kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Galbahea / Gotzon Barandiaran / Susa, 2024

Galbahea Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2024-09

Gotzon Barandiaranen azken poema-liburua galbahe bat da bere horretan. Poema guztiak bahean sartu, eta apurka-apurka ezkutuko nahiz isildutako hainbat errealitate sare gainean agerian uzten ditu puntu eta komarik gabeko olerkietatik. Letra guztiak xeheak dira, hizkera bera bezain, itzulinguru handirik gabeko poema zuzenetan, herriarengana heltzeko kantak direlako akaso.

Poetaren kezkak bizi den garaiko herrikideenak ere izan daitezke, herria denok egiten dugulako, eta herriak hormarik gabeko etxe bat izan beharko lukeelako. Nortasuna, ordea, denborak irakasten digun zerbait da, askotan zer ez garen zerrendatzean esaten baitugu nor garen. Garai honen likidotasunak parean daukagunari so egiteke bizitzea ahalbidetzen du, baita oroimenik gabe aurrera egitea ere. Halarik ere, ez garela dena ahazteko nahikoa biziko errepikatzen du hainbat poematan, belaunaldi hitzaren hainbat definizio eman eta abiapuntua berriz xerkatzea izan ote daitekeen galdetzeaz bat. Eta belaunaldien arteko desberdintasunak eragindako arrakalan ernetzen ikusten ditu ohituren eta gustuen hazi berriak, baita euskararen eta euskal herriaren bilakaera garaikidea ere.

Humanitatea hezkuntzatik erauzten ari diren gizarte honetan, hitza bera galbahetik pasatzeko beharra sumatu du Barandiaranek, hitza eta bizitza errimatzeko kasu. Baina norberak bere galbahea izan beharko luke hitzak ondo aukeratzeko ez ezik norbere bizitzari errepasoa egiteko ere, eta, finean, nor den jakiteko. Baina, tamalez, sarritan heriotzaren beharra dugu geure bizitza galbahetzeko, edo heriotzak, geure bizitzaz eta inguratzen gaituenaz jabetzeko. Heriotzek bizirik dirautenean, minez uzten dute bizirik geratzen dena, eta min horretatik abiatzen da poeta, hain zuzen, amari egindako gorazarre baten bitartez, ama eta emakume guztiengana heda daitekeen paisaiarantz.

Galbahe kolektibo batean sartzen ditu egileak denok osatzen gaituzten aleak, itzalik gabekorik ez baita inor; eta sakonago aritzeko elkarri begiratzeko garrantziaz dihardu eta baita maitasunari eustekoaz ere. Zaintza baita, azken batean, elkarbizitza egokiro bermatzen duen bide nagusia. Galbahe horren oralekua herabea dela baieztatzen du, eta batez ere duina.

Migrazioa, heriotzak, sarraskia, izurria, politika, herria, genozidioa, larrialdi klimatikoa, soldata arrakala, emezidioa, amama, parentesia, etorkizuna, herritarrak, haurrak eta pertsonak dira, besteak beste, baheak irentsi gabe utzi dituen aleak. Eta oroimenaren arrastoen iraunkortasun zalantzatia.

Kontzientzia kolektibo baten aldeko poesia egin du Larrabetzuko poetak olerki-sorta honen bitartez; eta, azken buruan, irtenbide bakarra maitasuna dela ohartuko da irakurlea. Halaber, bidean aurrera egin behar dugula diosku, pauso horiekin atzera joan ahal izateko.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak