kritiken hemeroteka

8.601 kritika

« | »

Ahots bilduma / Gonzalo Etxague / Alberdania, 2003

Eroaren arrazoiaz Ibon Egaña / Berria, 2003-12-20

A: Estepan eskizofrenikoa da. Bere familiarekin bizi zen baserrian, harik eta burua erabat galdu eta bere ama aitzurrez hiltzea erabaki zuen arte. Ospitale psikiatrikoan ingresatu behar izan zuten ondoren eta elektroshock bidezko terapia ezarri. Haurtzaroan izandako trauma batek iratzarri eta indartu zion bere eritasuna. Buru barruan ahotsak entzuten dituela dio, eskizofreniaren ondorioz. Hala diote medikuek.

B: Estepan oso pozik bizi zen baserrian, familiarekin. Egun batez, ama hil behar izan zuen aitzurrez zahartzaroak ekartzen zion sufrimendua gehiago jasan ez zezan. Hala agindu zioten lagun zituen ahotsek. Amari mesede hura egin ziola eta Etxe Zurira eraman zuten, oporretan, bere ekintza mesedegarria eskertzeko asmoz. Hala dio Estepanek.

A eta B. Eroaren ikuspegia eta medikuaren egia, normaltasuna eta anormaltasuna, zentzua eta zentzugabea bildu ditu Gonzalo Etxaguek Ahots bilduma narrazioan. Eromena gai eta oinarri hartuta, errealitate horren gaineko bi ikuspegien talka eta kontrastea azaltzen ditu nobela labur honek. A izendatu dugun ikuspegia, zentzudunarena, da nagusi eta jaun eguneroko bizitzan nahiz fikzioak eromena erretratatzen duenean, baina B ikuspegia hartu nahi izan du Etxaguek bere lanean. Estepani lehen pertsonan hitz egiten utzi dio, narratzailearen papera eman, bere egia azal dezan.Norberari dagokion zeregina da inguratzen duten gertakariak, ekintzak, objektuak harremanetan jartzea eta bera protagonista duen narrazioa osatzea. Hain justu, norberak ezartzen dituen kausa-ondorio erlazioen arabera itxuratzen da errealitatea deritzan narrazioa. Gertakariak eta kanpo mundua berbera izan arren, bi errealitate dira A eta B: Estepanena eta medikuena. Eta nork bereak ditu logika eta arrazoibideak. A-k B-k bezala. B-k A-k bezala. Chestertonek idatzi zuenez, “eroa, arrazoia ezik beste guztia galdu duena da” eta hain zuzen, eroak bereak dituen arrazoibideak biltzen ditu Etxagueren lanak. Eroaren narrazioa, eroaren errealitatea, besteena bezala, lege eta muga berezkoek arautzen dute. Eroak bere errealitatea zedarrituko duten arau moral eta etikoak garatzen ditu eta hauen araberako jarrera hartzen. Hala, Estepanen kode moralak ahalbidetuko du inor hiltzea, sufrikarioa etetekotan. Bi moral horien arteko talkak islatzen ditu, beraz, Etxaguek Ahots bilduma-n. Agerian utziz nola norberak garatzen duen bere kodea eta horren arabera jokatzen. Eta talka horiek tragikoak eta dramatikoak diren arren (heriotzak, hilketak, elektro-shockak), umorea baliatu du Etxaguek A eta B ikuskeren arteko leizeaz jarduteko. Umore heldu eta fina, arma gisa erabiliz Estepanen ekintza itxuraz justifikaezinak eroaren ahots eta moraletik arrazoituz irakurlearengan sortzen den harridura, ustekabea. Anitz dira, bada, bere txikian liburuak zabaltzen dituen irakurketa-aukerak. Bere txikian diogu, laurogei orri inguruko narrazioa baita Ahots bilduma, Etxagueren lehen argitalpena. Zail da halako lan laburraz idazlearen unibertso literariora sakon iristea, baina susmoak ditugu liburu txiki honek narratzaile handia ezkutatzen duela atzean. Euskal literaturako izen handi zenbait etorri zaizkigu gogora Etxagueren narrazioa irakurri ahala. Izan ere, argitaraturiko lehen lana izanik, luma harrigarri zaildua erakusten du madrildarrak; narrazioaren teknikak eta baliabideak ondo ezagutu eta ustiatzen dakien idazlearen luma. Ez baita erraza idazlearentzat eroaren ikuspuntua hartu eta bere baitan logika eta zentzua izango duen mundu koherentea sortzea; guztia airezko gaztelu huts bihurtu gabe testuari gorputza eta sinesgarritasuna ematea. Narrazioaren zirrikitu guztiak zaindu eta kontrolpean izatea eskatzen du horrek eta airoso atera da Etxague atakatik. Beharrezkoa zuen, halaber, Estepan narratzaileari egokituko zitzaion hizkera, ahotsa lortzea eta horretan ere estimagarria da Etxagueren trebetasuna. Esamolde berriak, espresio bide berriak bilatzeko ahalegina sumatzen da testuan zehar, klixeak eta esaldi erabiliegiak gainditzeko nahia eta horrek, jakina, ausardiaz gain hizkuntzaren gaineko ezagutza sakona ere eskatzen eta erakusten du. Euskal narratiba ereduen ekarriak ez ezik ahozko literatura eta hizkuntzarenak ere bere egin ditu Etxaguek, hala iruditu zaigu, haratago, berezko hizkuntza definitze aldera abiatzeko. Hurbiletik zaindu beharrekoak, zalantzarik gabe, Etxagueren hurrengo urratsak.

Azken kritikak

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Maddi Galdos Areta

Esker onak
Delphine De Vigan

Irati Majuelo

Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde

Gorka Bereziartua Mitxelena

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Hasier Rekondo

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Maialen Sobrino Lopez

Erroen izerdia
Jone Bordato

Nagore Fernandez

Azken batean
Lourdes Oñederra

Asier Urkiza

Izena eta izana
Jon Gerediaga

Jon Martin-Etxebeste

Enarak
Bernardo Atxaga

Mikel Asurmendi

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Irati Majuelo

Herioa Venezian
Thomas Mann

Aritz Galarraga

Azken batean
Lourdes Oñederra

Ibon Egaña

Goizuetako folkloreaz
Patziku Perurena

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Asier Urkiza

Artxiboa

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

Hedabideak