kritiken hemeroteka

8.810 kritika

« | »

Idazketa labana bat da / Annie Ernaux (Leire Lakasta) / Katakrak, 2024

Literaturaren literatura Nagore Fernandez / Berria, 2024-12-01

Aurkezpenik behar ez duen idazle bat da Annie Ernaux, ez nazioartean, ez euskal literaturan ere. Asko dira gaurdaino euskarara ekarri diren haren obrak —Neska baten memoria; Emakume izoztua; Emakume bat, besteak beste—, eta zenbait etxek egin dute, gainera, Ernauxen hitzak gurean argitaratzeko apustu sendoa, Txalapartak, Igelak eta Elkarrek, kasurako. Haiei lotu zaie Katakrak argitaletxea ere, berriki argitaratu duten Annie Ernauxen Idazketa labana bat da obrarekin. Badu, ordea, desberdintasunik orain artean euskarara itzulitako Ernauxen gainontzeko obrekin alderatuta, aurrekoak ez bezala ez baita kontakizun bat bere horretan —fikziozkoa izan zein ez—, Annie Ernauxek Frédéric-Yves Jeannet idazlearekin posta elektronikoz izandako elkarrizketa literario bat baizik. Literarioa bi zentzutan: literaturaz dihardutelako, Ernauxen beraren unibertso literarioaz, alegia; eta, idazlearen poetika batetik hurbilago dagoen testua izanagatik, estetikoa izaten jarraitzen duelako.

Hala ere, ñabardura bat gehitu nahiko nioke egin berri dudan deskribapenari, Idazketa labana bat da ez baita Ernauxek bere literaturaz predeterminazio barik eta zentzu zabal batean hitz egiteko espazio bat, norabide zehatz batean eta ikuspuntu espezifiko batetik ondutako disertazio bat baizik. Norabide horrek asko du asmo politikotik; bere gainontzeko liburuetan nola elkarrizketa-liburuan ere, bere estiloa eta ahotsa ezaugarritzen duen intimismotik hitz egiten digu autoreak, hain zuzen ere, intimismoaren mugak gainditzeko. Eta alderantziz, inguratzen gaituenak, ezinbestean, edozein diskurtso pertsonal ainguratzen duela ere erakusten digu orriz orri. Hala, testu batek, intimoena izanik ere, irakurleen eskuetan erortzen denean, pertsonala izateari utzi eta kontzientzia kolektiboan eragiten du. Aldi berean, idazle batek ezin ditu idatzietatik bereizi bera bizi den une soziala eta kanpo-faktoreak. Ezin dute berdin idatzi eta ezin dituzte hautu literario berdinak egin profesionalki idazlea den batek eta, gizarte heteropatriarkalak hala baldintzatuta, bere buruarekin egoteko denbora librerik ere apenas duen idazle batek. Abiapuntuan idazlearen erraiak daudenean ere, kolektibitatea idazketari datxekion baldintza eta faktore esanguratsu bat dela erakusten eta azaltzen digu funtsean Annie Ernauxek.

Obran ideia gehiago aletzen dira, guztiak ere interesgarriak, baina nik neuk norabide eta begirada zehatz horrekin konektatu dut gehien. Labanarekin daude ebakita hitzak eurak ere, sintaxia, diskurtsoaren kadentzia, eta, alde horretatik, irakurleak erraz identifikatuko du Ernauxek bere-berea duen ahots hori. Horren meritua, ordea, Leire Lakasta itzultzailearena da, huts-hutsean; hitzak ez ezik, lortu du Ernauxen prosodia ere euskarara ekartzea.

Esango nuke idazle baten poetika bat (eta) euskaraz azkenekoz irakurri nuenetik hilabeteak edo, are, urteak pasatu direla, eta Idazketa labana bat da obrak gogorarazi dit zenbat gustatzen zaidan idazleen metadiskurtsoetan bertaratzea, are gehiago literarioak ere badira.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak