« ‘Check point’-etatik harago |
Itzulpena-Traducción / Angel Erro / Nafarroako Gobernua, 2024
Sagarra manzana Anjel Lertxundi / 31 eskutik, 2025-01-20
I
Angel Erroren azken liburuaren tituluak (Itzulpena-Traducción) itzulpengintzari buruzko saiakera bat iradoki dio liburu-dendan sartu berri den bezeroari. Liburua zabaldu du. Hitzaurre labur baten ostean, hiru aipu. Lehendabizikoa, euskal tradizioko pieza bat: “Sagarra, manzana; ikatza, carbón; mujer, andria; hombre, gizon”. Ume kanta erritmiko bat da, bi hizkuntzetako hitzekin osatutako itzulpen xalo, sinple, primitiboa. Hitz arrunten itzulpen-jolas bat.
Bigarren aipua, luzea, W.H. Auden poeta britainiarrarena da; neketsua egin zaio bezeroari, urruti dago sagarra manzanen jostakaritik:
“It is conceivable that a genuine bilingual poet might write what, to him, was the same lyric in two languages, but if someone else were then to make a literal translation of each version into the language of the other, no reader would be able to recognize their connection”.
Liburu-dendako bezeroak ez badu Audenen aipua gaizki ulertu: pentsatzekoa da poeta elebidun bat badela gai poema bat bi hizkuntzetan emateko. Baina hirugarren batek bertsio bakoitza itzuliko balu hitzez hitz, ezein irakurle ez litzateke gai izango bien arteko lotura hautemateko.
Liburuaren atariko hirugarren aipua Antonio Casado da Rocha errenteriar filosofo eta poetaren Esku ezkerraz liburutik hartua da (Utriusque Vasconiae, 2011). Aratza da, ez du glosa baten premiarik.
“Zorionekoak laugarren hizkuntza ikasten ari zaretenok, / poesia zer den ikasi baituzue. / Zorionekoak hirugarren hizkuntza ikasten ari zaretenok, / elebidunak baitzarete. / Zorionekoak elebidunok, / mundua izendatzeko bi maneretan partaide baitzarete. / Baina zorigaitza zuei, elebakarrak; zuentzako kalte”.
Liburuaren izenburuak —Itzulpena-Traducción— itzulpenari buruzko tratatu baten aurrean gaudela ematen du bete-betean. Baina Errok atarian emandako hiru aipuetako poesiari buruzko erreferentziak dira muina. Eta liburuaren egilea poeta bat da, bezeroak ezagutzen du haren poetika, ezagutzen ditu Erroren esperimentu poetiko batzuk: bi urte eskas dira bezeroak Erroren Poema liburu bat —irakurtzeko jarraibideak— azpimarrez eta oharrez bete zuela. Beste hiruzpalau urte dira Antonio Casado da Rocharen Ezker eskuaz poema liburua irakurri zuela, eta ganoraz bezain gustuz irakurri zuela Errok idatzitako hitzaurrea ere.
Bezeroak liburua erosi du.
II
Liburuaren izenburuak eta atariko hiru aipuek Angel Erroren lanaren nondik norakoa iradokitzen dute, baita pista lanbrotuak barreiatu ere. Irakurlearen arreta erakartzeko baliabideak dira: Itzulpena-Traducción ez da inondik ere itzulpengintzari buruzko tesi edo ikerlanakademiko bat, ezta kale-baleko saiakera bat ere. Angel Erroren Itzulpena-Traducción testua idazle elebidun baten tractatus poetiko bat da bete-betean, hausnarketa eta aktibitate artistiko bat bi hizkuntzen edo gehiagoren arteko harreman eta zurrunbilo beti berrituen igeriketan, garrantzi betea emanez poesiaren eta itzulpenaren arteko harremanari. Elebitasunari etekin estetikoa atera dion hizkuntza bat izan da euskara tradizionalki (sagarra-manzana da adibiderik xume bitxiena), eta, hortik abiaturik, formula desberdinak baliatuta, oso da interesgarria elebitasunaren kontzientziak estetikan eragin ditzakeen planteamenduez, bide-gurutzeez, lorpenez eta bide berriez hausnartzea.
Demagun lehendabiziko poema; ezker orrialdekoak Ispilua du izena, Espejo du eskuinekoak. Bi poemen abiapuntua eta muina —argia eta irudiak islatzen dituen kristal-klasearen efektu bisuala— berdinak dira bi hizkuntzetan, baina desberdina da poetak atera dien etekina hizkuntza batean zein bestean. Ispilua gaztelaniaz emana dago; Espejo, euskaraz. Gaztelaniazko testua zorrotz trinkoa da; euskarazkoa, aldiz, konkretuagoa. Irakurleak gai berari buruzko bi poema desberdin irakurri ditu, euskaraz bata, gaztelaniaz bestea. Gozamen poetikoa jasotzeaz gainera, ondorio bat baino gehiago atera dezake elebitasunaren talaiatik, itzulpengintzaren errealitate desberdinetatik, hizkuntza ahulenaren flakietatik, hizkuntza nagusiaren estetikak hizkuntza menostuetan eragiten duen diglosiatik, Errok hainbat poemetan jariatzen duen ironiatik. Bi poemek berdina zuten muina, baina desberdina da emaitza, bi poemen arteko antza ez dago sortutako testuetan, haien abiapuntuan baizik: poetaren intuizio bakarra bi testu desberdinetan emantzipatu da.
Hurrengo bi orrialdeetan ere, halatsu: ezker orriko poemak Caos personal du izena, Kaosaren eragina eskuinekoak. Humus beretik sortuak eta giro berdintsukoak dira bi hizkuntzetan emandako bi poemak. Hurbil daude elkarrengandik.
Gainerako poema bikoitzak ere ezker-eskuin doaz parez pare, gai interesgarri bat ardatz hartuta —bakardadea, heriotza, sufrimendua, maitasuna, galera, ustekabea…—, baina bi hizkuntzetan eta garapen desberdinekin. Bi orri, bi poema. Salbuespen bat kenduta, ordea, liburuaren nahiko hasieran: ezkerreko orrian Nada izenburua daraman poema Patria, verdad, arte, poesía hitzekin hasten da eta lau lerro ditu; euskarazko bertsioak, ordea, bi orri oso hartzen ditu eta hamalau silabako berrogeita lau bertso-lerro, eta Aberria, egia, ertia, poesia du izena. Luzeran oso desberdinak izateaz gainera —liburuaren diseinu beti bera eteteraino—, edukiek ez dute elkarren ageriko antzik. Erroren bapateko sorpresa horietako bat da ironiaren eskutik, irakurlea errutinatik ateratzera beharturik izenburuetatik hasita: Nada dio batek, Aberria, egia, ertia, poesia besteak.
Hortik aurrera, pixkanaka-pixkanaka, ezker-eskuineko orrialdeetan dauden bi poemak urruntzen joango dira, ez beti eta ez erabat, elkarrengandik; urrundu edo desberdindu egingo dira izenburuak, urrundu edukiak ere, eta luzerak, eta keinuak, baina askotan dago elkarren arteko loturaren bat: gaia, tonua, giroa, ironia, memoria literarioarekin lotutako espresioren bat…
Eta III
Material guztia hiru atal nagusitan banatua dago. Itzulpena izenekoan, euskaraz daude ezkerreko orrian, gaztelaniaz eskuinekoan. Traducción izenekoan, alderantziz: gaztelaniaz lehendabizi, euskaraz gero. Hirugarren atalean, berriro euskaraz lehendabizi eta gazteleraz gero, baina izenburuak beste hizkuntza batzuetan daude, elebitasunetik aniztasunera garamatzate italierak, latinak, frantsesak, portugesak, ingelesak, beste kultura batzuetako leihoak zabalduz…
Nekez imajina daiteke itzulpenik gabeko mundurik. Nekez imajina daiteke poeta euskaldun berrien esperientzia estetikorik gabeko (Gabriel Aresti, Mari Luz Esteban, Angel Erro, Antonio Casado da Rocha…) euskal lurralde poetikorik.
Itzulpena-Traducción
Angel Erro
Anjel Lertxundi
Detaile xume bat
Adania Xibli
Amaia Alvarez Uria
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Paloma Rodriguez-Miñambres
Bar Gloria
Nerea Ibarzabal Salegi
Mikel Asurmendi
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Jon Jimenez
Lurpeko ezkutuan idatziak
Fiodor Dostoievski
Asier Urkiza
Gailur ekaiztsuak
Emily Brontë
Aritz Galarraga
Pleibak
Miren Amuriza
Joxe Aldasoro
Zoo
Goiatz Labandibar
Mikel Asurmendi
Pleibak
Miren Amuriza
Aiora Sampedro
Mundu zitalaren kontra
Lizar Begoña
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Aiora Sampedro
...eta gauetik, euria
Fertxu Izquierdo
Mikel Asurmendi