« Jendeon esangura literaturaren bide bihurgunetsuetan ernatzen baita | ‘Check point’-etatik harago »
Zebrak eta bideak / Nerea Loiola Pikaza / Erein, 2024
Pasadizoan egon Paloma Rodriguez-Miñambres / El Diario Vasco, 2025-01-18
Nerea Loiolak literaturaren aldeko apustu sendoa egin du bai helduentzako bai haur eta gazteen literaturarako liburuak idatzi baititu denbora gutxian. Utzi berri dugun 2024an bere azken narratiba lana kaleratu du, sei istorio laburren bilduma, Epizentro aurreko liburuaren moduan.
Izenburuak gordetzen duen hitz jokoan aditzera ematen da pertsonaiak bizi ari diren iragaitzazko unea, hots, nola egin aurrerantz (ala ez) erabakitzea. Alabaina, zebrabide batean ez bezala, non besteek gelditu behar duten oinezkoak gurutzatzeko, bizitzan ez da hain erraza gainerakoek, inguruabarrek, norberaren nahiak gauzatzeko bidea uztea. Izan ere, kontakizunetan benetan zer gura duten edo ea aldaketarako aukera errealak existitzen ote diren asmatu nahian dabiltza, Loiolak iradokitzen duenez, desioak ez datoz bat inguruko errealitateak irudikatutakoarekin (hala nola, ama izatea, gizartearen espektatibak, depresioa, lan ezegonkorrak, sexua, helduarora sartzea). Emakumezko protagonistek automata gisa burutzen dituzten eguneroko atazetan murgilduta, ezin dute besteekiko harremanek sortzen dituzten loturekin hautsi. Beren bizimoduaren hainbat atal ez direla ondo ahokatzen sentitzen dute, tokiz kanpo baleude bezala.
Idazleak erabili dituen baliabideei dagokienez, umorea, hitz jokoak, lehen-oraineko jauziak eta elipsia, nagusiki, antzematen ditugu. Zentzu horretan, osaera ‘klasikoa’ dute ipuinek, batetik, azaleko eta barruko gertakizunen arteko gatazkan miatzen baitute eta, bestetik, protagonistei enpatiaz begiratzen baitzaie, esaterako, “Birentzako ohea” edo “Egia esan, ez dakit” izenekoetan. Bigarren liburu honekin Loiolari kaudimen narratiboa aitortu behar zaio, kontakizunak jakin-minez irakurtzeaz gain, sinesgarriak begitantzen zaizkigulako. Dena den, zenbaitetan buelta gehiegi ematen dute, eta horrek ilundu egiten du haien norabidea.
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui