« Isiltasunak dioena | Ilargiraino eta bueltan »
Gizon barregarriak / Joxean Agirre / Elkar, 2024
Sinesgarritasunaren matrioxkak Hasier Rekondo / Deia, 2024-09-21
Enrique Vila-Matas idazleak berriki adierazi du nobelak ez duela komunikabideek inposatu sinesgarritasunaren menpe bizi behar, iraun nahi baldin badu. Joxean Agirreren (Azpeitia, 1949) nobela berri honetan hanka-gora jarriko da sinesgarritasunaren auzia (zenbait egoera eta pertsonaia oso sinesgarri diren arren) umorez, ironiaz eta parodiaz betetako matrioxka narratibo ezberdinak neurriz ehunduz. Edozein konturekin edo konturen gainean egin daiteke barre edo irribarre? Joxean Agirre baiezkoan dago: heriotzarekin, sexuarekin, torturarekin, borroka armatuarekin, zahartzaroaren ezintasun fisiko eta mentalekin. Alta bada, nortzuek ez dute inoiz barrerik egiten? Biktimaren rolean (hitzaren zentzurik zabalenean) bertan goxo bizi direnak.
Hasiera batean, nobelaren gai nagusiak arras xelebre gerta daitezke: zahartzaroaren ateak, eta zeruarenak, ukitzear dituzten zenbait etakide ohien (ETA PM-ean jardundakoak, sinesgarritasuna ez baita guztiz alboratu behar) eta ertzain ohi batzuen arteko apustu baten karira, gaztaroko ekintzak birbizitzera ausartuko den etakide horietako batek harreman platoniko eta literarioa hasiko du Maria Mendizabal ikasle eta idazlearekin. Antropologiako ikasle Mariak Mendizabal hori uniformedunen usainen gaineko tesia bat idazteaz gain sexu-harreman anitzen gaineko ikerketa bat egiten ari da. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula!
Hari ezberdinetan harilkatu istorio ezberdinak, batzuk oso bestelakoak izanagatik, osotasun erakargarri bat eraikiko dute nobelak aurrera egin ahala. Agirreren prosa neurtu, arin eta erakargarriari esker, kapitulu laburretan egituratu hariok nobela arina izan litekeena literatura artefaktu sendo eta erakargarri bihurtzen baitute. Arestian esan bezala, macguffin ugari tarteko, Agirrek ez du batere arazorik izango sinesgarritasunaren loturetatik askatzeko, zenbait pasarte gogoangarri uztartuz. Esaterako, mitologiak kontatu Erromako sorrerari buruzko Sabinarren bahiketa antzeztuko baitute etakide ohiek Zaharren Egoitza batean, barregurak gain egingo dio nire moduko irakurleari kapitulu horretan. Baten batek Ernst Lubitsch-en ahaztu ezinezko filmak gogoratuko ditu.
Ildo narratibo nagusien artean digresiotzat jo daitekeen arren, gehien hunkitu nauen istorioa hasiera batean bigarren plano batean agertu protagonistaren emaztearen kontakizuna izan da. Kosta ahala kosta gazte mantentzeko gurariak bultzatuta, jazz musikari batekin, edo haren musikarekin hobeto esateko, maitasun eskuraezinaren atzetik borroka antzu batean murgilduta, minberatasunaren eta emakume ahaldunaren arteko potreta ezin lortuagoa erdiesten baitu Agirrek. Desiraren eta errealitatearen arteko talka nobela guztian zehar barreiatzen baita, pertsonaia ia guztiak denboraren kontra ari baitira etengabe.
Ezin daiteke aipatu gabe utzi, halaber, protagonistak komandoaren garaietan jasan torturen gaineko ildoa. Jolas literarioak nagusitu dira atalotan, torturapeko etakideak guardia zibilen baten eta euskal neska baserritar baten arteko harremanaren gaineko”gezurrezko” nobela idiliko bat irakurri beharko baitie torturen ondoren zaintzen duen guardia zibil gazte talde bati, itzultzailea agertu eta gezurraz ohartu baino lehen, Xerezaderen gauak eta euskal militanteen istorio lazgarriak bat eginez. Hark idatzi “benetako” nobela lar arriskutsua baita atezu mingarri hartan: guardia zibilen kontra atentatu “barregarriak edo” burutzen dituen ume talde baten gainekoa. Nork aipatu du sinesgarritasuna?
Gustavo Martin Garzo idazlearen aburuz, bizitzak berak bakarrik ezin du artea sortu, ezinbesteko osagaia baita irudimena artea sortzeko. Nobela honetan irudimenak bete-betean egiten du bat bizitzarekin, umorea eta ironia ezinbestekoak baititugu, ez gaitezen gu geu ere biktima bihurtu.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez