« Ipuin krudelak | Egia eta oroitza »
Libreta horiko poemak / Pako Aristi / Pamiela, 2003
“Poesia fikzioa da…” Ibon Egaña / Berria, 2003-11-15
Concceta Probanza artistak erregalatutako kaiera hori batean poemarik poema marraztu duen autorretratua dakarkigu Pako Aristik, Libreta horiko poemak liburuan bildua. Poesia fikzioa da (baita zera ere) izenburu ironikoa jarri zion Harkaitz Canok behin bere poema bati, eta huraxe berrestera dator Aristiren poemarioa. Berrogei urteetara arrimatu eta bere gaztaroa begien aurrean zabalduriko mapa baten moduan ikusten duenaren begirada eskaintzen duen liburua da hau. Ispiluaren aurrean biluzik jarri eta denborak gorputzean marraztutako zimurrak behatu eta haiek idatziz jartzeko ausardia izan duen idazlearen lan biluzia. Inbentario bat da libreta: maitasun, larru jotze, gorroto, nahi eta ezintasunen inbentario poetikoa. Izan nahi zuenaren eta denaren artean zabaldu zaion amildegiaz poetak egiten duen hausnarketa. Nolanahi ere, bere buruari ez ezik, inguruari, gizarteari, eta, batez ere, bere belaunaldiari ere begirada gupidagabea eskaintzen dio. Mundua aldatzeko asmo ingenuorik gabe bada ere, konformismoan eta egonkortasunean ainguraturiko belaunaldi exkertiarraren ziurtasunak zirikatzera dator urrestillarra.
Jean Michel Maulpoix poetak hala dio ¿Qué puede la poesía? liburuan: “Poeta ez da besteek baino hizkuntza hobea duena; aldiz, poeta hitzak ments dituena da, hizkuntza intentsitate eta eskrupuluz finkatzen duena, haren gabezia hautemateraino”. Hizkuntzaren gabeziaren eta hutsuneen jakitun da Pako Aristi ere, ezagutzen du esan nahi eta ezina, badaki badirela hitzei ihes egiten dieten sentimendu labainkorrak. Hitzak bortxatuak, zikinduak eta irainduak direla badaki poetak; gaitza dela “hitzak erabiltzea / esanahiak faltsutu gabe”. Zaila dela hitz zikiratuekin errealitatea esatea. Eta, hala ere, idatzi beharrak harrapatzen du; izan ere, “bizitza besterik ez ote den / susmoa hartua daukat: / hitzen esanahia ezagutzea”. Errealitateari, inguruari, munduari izena jartzea, eguneroko egia eta gezur txikiak izendatzea. Baina horretarako denborak hitzen gainean pilatu duen hautsa eta zaborra erauzi behar du idazleak. Hitzak desmaskaratu. Eta desmaskaratu behar horretan erabateko soiltasun, xumetasun eta sinpletasunaren bidea aukeratu du Aristik. Hitzak lehen aldiz esaten dituenaren intentsitate eta indarrez (inozentziaz?) idaztea. Lars von Trier eta beste zinemagile danimarkar batzuek artifiziorako gehiegizko joerari, gizakiarengandik urrun zegoen estetika zurrunari emandako erantzuna izan zen Dogma 95 mugimendua. Erantzun ausart eta erradikala. Gizakiok inguratzen gaituena, gure arteko harremanak eta munduan izateko modua bere hartan filmatu eta erakustea hartu zuten xede. Gizon-emakumeon kezka errealetara hurbiltzeko estetika bat, deserosoa, dardaratia proposatu zuten. Badakit lotura zuzenik ez dagoela egiterik, baina Libreta horiko poemak liburua irakurtzean gogora etorri zait halako filmen estetika. Eta poema bilduma hau poesiari egiten zaion traizio txiki baina ausarta delakoan nago. Artifizioak, apaindurak eta dekoratu faltsuak ezabatzeko nahi batetik sortua dela. Hitz hanpatuen aurka bertso txikiz egindako matxinada xumea dela hau. Poesiaren abiapuntura, sorburura itzultzeko saioa. Gizakiaren kezka errealetara, benetako bizitzara hurbiltzeko ahalegina. Horregatik geziak dira poemok, errealitateari jaurtitako gezi zaluak, ziztada txikiak eragiten dituztenak. Kamera sorbaldan hartuta grabatzen duen zuzendariari bezala, poetari ere dardara egiten dio eskuak idazterakoan (eskuz idatzia da liburua, gogoratu). Eta papereratzen dituen poemak, hala, ez dira ausaz biribilak, ez estetikoki jasoak, ez erabat lirikoak. Ez baitzen hori idazlearen xedea. Estetizismoari, gehiegizko lirismoari ihes egiten dio liburuak zintzotasunean eta freskotasunean indarra ezartzeko. Konbentzioz poetiko deitzen dugunetik urrun daude poema gehienak, generoaren muga-mugan. Izango da “Hau da Euskal Herria: / burges putaz beteta dagoen / munduko herririk iraultzaileena” bezalako poemak ez direla poesia dioenik ere. Hori probokatzea ere bazen, agian, poetaren asmoa.
“Nire liburuei bi gauza eskatu izan dizkiet beti. / Bat: irakurlearengana iristeko ahalmena./ Bi: Ni mantentzeko dirua sortzea”. Zalantza dut bigarren xede hori beteko duen liburu honekin. Lehenengoaz, baina, ez dut batere dudarik. Hasiera-hasieratik lortzen du Aristik irakurlearen konplizitatea liburu honekin. Poesia, ezer izango bada, komunikazio ekintza dela sinesten duen idazlearen lana baita Libreta horiko poemak.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria