« Literaturaren literatura | Iñakiren gisakoak gogoan: betiko lagunak. Gisakoak! Zenbat? »
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz / Jose Angel Irigaray / Pamiela, 2024
Hitz eta pitz Asier Urkiza / Berria, 2024-12-01
Euskal kultura modernoren sustatzaile nagusietakoa da Jose Angel Irigarai. Literatur sorkuntzan ez ezik, kulturgintzan ere bide oparoa egindakoa. Idazle gisa, poesia landu du nagusiki, nahiz eta saiakeran ere kaleratu izan duen lanik. Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz saiakera plazaratu berri du. Liburu mehea, Pamiela argitaletxearen Upaingoa sail bikainaren beste ale interesgarri bat.
Hizkuntzaren fenomenoari heltzen dio autoreak liburuan. Asmo handiko gaia, zinez, areago lanaren luzera kontuan hartuta. Izenburuak dioen bezala, ahozko hizkuntzari eta idatzizkoari erreparatzen die, hurrenez hurren. Ahozkotasunak hartzen du, halere, tokirik handiena eta horri buruzkoak dira lehenbiziko bi atalak. Bataren eta bestearen arteko aldeaz lehenago ere jarduten badu ere, azkenengo atalean —interestualitateari eskainitakoan— jorratzen du gehienbat hizkuntza idatzia. Ahozkotasun kontzeptuaren ibilbide historikoa eginez hasten da Irigarai, historiaurretik inprentara garamatzan bidaia batean, idazketaren asmakuntza —ugarietatik— igaroz.
Arin aletzen ditu Irigaraik ahozkotasunaren historiari buruzkoak. Bizi, ez haatik azaleko. Datu purrustada aipatzen badu ere, irakurleari atsegin emateko moduko prosa darabil eta edukiak sintetizatzeko gaitasuna du. Lan ugari ekarri eta iruzkintzen ditu, bibliografia zabalaren erakusle. Nabari da, lehenengo zatian, ahozkotasunaren garrantzia azaleratzeko asmoa. Idatzizko kulturak, erroak ahozkoan izanik, berorren endekapena ere ekarri zuela dio, lehenengoan ezarriz prestigiorik handiena. Hala garatu dira kultur hizkuntza nagusiak, baina ez dirudi eraginkorra hizkuntza diglosikoen bilakaera ulertzeko, ez ahozkoa ez idatzizkoa. Idazketaren atal historikoa erreferentziaz beteegi sumatu dudan arren, idazlearen ahotsa itotzeraino batzuetan, interesgarriena iritzi diot, azkenengoarekin batera.
Zenbait gogoeta bertsolaritzaz atalari ekiten dio ahozkotasunari buruzko sarrera burutu ondoren. Eskertzekoa da, lehenik, Irigarairen ikuspuntua ez dela euskal esparrura mugatzen eta mendebaldeko tradizioa —ez soilik— hartzen duela bere baitan. Autorearenak ez dira, gainera, koiunturari lotutako analisiak, fenomenoak diakronikoki aztertzeko asmoz eginak baizik. Atal honetan kitzikagarriak dira Grezia klasikoaren gainean esanak, Platonena ezarriz ahozkoaren eta idatziaren arteko behin betiko hausturaren garaitzat. Halaber libertimendua bezalako antzerki herrikoian bertsolariek jokatu beharreko paperaz eta instituitu eta instituienteren arteko harremanaz ekarritakoak ere. Akaso egungo bertsolaritzari buruzko ikuspuntu kritikoa hartu dut faltan. Azkenik, intertestualitateaz eta plagioaz azken atalean aipatutakoak ere jakingarriak iruditu zaizkit, gaiaren aurkezpen orokorra eta kontzeptuen kronologia bat baino ez izanagatik. Munta handiko gaia jorratu du, hortaz, Jose Angel Irigaraik, idazkera arin eta era berean xehearekin dibulgazio testu baliotsua emanez.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi