« Aurkia ifrentzu | Ugerra eta kedarra »
Riga - Erlikiazko sentimenak / Garikoitz Zulueta / Ekoizpen galduak, 2003
Soto azpiko sotoa Gotzon Hermosilla / Berria, 2003-11-29
Ezohikoa dugu lan hau euskal letren panoraman. Euskal literaturaren muga hertsietatik landa ere bizia badagoela erakusten du. Osasungarriak dira horrelako ekimenak
Litekeena al da euskal literatura underground edo alternatiboa egitea? Hemendik entzun ditzaket irakurleen barre zantzoak. Izan ere, galderak inozo samarra ematen du. Euskal literatura, berez, satorrak lurpean bezala egoten da maiz: erdarazko hedabide handietatik egotzia edo astean behineko iruzkinera zokoratua, liburudenda askotan ikusezina, mila aleko edizioa saltzeko gorriak ikusitakoa… berez nahiko underground den jarduera bati alternatiba bat bilatu nahi izateak burugabe samarra dirudi.
Garai batean, aldizkariak izan ziren euskal literatura underground dei genezakeenaren aterpe. Gaur egun ere hala da, neurri batean behintzat. Susa, Korrok eta abar desagertu ziren, ordea, eta frankotiratzaile batzuk gelditzen diren arren, panorama ez da txapliguak botatzeko modukoa (bide batez, eta inor mintzeko inolako asmorik gabe, baten batek esan beharko lieke orriak zakilez eta bularrez betetzea baino zerbait gehiago behar dela gaur egun kontzientzia burgestuak astintzeko). Fanzineren bat edo beste gelditzen da bazterretan, baina, horretan ere, eskas samar gabiltza.Horregatik, oso ezohikoa dugu Garikoitz Zuluetaren lana. Egilea bera ere ezohiko samarra da, euskal idazlearen batez besteko soslaiarekin alderatuta: Portugaletekoa da, hogeita lau urte ditu, Pateando Porkeria hardcore taldean baxua jotzen du, Likiniano elkartean eta DDT banatzaile alternatiboan aritzen da, Errekaortuko gaztetxeko Idazkera Sortzaileko Tailerrean trebatu zuen luma (Tailerrak liburuxka eder bat argitaratu zuen aspaldi, Okupando palabras izenekoa), eta sarreratik bertatik esaten digu literatur lehiaketen eta jabego intelektualaren aurka dagoela.Liburua ere ez da batere ohikoa: hasteko, testu guztiak euskaraz eta gaztelaniaz daude, baina ez dira batetik besterako hitzez hitzeko itzulpenak, moldaketak baizik: esaterako, euskaraz Bilbori eskainitako olerkia dena, haiku bilakatzen da erdarazko bertsioan. Beste aldetik, ipuin laburrak, prosa lan luzexeagoak eta olerkiak tartekatzen ditu. Eta, gainera, autoedizio bat da, egileak berak argitaratu baititu liburuxka honen bostehun aleak.Eta edukiaren gainean, zer esan? Zuluetak sarreran bertan diosku: “Musika talde batekin paralelismoak eginez, honakoa hasierako maketa bezalakoa da, lehenengo doinuen bilketa da, hurrengoak baino gordinagoak agian, baina bere balioa ematen saiatu behar garena”. Eta hala da. Maketa guztiek bezala, akats batzuk baditu (neuri, berbarako, -larik atzizkiaren larregizko eta okerreko erabilera begitandu zait astunena), eta testu osoa orraztuko lukeen editore baten eskua faltan sumatzen da. Azken ipuinak, batez ere Nanni Balestriniren Gli invisibili testuan oinarrituriko Ikustezinak eta Oroimenaren zapore mikatza, pirata istorio baten mozorropean zenbait giro alternatibotako miseriak kontatzen dizkiguna, gehiago gustatu zaizkit lehenengo biak baino.Baina gaurkoan ez nuen horretaz idatzi nahi. Ez dakit Iban Zalduak horri orokorklerosia, txitxarrilo-konplexua edo zer iritziko dion, baina gaur senak beste zerbait nabarmentzeko esaten dit: euskal literaturaren mugarri hertsietatik landa ere bizia badagoela, alegia. Eta honen moduko ekimen ausartak, osasungarriak ez ezik, beharrezkoak ere baditugula, asperduraren harlauzaren azpian itoko ez bagara behintzat. Sotoaren azpian beste soto bat eraiki daiteke, hezeagoa eta ilunagoa beharbada, baina lehiakorkeriatik, editoreen oniritzietatik eta merkatuak ezartzen dituen legeen morrontzatik askea. Ausardia eta irudimena baino ez dugu falta.
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza
Espekulazioak
Arrate Egaña
Nagore Fernandez
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Txani Rodríguez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Mikel Asurmendi
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Maddi Galdos Areta
Esker onak
Delphine De Vigan
Irati Majuelo
Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde
Gorka Bereziartua Mitxelena
Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"
Hasier Rekondo
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Maialen Sobrino Lopez
Erroen izerdia
Jone Bordato
Nagore Fernandez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Asier Urkiza
Izena eta izana
Jon Gerediaga
Jon Martin-Etxebeste