistentzat unerik erakargarrienak. Naxi eta Mosuo kultura gutxituen egoera eta izaera azaltzen dituzten pasarteetan kasu, kontaketa orekatuagoa da erritmo eta eduki aldetik, eta liburu osoaren harian unerik erakargarri eta sentituenak suertatu daitezke.

Iragan gertua eta mendebaldeko modernitatearen zentzu kapitalistaren erdibidean nolabaiteko trantsizioan dagoen Txina erakusten du Abrilek. Epe ez oso luzera mundu mailan ekonomia garrantzitsuenen artean koka daitekeen estatu baten barne kontraesan bizia, Maok komunismoa ulertzeko zuen moduaren itzalean txirotasuna eta, era berean, izugarrizko aberastasun kulturalaren artean murgildurik dabilen herri harrigarria. Txina ezagutzen ez duen irakurlearentzat zertzelada baliagarriak izan daitezke honakoak, une honetan bertan hango bizimodua izan daitekeenaren isla.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak