« Detaile xumez eraikitako okupazioa | Gurasoek irakurri beharreko liburua »
Twist / Harkaitz Cano / Susa, 2011
Gailurra erdiesten duen nobela bihurgunetsua: lur-zulora jausitakoen gaineko literaturaren muina Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2024-09-10
I. Mundua ez da era horretan aldatzen / Gizonen hartu-emanak ez dira hobekitzen / Zama-aroa ez da horrela laburtzen / Liburuaren irakaspenik ez ahaztu gizona!
Twist eleberria ez da berria. 2011ko abenduan munduratu zen. Hamahiru urte beteko ditu aurki. Pertsonaia nagusiak hil zituzten urtean, 1983an, ernatzen hasi zen nobelaren muina. Ez da nobela zaharra. Nerabezaroa bizi du. Adoleszentzian dago oraindik ere. Gizakion sorrerak nola literaturarenak —sortu eta— zerbait eskas dauka betiko. Twisteko Xabier Soto eta Kepa Zeberio protagonista gazteak heldutasunera bidean ari dira urtez urte. Baldin eta literatura bada —ernatu eta gorpuztu ostean ere—, literaturak hazten segitzen du.
1983. urtetik 2.000. urtera bitartean garatuta dago. Nobela Diego Lazkanok (D.L.) —nobelako pertsonaia hau ere— iradokia da eta Harkaitz Canok (H.C.) narratua. Fikziozko idazlea lehena. Idazle erreala bigarrena. Biak ala biak, fikziozkoa zein erreala, sinesgarriak. Jakina, D.L ez da errealitatean operagarria. H.C. bai. H.C. Donostian topa dezakezue paseoan edo bertako terraza batean patxada ederrean. Edo liburutegi batean. Koldo Mitxelena (K.M.) kasu.
Jaio zen garaian irakurri nuen. Mutu geratu nintzen. Nobelak hainbat “pellokeria” sorrarazi zuen nire ingurumarian. Hala nola: “Asurmendi arras da mutu”, erran zuen literatura zale batek. “Ez, ez, damutu ez”, erran zion lagun batek. “Ez, ez, ez… Atsekabetu naiz, bertzerik ez”, gehitu nuen.
“Heriotzak esna mantentzen nau”. Hamahiru urteren ostean, pistola bat armairutik atera ohi den bezala atera dut nobela. Beno, egiari zor, apalategitik hartu dut. Armairu usaina dario halere. Artefaktua inarrosi dut, hauts amiñia kendu aldera. Kare-hezur-erre-bizia aditu dut.
Desmuntatu dut. Garbitu. Koipeztatu. Txukundu… Astindu dut berriz ere. Desarratzeko unean nago. Nire barrua deskargatzeko pronto. Pistoleta bat doi-doi maneiatzen duen irakurle pistolet baten modura ari nauzue. “Gure” kausaren aldeko morroi-koitadua. Akolito bitxia!
Oharra: lehen pertsonan ari naiz. Joxean Lasa eta Joxi Zabalari zuzendu natzaie, oro har. Orobat, gaztetan euren ildoan ibilitakoei. Agian —hala nahi nuke—, gaur egun heldutasun moduko batera heldu diren burkideei. “Gure” historiako literaturara iragan ez direnak —Soto eta Zeberio kasu—, kartzela eta tortura pairatu zituztenak, edota kartzela edota tortura “bizitzeaz” libratu zirenak. Finean eta funtsean, disertazio hau literatura zaleentzako errekreazio bat da. Interpretazio bihurgunetsua.
Twist bihurria duzue, bihurria denez. Twist dantzaren erritmoan interpretatu dezakezue. Niri, alta, hiru musikariren doinuen artean kulunkatu zait gogoa: Mikel Laboa, Miles Davis eta Atahualpa Yupanquiren arrimura. Nobela albora utzita ere, horiek lagundu didate irakurketa-doloretsu hau gauzatzen. Unean-une, euren aireak lagun izan ditut arnas luzeko eleberri honen bidean, gozatzen zein sufritzen. Aldian-aldian, musika isilarazi behar izan dut. Laboaren ahotsak eztiarazi nau, haatik, haren orroek artegatu naute tarteka. Davisen aireek otzandu eta Yupanquiren gitarra-notek sosegua eman diote irakurle-malerus naizen honi.
II. Ene izpirituan bazen zenbait pertsu / Oraino den guzia etzerait hustu / Zertaz dutan solasa emazue kasu / Esplikatuko baitut ahal bezain justu
1937-1977. “Berrogei urte eta gero hau!”. Horra zuen gazte garaiko mantretako bat —artean ez zineten helduarora heldu—. Beste 40 urte iragan dira harrezkero (1984-2024). 1977tik 1983ra bitartean “ziklogenesi sozial ikaragarria” ernalarazi zen Euskal Herrian. Orduko ama batek hauxe erran zezakeen egun, amona bilakatuta: “Laurogei urte eta gero hau”. Garai hartako Jorge Oteiza bipilaren arabera, egungo arora iristeko laurogei amonen bizialdi baina ez dira iragan. Alabaina, gizakiok artean ez bide gara egundo helduarora iritsi. Zuek —Joxean Lasa eta Joxi Zabala—, zuek ere ez, bistan da. Ez egundo, ez sekula erdietsiko ere.
40 urte eta gero, hona egungo munduaren deskribapen motz bat: ideologia, ideien konstrukto hori, pobreen kontutxo bat besterik ez duzue egun. Aberatsek ez dute ideologiarik, aberatsek dirua daukate. Dirua duenak ez du ideologiarik, ez du behar eta. Pobreen ideologia ilusioen eta utopien bitartez eraiki izaten da. Behialako zuen garaikideak ez dira pobreak inondik ere. Pobre pobreak, pobre bakarrak, Afrikatik edo Balkanetatik heldutakoak dituzue. Euskal Herrian, gehiengoa aberatsa da eta. Aberats berri horiek diruaren prezioa ongi ezagutzen dugu. Diruaren balorea ez.
1980-2000 urte burrunbatsuen garaia berezia izan zen. Twisten ongi baino hobeto ageri da zuek bizi zenuten garai haren osteko aldia; handik hamabost bat urtera, fikziozko burkide Diego Lazkano idazle bihurtu zen garaia. Tira, zuek, bistan da, ez zenituzten Soto eta Zeberio pertsonaiak ezagutu. Atx! Domaia! H.C.-k ederki asko deskribatzen baititu zuek desagertu eta agertu arteko aldia. Ez harritu ez larritu ere, erraten dizuedanaz. Zuek bahitu, torturatu eta kalitu izan zineten garaitik gaur egunera, lau hamarkada beharrean lau mende igaro ote den pentsa zenezakete. Berpiztuz gero, noski. 2.000. urteaz geroztiko garaiaren ostean, munduak hartu duen norabidea kontrolaezina da. Eraldaketa alimalekoa izan da: izugarria. Laborria sortzeko moduko aldaketa. Baina, zer erran diezazueket laborriaz?
III. Haltzak ez du bihotzik / ez gaztanberak hezurrik / Ez nuen uste esaten zutela / aitonen semeek gezurrik
Kantauri magaleko bi probintzietako hiru hiriburu ezagutu zenituzten. Gipuzkoako hiriburu zaharrean sortu zineten (Tolosan). Estrabonek Lapurdum izendatu zueneko hiriburura ihes egin zenuten gaztaroan. Baionan bahitu eta Donostian “izarrak ikustatu zenituzten”, Aiete auzoko La Cumbre Jauregitik. Kantauriko hegitik Mediterranioko ertzera eramanak izan zineten ero-eroan, eta bertatik balizko infernurako zuloan sarrarazi. Infernuaren hegiak eta zeruaren ertzak esperimentatu zenituzten paraleloki. Zuen amets lurtarrak herrari ibili ziren Alacant aldean, zerura iritsi ezinean purgatorioan geratu ohi diren “arimak” bezala. Haatik, H.C.-k bizialdi berri moduko bat eman zizuen urte zenbaitera. Literaturak lurtar koitaduak bilakarazi zintuzteten eta zaituzte betiko. Soto eta Zeberio dituzue zuen mimesiak.
Twist nobelaren iradokitzaile izateak loria suerte bat eman zizuen. Galtzaileen bandokoak izan arren, historiara pasatzeko “zoria” ukan duzue. Diego Lazkano burkideari esker norbait izatera heldu zarete. Dena dela ere, patua zuekin lazgarriki portatu zen. Fikziozko pertsonaiak legez pasa baitzarete historiara. H.C. idazlearen bitartez bizirik jarraitu duzue herri honen —parte txiki baten— inkontziente (sic) kolektiboan. Torturapean kalituta izanagatik, literaturak “bizirik” atxiki izan zaituzte, alafede! Bizitza paradoxa duzue. Zuen kasuan, paradoxa krudela izan ere.
IV. Goizuetan bada gizon bat deitzen zaio Trabuko / Hitzak ederrak, bihotza faltsu, sekula ez zaio faltako / Egin dituen dilijentziak berari zaizkio damuko.
Xabier Soto eta Kepa Zeberio bilakatu aitzin, behinola, zuekin gurutzatu nintzen. Pannecau eta Tonneliers karriken arteko eraikin goibel-triste batean; abantzu aurrietan zegoen. Herri honen azken gurutzadarako bide bihurgunetsuak iragartzen ziren. Kabala urriko ganadu asko ibiltzen zen hiriburuko karrika hertsietan. Luperian ganadua nola, halaxe genbiltzan. Suposizioen munduko “animaliak” legetxe. Euskadi askatzeko behar omen zen kanoi-bazka izaki, lurralde Basadi hartan sartzea ere! Hura ausardia! Denboraren poderioz, literaturako “bazka” bihurtu zineten sikiera. Horra herria! 40 urte eta geroko sikierazko herri hau!
V. Baga, biga, higa, laga, boga, sega, zai, zoi, bele, arma, tiro, pun!
40 urte eta gero, zaharrak berri: “Politikan ez dago ezer politikan”. Politikan ez dago deusik politik eta are gutxiago bitarteko politikoak hilgarriak bihurtu osteko garaiotan. Politikaren segidako “gerra” gaitza da eta are gaitzagoa haren ostekoa. “Krudelena ostean heldu ohi da”, zioten zaharrek. Halaxe bizi ere zahartzen hasi berriok. Ahaltsuen logikaren araberako “gerra” gauzatu denean, haren ostekoa are krudelagoa da, baiki. Izan ere, galtzaileen artean badira areago galtzaile suertatzen direnak. Ahulen porrota ageriago da “borroka da bidea” lema, “borroka bidegabea” (*) izaten bururatu denean.
(*) Bidegabea: afruntua, ogena. Bidegabea eta burugabea, sinonimoak.
H.C.-k garai hura nola, gaurkoa interpretatzeko lizentzia hartu dut. Literatura —fikzioa— dugu errealitatera hurbiltzeko moduko jarduera —Sotok bazekien horretaz zerbait, Lasa adiskidea—. Ordea, engoitik orain, literaturaren funtzio zein den jakitea nekezagoa da. Gero eta zailagoa duzue errealitatea eta fikzioa bereiztea. Digitalizazio-aro gailendu eta gero, fikziozko mundua nagusitu da. Arestian aipatu aberatsok gailu-tresna-trepeta berrien zurrunbiloan murgilduta bizi gara. Literaturak ez du honezkero, ez ahalik ez modurik, mundu erreala interpretatzeko. Ez, behinik-behin, iraganean izan zuen gisan. Tira, idealizatzen ari naiz. Idealizatzea, horixe bide malkarra eta makurra!
Twist nobelaren heinak H.C. idazlea kanonizatu zuen. Nobelagile gisara erran nahi dut. Ipuingile kontsakratua baitzen ordurako. Poeta gisa ere ezagutua zen. Antzerkian ere ongi moldatzen zen, idazletzatik bizi ahal izateko banbalinetan jarduten baitzuen, hala beharrez jardun ere. Horregatik edo, fikziozko Xabier Soto eta Kepa Zeberio pertsonaiak horren ongi karakterizatu izana. Zu Joxi idazle ona izango zinateke torturaturik hil izan ez bazintuzte. Zu, Joxean, dramaturgo batek behar duen tramoiari aparta. Eskarmentuaren poderioz are hobeak izango zinateke egun biak ala biak. Apartak eta bikainak. Badakizue, Twist nobelaren ondoriozko nire idealizazioak dituzue. Ez, ez, zuek ez duzue jakiterik. “Ongi hil zintuzteten”. “Ongi hilak zaudete!”. “Ongi” torturaturik erran nahi dut. Hori oximoron laidogarria.
VI. Denak ala inor ez, dena ala ezer ez / Bakarka ezin da / Fusilak ala kateak / Denak ala inor ez, dena ala ezer ez.
Diego Lazkano duzue haatik, idazle bilakatu. Zuek “ongi” hilak zarete. Bera, aldiz, “ongi” bizirik dago. Biak “ongi”. Alegia, batzuk “ongi” bizirik dira eta beste batzuk “ongi” hilik. Erran nahi baitut: Lazkano zuen garaiko burkide baten mimesia duzue. Ongi bizirik. Zuen “hilketen” erruduntasuna eraman ezinik bizi da koitadua, haatik. Zuek “ongi” torturatuta hil izanaren erruz bizi da.
Lazkano koitaduaren kontura, hona kontu linguistiko hau: “Hilketak” beharrean “erailketak” idatzi behar al dut? Zapalduen hiztegiaren arabera norbait hila izaten denean, zapaltzaileenak “erailketak” dira, zapalduenak berriz “hilketak”. Hara, argitu aldera: euskaldunon hiztegiak txit ongi ebazten du afera linguistiko hori. Kasuon, bertze hizkuntzetan baino terminologia zehatzagoa da euskararena. Hiltzailea: hiltzen duena.
Bide batez, “borroka armatua” delakoa “borroka asmatua (*)” bihurtu zela adierazteko abagunea heldu zait. Lazkano damu da. Honegatik, horregatik edo hargatik.
(*) Asmatua: borroka idealizatua. Borroka imajinatua.
H.C. idazle bikainak, justizia egin beharra zegoela konturaturik, euskal kausak gatibaturik nonbait, bizi-molde bat eman zizuen. H.C. idazle bilakatu aitzin, zuzenbidearen lizentziaren jabe egin zen. Zer hobe justizia egiteko zuzenbidean zertutako idazle bat baino, ezta? (*) Justiziaren bideak ezin asmatuzkoak omen dira. Hori diotenek ez daukate literaturaren berri nonbait. Ez dakite, ezjakinezko bide horietan “asmatu” daitezkeela. Areago, asmatua eleberri beltza denean. Genero beltzak hildakoak behar izaten baititu baitezpada. Nobela beltzak hildakoak behar ditu, herri zanpatuek bizirik jarraitzeko hildakoak behar dituzten legez. Eiki. Zuek laborria pairatu zenituzten. Zuek pairatu zenuten nola, hala transmititu zuten Soto eta Zeberiok ere.
(*) Begi-bistan da, bistan denez, askoz onuragarriago da abokatu bat literato bihurtzea, politikari baino.
VII. Galtzailea nork mendekatuko? Zaurituekin elkartuz / Guk zaurituek, zapalduek / Zu zaitugu mendekatuko.
Cambalache, 1983 lehen kapituluak laborria sorrarazten du. Beldurrezko zinemara eramateko zinezkoa. Gailurra erdiesten duen literaturaren muina hausnartu daiteke atal horretan. Muinoa erdiesten duen nobela bihurgunetsua edota lur zulora jausitakoen gaineko literatura-muina duzue Twist nobela. Soto eta Zeberio protagonisten mimesiak izatea, H.C. idazlearen meritua duzue.
Lazkano jauna, zuk badakizu horretaz. Zu bizirik zaude eta. Fikziozko pertsonaia izanik ere, zuk ongi dakizu zer bihurtu zineten: [Martiri guztiak legez, herriaren adrenalina bilakatu zineten. Gero, berriz, herriaren anestesia. Herri hitzak zentzua galdu zuen aspaldian. Lagun maiteak, tuberkulu zatar bat baino ez zineten bilakatu, kare bizian lurperaturik. Desarrazoiaren aurkako ikur bihurtu zintuzteten, haserre askoren hodi-eroalea. Jendeak indarra behar zuen eta zuen hilobi ezagunean sartu zuen burua. Gorroto eta kuraia hartzeko. Une desleialetan hauxe errateko: bai, noski. “Gure mutilek” hau eta hori egin zuten, baina begira zer egin zuten Soto eta Zeberiorekin].
Hil zintuzteten, erraiak erretzeraino ongi hil ere. Herriak ez du barkatuko, ez du ahaztuko. Soto eta Zeberio bizi dira. Baiki. Fikzioan hilik, baina herri honen —parte txiki baten— inkontzientean bizi diren lagunak dituzue. Euren lagun eta burkide D.L. kazetari bihurtutako idazleari esker bizi ere. Ordea, zuek ez zaudete bizirik. Errealki hilik zaudete. Haiek bizirik daude: Zeberio isila, Zeberio diskretua. Zeberio zoroa. Soto argia. Soto berbontzia. Soto eledun ederra. Soto eleen egizalea. Soto lotsagabea. Lazkanoren lagunak.
VIII. Maldan behera urratsa / Betiko bidean latsa / Hodei ilunak gaua belzten du / Udazkena da ez bedatsa.
Lasa eta Zabala: lats zabala, lats latz zabala. Bide luzea eta zabala Mediterraniorainokoa. Lurraren erraietan lurperatu zintuzteten. Basadi lazgarri haren ildoetan. Zuek eginiko zuloaren baitan: “Nork egon nahi luke norbere larruan norbere burua azken zirrikituraino ezagutuko balu?”. Narratzaile iaioak bakarrik iradoki dezake hori. Alta, ez omen da komeni dena deskubritzea, alta bada, eta aldi berean, idazleak ezin du isilik bizi. Burkideek bizi izandakoaren hobena sentitzen duenean, idazle izatea xede duen lagunak nola uko egin kontatzeari. Gertatua jakitera ez ematea ere! Horregatik dira Soto eta Zeberio zuen mimesiak. Zuek —Joxi eta Joxean— fikzioan hil zintuzteten ordea, errealitatean hil ostean.
Ikaspena —fikziozkoa bada ere—: “Zergatik galdu itxaropena berriz ikusteko, berriz elkartzeko”, pentsatu ohi du Lazkanok (D.L.). Egunen batean zuek —Soto eta Zeberio— ikusteko menturaz bizi da Diego. Fikzioa ez da egiazkoa, ez gezurrezkoa ere. Fikziozko errate baterako: errealitatean udazkena ez da beti larrazkena. Bestalde, larrazkenean bedatsea ager daiteke. Fikzioa dirudi, alabaina, urtaro batean lau urtaroak ernatu daitezke. Zuek —Lasa eta Zabala—, aldiz, pertsona errealak izan zineten. Zuentzat ez da bedatserik izanen, Soto eta Zeberiorentzat bai.
IX. Gizon galdua; nork lagunduko? / Miseria sufritu ezin dutenak / Gaur ez bihar izan dadin eguna galduekin gara elkartuko.
Laboaren kanten hitzek liluratu ezik, nire burua torturatzen dute. Galderek josten dute nire pentsamendua. Garuna ezezagun handia da oraindino. Berpiztuko bazinete —40 urteren ostean— ohartuko zineten, dementzia, buru-gaixotasuna zeharo hedatua dela zuen adinakoengan, eta gazteagoengan ere bai. Zuek irudikatutako jendartea Babelgo dorrea bilakatu da beste behin ere. Jendea “zerura” bidea egin beharrean “infernura” bidean dabil berriz ere. Halarik ere, eliteak, boterearen peskizan dabiltzanak —zuen ildoko jendeak ere samalda batean— ez dira zuen gisara zeru-bidean desbideratu, hau da, ez dira zerua iristeko bidean infernuan jausi.
Garaiko literatura kritikariek erran zuten legez, Twist nobelaren azpiko izenburuak ongi baino hobeto identifikatu zintuzten. Soto eta Zeberio nola, zuek gizaki intermitenteak izan zineten. Jarraikortasun ezak, etendura konstanteak edota irregulartasun ugarik markatuta bizi izan zineten. Orduko jendartearen aldaketen zurrunbiloan arnasa hartu ezinean. Halaxe biziraun zuen Diego Lazkanok ere. Antzerkiak eman zion zentzuari esker, idazle bilakatu zen. Normarik gabeko herri anormal baten normalizazio bidean sartu zen. “Aristokrazia” herraz arbuiatzen duen herritarren ildoan —burges tipiak edo handiak legez bizi izanik ere—, “abangoardia” kamuts dorpe baten gidaritzapean herratu ziren zuen burkideak.
Diego Lazkanok idazle bilakatu behar izan zuen, “bere” guztizko Sotoren nahikaria bete ahal izateko, idazle izateko haren gogoa betetzeko. Lazkanoren bizitza ez zen erraza izan, baina idazle bilakatzeko beharrezkoa den eskarmentuak akuilatu zuen bizirik jarraitzeko. Burkideen hilketan parte hartu zuten Fontecha, Mesa, Vargas eta Hernandezen aurka borrokatu behar izan zuen ezinbestean. Gabriel Lazkano, Diegoren aita, Agirre Sesma abokatua, Idoia neska laguna, aldian aldiko maitaleak, hala nola, Ana edota Gloriaren —aita fatxa zuen laguna— arrimuan bizirik iran zuen, baita hala beharrean, Ines La bella eta Fede editorearen aldean. Horiekin guztiekin batera edo horien guztien aurka borrokatu behar izan zuen. “Borroka armatu asmatu idealizatua”-k lagunak (*) aurkariak bihurtzen ditu. Etsaiek ez zaituzte inoiz traditzen, traditu kidekoek traditzen zaituzte. Ez betiere. Baina haiek batez ere.
(*): Soto eta Zeberioren argotean, lagun kolegak kidekoak dira. Potentzialki, ez dago kolega baino traidoreagorik.
H.C.-k zuekin gogoratu zenerako hogeita bost urte luze pasa ziren, beste hamabost harrezkero —amona baten 80 urteko bizialdiaren erdia—. Ama sendo izatetik amona sendo izatera doan aldia. Bahituak lehenik, desagertuak ondoren, anartean torturatuta, tiroz kalituta, —piztiak bazinete legez— behin betiko lurperatuta izan zineten. Soto eta Zabala behin lurperatuta izan ziren, zuek aldiz bi bider. Artea errealitatearen espresioa nola, fikzioa errealitatearen imitazioa da. Halakoxeak zuek ere. Soto eta Zeberioren imitazioa izatera pasa zineten. Zuek baina, Mediterranio aldean lehenik, eta ostean, Kantauri aldean lurperatuak izan zineten. Soto eta Zeberioren hezurrak alegiazkoak dituzue. Zuenak, aldiz, benetakoak.
X. Zahar gazten arteko hau da parabola / Zuzen esplikatzea hein bat gogor da / Gaztea ez daiteke adin batez molda / Gorputza sendo eta azkar du odola.
Zuen bahiketak susmo irmoak eragin zituen. Gaur egunera etorrita, jendearen aieru uste susmo eta suposizioak desagertu dira arras, aspaldi desagertu ere. Honezkero ez dago elipsirik gure berbaldian, ez da adiskideen jarrerak justifikatu beharrik, ez da gaitzespen beharrik ere. Bizitzaren zioa —bizitzaren kontu hau— ez da egia edo faltsua den, ez literaturarik edo fikziorik den. Honezkero, eguneroko bizitzan, errealitatean, ez gara gure miseriak partekatzeko gertu. Elkarrengandik arrunt urrun gaude, urrun gaudenez. Mundua antzokia izan bada inoiz, egun inoiz baino are antzoki zabalagoa bihurtua duzue. Grezia zaharrean edota Aro Erdian baino dohainduagoak gara egun errepresentaziorako. Tolosa, Donostia zein Baionako karrikak benazko aktore dohainduez beteta daude.
“Gero eta gehiago da lagunei esaten ez dieguna, eta gero eta gehiago da lagunek kontatzen ez digutena. Gero eta handiagoa bihurtzen da haien bizitzeko hari mutur eskasak aintzakotzat hartuta haiek epaitzeko gure joera mizkina”. H.C.-ren burutazioak dituzue, D.L.-ren bizipenen ariora asmatuta.
Bizitza, fikziozkoa da aspaldion. Leialtasunen promesak aza-ura bezalakoa dituzue. Idealizatuak izatetik urruti “bizi” zarete honezkero. Fikzioa tarteko, modu ez-arrazionalez idealizatuta, larregi idealizatuak izan baitzineten. Ez da literaturan sinetsi behar, literaturaren maitaleak ez dira konturatzen literaturak tradituak izaten direla.
Literatura, bidetik amiltzeko arriskuaz ohartarazteko balio behar zaigu. Haatik, Lasa eta Zabalak ez zuten literatura bitarte bizitza esperimentatu. Ez zuten jakin fikzioak errealitatearen berri ematen digula. Behin bidean amilduta, beren zuloa egin behar izango zutela —Lasa eta Zalaren ildoan ibili zirenei ari natzaie—. Diego Lazkanorekin (G.L.) topo egiten baduzue, galdetu nor izan zen Fabian eta Fabian bikoa. Herritarrak izan gabe ere, paisanoz janzten ziren Intxaurrondoko txakur haiek. Nor izan zen Soto eta Zeberio bikoa galdetu ere. Galdetu “nor zen zein?” D.L.-ri. Berarekin bat egin ezinean, galdetu H.C.-ri. H.C.-ri esker, Xabier eta Kepa pertsonaiak ezagutu ostean, Joxi eta Joxean hobeto imajinatu ditzakezue. Imajinatu baino ez, ordea. Nolakoak izango ziren imajinatu bai, zer bilakatuko ziren sekula ez.
D.L. fikziozko pertsonaia da, X.S. eta K.Z. fikziozkoak diren legetxe.
H.C. ez bezala. Bera egiazkoa duzue, erreala. Lasarten jaioa. Hiriburuko (H)egia auzo aldean topo dezakezue berarekin. Egia hegian kulunkatzen da, egia ertzean dabil betiere. Egia auzoan ez bada, erdialdeko K.M. delakoan idoro dezakezu. Hiriburuko Aiete auzoko gailurretik hurbil edonola ere. H.C. zuek —Lasa eta Zabala— ezagutu zenuten muinora igo zen, baita zuen mimesiak gorpuzten ausartu ere. Soto eta Zeberiorena gogorra izan zen, baiki. Halaz ere, haiena zuen mimesia besterik ez da.
Literatura errealitatea imitatzeko xedetan gauzatzen da. Literaturaren xedea baina, xedera —tranpa— bihurtu daitekeela jakin behar duzue, baldin eta errealitatea iritsi ezina denez jabetuko bazarete. Fikzioa interpretatzen dugun heinean errealitatea iritsi ezina denez jabetu behar dugu. Gizakion artean benazko harremanak erdietsi ezinak diren legez, halakoxeak dira fikzioaren eta errealitatearen arteko harremanak ere. Horregatik, ordea, errealitatera hurbiltzeko baitezpadako zaigu fikzioa. Sinesgaitza eta sinesgarria aldi berean.
Oharra: torturatzaileek Soto harrapatu izan balute Lazkano beharrean, Sotok salatuko ote zuen Lazkano? Lazkanok egin zuen legetxe —gogoratu aldera diot—. H.C.-k dioenez, fikzioan erran ere, D.L.-k hori ez zuen inoiz jakingo. Diego Lazkano pertsonaia erreala balitz, fikziozkoaren antzekoa izango zela pentsu dut.
Literatura idealizazioaren desengainua da. Horra fikzioaren gakoa. Gakoa tranpa bihur daiteke horregatik. Lazkanok bere lagunak traizionatu zituen torturapean eta bere burua traizionatuta bizi da oraindik ere. Damu da. Bera ez da Itziarren semea, ez Zizurkilgo Joseba Arregi izan ere. Lazkanoren traizioa ez da erreala. Haren traizioa fikziozkoa da. “Traidorea” H.C. idazlea duzue. Bazen garaia, bai horixe. 25 urte iragan ziren eta —beste 15 iragan ondoren— 40 urte bete dira jada.
Oharra: berriro ere, hitzok Joxi eta Joxeanentzako dira, baita haien ildoan ibil zirenentzako ere.
XI. Miles Davisen King of blue / Tristezia suerte bat / Doinu goibeletan kulunkan
Legis Silva —latina hausnarrean—. Halakoxea zen kutsua garai hartan: elizako intzentsuaren kiratsa karrikaraino zabaltzen zen. Etsaien zioa nolakoa, bada, “gurea” ere halakoa. Elkarrekiko gauzatzen den jitea duzue, gero eta ageriago bihurtzen den elkarren eitea. Ez dago etsairik gabeko ziorik. Giza historia gizakion arteko gerren eta borroken konstrukto bat da. Bizitza arrunt paradoxikoa da. Edozein dela suertatu zaigun bandoan aritzea ere, humanisten aldean ikusten dugu gure burua. Humanistak gu gara. Etsaia da inhumanoa. Hori harrokeria! Garailearena harrotasuna da, galtzailearena berriz, harrokeria. Halaxe “gurea” ere. “Gurea”, XX. mendearen erdialdetik aitzina bizitakoa, “diktadura faxista baten legitimitatearen aurkako legerik gabeko borroka zilegitua” bezala deskriba daiteke.
Diktaduraren ostean, demokraziaren etorrerarekin, etsaien legis silva indarrean, “gurea” ere basoko legea bihurtzen joan zen. GAL (Grupos antiterroristas de liberación) delakoaren lehen hildakoak izan zineten. Lehenbizikoak izan zinetela urtetara jakin zen, zuek talde haren akronimoa ez zenuten behin ere entzun. Etsaiek, garaiko gobernuaren laguntzaz eta GAL delakoaren bitartez finkatu —eta bermatu— zuten euren demokrazia. Euren jiteko eta eiteko estatu demokratiko baliokideek euren “gerra” balioetsi zuten, baita demokratikotzat jo ere. Legis silva eta basatien lege zilegitua artean, lehena nagusitu zen. Lehena baitzen orijinala, bigarrena berriz, haren kopia txar bat bihurtzen joan zen.
Oharra: “Gurea” kakotx artean idatzi dut. Nire burua “zuen” barnean kokatzea neketsua eta dolugarria baitzait.
“Bahituak kexu jarraitzen du inurriengatik”. Twist nobelaren pasarte bat duzue. Soto eta Zeberioren burkide Lazkanoren zaintzapean dago bahitua. Inurrien izurritea jasaten du enpresari bahituak. Lasai Lasa. Lasai Zabala zu ere —nobelaren interpretazioan ari naiz—. Bahituak ez zuen zertaz kezkatu zertaz kexatu, bazekien bahitzaileek ez ziotela deus egingo. Tira, deus fisikorik ez, deus mortalik ere ez. Haren ondarearen puska bat kenduko zioten eta kito. Enpresariak langileei ustiatutako dirua, besterik ez. Hori egitea “ezer ez egitea” balitz bezala, to!
Oharra: H.C. idazleak arrazoibidean jartzen du D.L. idazlea. To eta no!
Diego Lazkanok zuloko izurritea uxatzeko Gabriel Lazkanoren laguntza baliatu zuen. Aitak ez zekien deus bahiketaz, jakina. Jakin izan balu ere, hauxe pentsa zezakeen —guti goiti-beheiti—: “Hori egitea gizatxarkeria da, baina, semeak parte hartu badu… Putakume batzuk dira —beren ama santua izanik ere— baina ‘guretarrak’ dira”. “Gure” eta “guretarrak”. “Gure mutilak”. Anartean, neskek ez zeukaten gerora hartu zuten protagonismoa. H.C.-k Twist idatzi zuenerako hasi ziren “gure neskak” lubakietako banbalinetatik eszenatokira irteten.
“Gora gu eta gutarrak!”. Zuen garaian, 1983 urte aldean, lelo hori ez zen horrenbeste entzuten edo ez irmo aldarrikatzen behintzat. Halarik ere, handik 25 urtera, lema hori ozen entzun zen. 40 urtera oraindik ere entzuten da haren oihartzuna. Besterik ez bada, “gerra” hura galdutakoek oroimenari leial atxikirik jarrai ahal izan dezaten. “Borroka bidea da”. Bidean jarrai! Bietan jarrai! “Lema eta dema” betiere. H.C.-k nobela plazaratu zuen garaian bi bideetako bakarrean aritzeko garaia heldu zen. Heldutasuna eta zentzutasuna ez datoz beti bat. Zentzua heldu ahala kamusten da. Zena zela ere, garuna artean umotu gabe, “politikan” jardun beharra zegoen aitzinantzean. Hala beharrean. Halabeharrez. Halabeharrezko Basadi hark bertze 40 urterako lurralde errea utzi zuen gibelean, bertze 40 urteko aldia aitzinean. “Gora gu eta gutarrak” oihukatzen dutenen garuna ontzeko basamortua eta harea horizontean, berriz ere. “Patuaren kontuak” diote euskal kausarekiko (in)kontziente fidelek.
Lema eta dema. Borroka bidea izanagatik, irautea irabaztea dela pentsatzea ere! Horra garun heldugabearen tema! Dema eta tema! Borrokaren latzak are etsai gehiago ekarri zuen ordurako. “Zuretarrak” ez zirenak, “arerio” izatetik “etsai” izatera behartu zenituzten. Etsaiek ez dute ahanzten “gerra politikaren jarraipena dela” eta “politika gerraren segida”. Aldi odoltsu gabeko garaian, bakealdi garaiko arerioak —aliatuak izanik ere— etsaiak bihurtzen ditugu gerra garaian. Tristeena, zera, zera zerakoaren zera: gerraren ondorioz “arerioen eta etsaien” arteko sinbiosia gauzatzen da, baita euren arteko maitasun-gorroto sindromea derrigorrean akomeatu ere. “Gerra” ezarri duen indartsuena gailentzen da.
Argipena: nire lengoaian, bizitza arruntean, “bakealdian” edo, “arerioa” aurkaria da. Gerra garaian “etsai” bakarra dago.
Zuen etsaiak “hobeto bizitzen” ikasi zuen, “ederto bizitzen” ere. Erran dezadan “ederto sufrituta bizitzen”, baita sufrimenduan garaile altxatzen ikasi ere. Sufrimenduak hil ezean, indartsuago egiten gaitu eta. “Gure mutilek” bilatzen zuten garaipena, euren victoria bihurtuko zela jakitun ziren etsaiak. Gure mutilek “irabazi dugu” erraten zuten bitartean —zuen guru/buru baten berbak dituzue—, etsaiek “irabaziko dugu” zioten ahapetik eta “irabazi dugu” diote orain ahoz gora.
Soto eta Zeberioren Donostia, Diego Lazkano idazlearen Donostia kosmo-hipokrita-polita bilakatuz joan zen. Herriaren askatzaileak gero eta isolatuago eta jendartea areago hipokritagoa bihurtuz. Zuen jarraitzaile sutsuen “jendartea eta herria” barne, jakina. Zuek hil ostean —akabatu eta kalitu ostean— jaio ziren iraultzaile-belaunaldi berrien garaia esplikaezina bihurtu zen. Gazte belaunaldi berria harro zegoen euren aurretikoek urratu zuten “bidea da borroka” lemarekin. Borroka suerte hura borroka asmatua zenez jabetu gabe. Bide armatua asmatua eta imajinatua, idealizazio bidean amiltzen da ezinbestean. Asmatua espresio bortitza denean “borroka armatua” eufemismoa bihurtzen da ohartu gabe. Borroka armatuak berak, berau praktikatzen dutenen argudioak desarmatu ditzakeela konturatu gabe. “Harrook ongi ulertzen diagu elkar”, zioen Lazkanok. Baiki, harro izan behar da, zuk baina mila arma (*) gehiago duen etsaia armen bidez makurraraztea dagoela pentsatzeko. Horrela pentsatzen duenak harrokeria ez ezik, zapokeria bizi du. Garun ondu gabeko pertsona bilakaturik.
(*) Modu eta molde guztietako armak, alegia.
Honatx, zuen garaiko abokatu baten errana: “Gure mutilak errealitatetik at bizi dira, mundu errealetik kanpo daude arras”. 1980 urteetako aburua duzue. Zuen burkideen kasuak defendatzen zituen abokatua. Errealitatetik aldentzen hasita zineten. Kausa galduen garaia joaten hasia zen. Kausaz harago eta honatago, ari zen lanean abokatu hura. Zuek “kausa galdua”-ren aldeko borrokatzeko etorri zineten mundura. “Kasu galduen artean, kasu arrunt bat gehiago” izan zen zuena.
Oharra: aurreko hori ez da nobelako pasarte baten interpretazioa. Nire bizipena da. Erreala, naski.
Ordurako halaxe bazen, bada, pentsa ezazue, H.C.-k Soto eta Zeberio pertsonaiak asmatu zituen garaian borroka armatura heldu ziren burkide berriek bizi zuten errealitatea. D.L.-k zuen kasua defendatzeko “kontratatu” zuen abokatuak, Agirre Sesmak, honela erran zion behinola Lazkanori berari: “Kausa galduen garaiak joanak dira, ez zaitez engaina”.
Oharra: hau nobelako pasarte bat duzue. Fikziozko bezain erreala.
Javier Fontecha Alberdi —zuen Julen Elgorriaga Goienetxe— mediokre neurritsua izanagatik, gerra zikinetik garbi ateratzeko moduko politikaria izan zen. Atx! Zuek… Zuek ezin izan dituzue nobela neurritsu brillante honetako trama eta drama pasarteak irakurri. Agirre Sesmak sarritan Lazkanori honela ziotson, euren arteko ezbaia trenkatu ahal izateko: “Justizia lortzen dugun ala ez!”. Abokatua kausa galduaren kasu galduen aldeko justizia lortzeko borrokatzen zen. Sesma Agirre Estatuak aplikatu behar duen justizia bermatzen saiatzen zen juzgaduetan. Kausaz harago, zuen kasuaz aritzen zen. Zuen kausaren alde justizia egitea kasu galdutzat jotzen zuen Agirre Sesma abokatuak.
Oharra: zuen burkide analogo Soto eta Zeberioren kausaren eta kasuen mimesia egiten ari naiz.
Ikaspena / Ikuspena: kausa galdua denean, herritarrentzako justizia bermatu ahal izatea nekeza da oso. Ia ezinezkoa. Kausa galdua denean bakan egiten da justizia. Lasa eta Zabalaren kasua, kasu askoren artean beste kasu bat izan zen. Euren heriotzen arduradun/erantzuleei ez zaie “justiziarik” egundo egin.
Juzgadutako justiziaz ari da nobela: “Zer iruditu zaizu ETAren erreskateak ordaintzen laguntzeagatik Murillo parlamentari eta abokatua atxilotu izana?”, galdetu dio Agirre Sesma abokatuak Lazkano etakide ohi torturatuari: “Astakeria bat”. Izan ere, arrazoi humanitarioak direla tarte egindako bitartekaritza lanak zigortzea ere! Etorkizuneko Joxi eta Joxean moduko beste burkideen defendatzaileentzako, arrazoi humanitarioak tarteko egiten zuten bitarteko lana ezinezkoa bihurtu zen. Ez naiz ari bahitzaileentzako diruaren ordainketaz, bitarteko lanak gauzatzeko behar zen diruaz baizik. Alegia, estatutik at ere, estoldarik estolda, estoldak “hiria”-ren eta “herria”-ren azpira zabaltzen dira, baita bandoen artean mafiaren germena ernarazi ere. Ez dago negoziorik gabeko ideologiarik. Negozioak aberatsen aferak dira. Aberatsek baina, ez dute ideologiarik. Contradiction in terminis. Bizitza nola!
“Gizarteratze sozialaz ari ziren” ez “damutzeaz”. “Gure mutilak” alegia. Zuen burkideak, zaharrak eta berriak, ez bide dira damutu. Hala uste dute. Hala erran ere. Alta bada, Estatuak —maiuskulaz, Espainia du izen propio— ezarritako arau eta lege pean sozializatu dira. Garaian garaiko burkideek “asmatu” zuten “gerra”-tik ikusten zuten “mundua”. “Gerra” haren ondorioz, “minaren sozializazio berri” moduko bat garatu zuten itsu-itsuan. “Sufrimenduaren sozializazioa” delakoa asmatu zuten “borroka asmatua“-ren jardun bidean. Helburuak jo-mugak bilakarazi zituzten. Kausaren objektiboak bihurrarazi zituzten. Borrokaren jo-muga objektiboak bihurrarazi zituzten. Helburuak eta jomugak nahastu zituzten—zituzten, baiki—. Aburu objektiborik ezinean, abokatuak, kazetariak, politikariak… objektiboak izatera pasa ziren. Militarrak, guardia zibilak, polizia nazionalak —zuen hezurrak babestu aldera zuen hiri-herriko hilerrian aritu ziren ertzainak barne— euren marjinalitatetik erdialdera pasatzen hasi ziren, baita euren aurpegi goibeletan irrimarra moduko bat islatzen hasi ere. Doluzko hainbeste urteen ostean, harrezkero, euren bihotzak ez ziren erritmo desesperagarrian palpitatzen zuten bakarrak. Ez ziren jada, zuen —eure etsaien— aburu objektibo galduen jomuga bakarrak.
Oharra: zuen burkidek “Bietan jarrai” lemapean aurrera segitu zuten eta borrokaren juzku objektiboak, bide bietan, jomugak bihurtu ziren.
XII. Doinuz doinu / Airez aire / Hariz hari Soto eta Zeberio / Ariz ari Lasa eta Zabala
Rodrigo Mesa koronelak Vargas akolitoari erraten zionez, “ezkontzek ezkontza berriak egiten ditiztek, hiletek hileta berriak”. Gero eta “arerio” gehiago ezkonarazi zenuten etsaiarekin. Arerio anitz etsai bihurrarazi ere! Koronelak zioenez, “gutxi eta finak, botikan bezala“. Vargasi, hitz haiek eldarnioak begitantzen zitzaizkion. Rodriguez Mesaren hitzek —hala nola Rodriguez Galindoren burutapenek— zio ausarta zeramaten ordea. Galindorenak, buruaren penak baino buruaren zioak ziren. Buruaren zioak buruaren akzioak izatera pasa ziren: “Euren ekintzak nolakoak halakoxeak gure akzioak” ziokeen koronelak. Biak ala biak justiziazkoak. Justizia, finean, nork bere kausaren moldera ulertzen baitu. Edozein bandoko partaideak justizia egiten duela pentsatzen du. Justizia egin aldera etsaiak ezarritako legea urratzen duenak, “gerrako injustizia zuzengabe bat” sustatzen du bidegabeki. Izan ere, injustiziak, alde bateko nahiz besteko morroi-koitaduek sufritzen dituzte batez ere, sufritzen eta ordaintzen dituzte oroz gain. Zuek, Joxi eta Joxean, errotik dakizue (in)justizia zer den. Estatua kudeatzen zutenen eta Estatua helburu zutenen sustrai sakoneko (in)justiziaren erroak eta erruak sufritu zenituzten eta.
Ikaspena: erroetara itzultzea erruak ezagutzeko bidea urratzea da.
Giza historia (i)legalitatearen gainean eraikita dago. Hori ulertzeko gazte berdeak ziren artean. Lasa eta Zabalak Twist nobela irakurri izan balute, Soto eta Zeberio ezagutu izan balituzte, agian, euren mundualdia bestelakoa zatekeen. Tamalez, iraultzaile koitaduek utopia gaztetik barneratzen dute, utopiaren hitzaren adiera ulertu barik. Hogei urte bete berriak desagertu ziren. Desagertu, hau da, bahituak, torturatuak eta kalituak izan ziren. Koitaduek berauek zabaldutako zulo bat izan zen euren hilobia. Joxi eta Joxeanek ez zuten euren Xabier eta Kepa homonimoen fikziozko literatura ezagutzeko lain bizi izan, hots, Sotok eta Zeberioren utopia begi-bistakoa. Bizitzari zentzu emateko baitezpadako zuten “utopia”-ren tasuna hautemateko gauza al ziren? Baliteke. Lasak eta Zabalak ez. Twist irakurri izan balute, menturaz, haien patua bestelakoa zatekeen. Agian. Beharbada.
“Mundua zikinagoa zen orduan, baina politikariak garbiagok zineten” adierazi diote Javier Fontechari. Fontecharen arrapostua: “Gazteago ginen denak”. Ba ote? Euskal Erdian ari zen Julen Elgorriaga delegatuari esaldi hori zer iruditzen zaion galdetzea ongi litzateke, ezta? Tira, buruzagi sozialista ohia, damurik gabe, laido suerte guztiak albo batera lagata, laudorioak jasotzeko moduan egongo da, to! Bera bai, bera ongi baino hobeto sozializatu zen. Baita haren gainekoak ere, Vera bera, baita Barrionuevo ere. Auzo-berri auzi-berri! Auzi-berri bizi-berri!
XIII. De tanto mirar la Luna / Ya nada sabes mirar / Eres como un pobre ciego / Que no sabe a dónde va
“Iparralde”-ko gerra bizirik mantentzea zen Iparraldeko erretagoardian babesten zirenen helburu. Etsaien Iparraldeko gerra imitatu zuten. Nork bere iparraldea! Bando bakoitzak bere iparra. Nork bere herria, nork bere santuak, nork bere santutegia:
— Herri txikia duk gurea.
— Herri txikietan estimazioa edo gorrotoa, handiagoak dituk beti.
[…]
— Ez zian sekula tirorik jaurti. Ezta airera ere.
Elkarrizketa hori zein bandokoena den? Nobela irakurri. Kasu, halere. Fikzioa izanagatik, berau interpretatzen jakin behar duzu. Iparrak ipar, nork bere santua. Santurik ba ote “gerra”-n jardutean? Bandoak bando, zuen “gerra”-n bi aldetakoak, biak ala biak, kristauak izaki. Alta, bada, kristauak izanagatik, alde batekoei baino ez zaie Ego te absolvo aplikatu. Gerrako bi aldeetan morroi-koitadu parrasta aritzen da, baina askoz koitaduagoak izaten dira galtzaileen bandoko morroiak. Azken bulkadan, omen, egia beti jakiten da. Ez dakit hori Lazkanok edo Canok errana den. Edonola dela ere, “egia” eta “justizia” ez da egundo irabazle eta galtzaileentzako modu berean aplikatu.
“Justizia eta erreparazioa”. Horra 40 urtetako injustizien ostean jalgi zen lema. Barkuaren nora zuzentzen dutenentzako —edozein aldeko edo bandoko diren ere— lema paregabea. Barkuaren arraunari eragiten diotenentzat justiziarik ez da inoiz izaten, eta are gutxiago erreparaziorik. Ordea, barkuaren patroiak beti dira salbu, baita, derrigorrez bada ere, barkuaren lemazaina ere. Arraunlari morroiak Europako “gure” kostaldetara —arraunik gabeko— pateratan eta Cayucoetan iristen diren koitaduen parekoak dira.
“Fontechak Soto eta Zeberio kasuan inputatu bezala deklaratu zuen”. “Lasa eta Zabala” kasuan Elgorriagak nola. Fontecharentzat nola Elgorriagarentzat justizia izan zen. Aldiz, berbarako, Lasa eta Zabalaren Axun eta Pili ahizpentzat justizia bera izan al zen? Indarrezko estatu zuzenbideak estatuetako estolda usteletako morroiak “ustezkoak” bihurtu ohi ditu. Legebiltzarreko estolden gainean eraikitako justizia jauregiek, usteak uste, ustelak ustel, boteredunen justizia bermatzen dute. Bahituta, torturatuta eta zulo batean akabatuta direnen gorpuei usteltzea baino ez zaie geratzen. Bi bandotako usteak uste, ustelak ustel izaten dira betiere. Jakina, alde bateko bando-kideek beste bandakoen aldean baino ez dute kiratsa usaintzen, alafede.
“Armak hartu zituen jendea defendatu zenuen garai batean”, erran dio Lazkanok Agirre Sesmari. “Garai batean armak hartzeko arrazoiak genituela uste nuelako. “Baina zuk ez zenituen hartu”. Alegia, Agirre Sesmak ez zuen sekula tirorik jaurti, ezta airera ere”. Horra, Soto eta Zeberioren burkide Lazkanoren argudioa eta funtsa. H.C.-ren hitzen harian nire interpretazioa: “Gaizki ulertutako altruismo baten araberako borrokalariak izan zineten”. Altruismoa alabaina, gizentzen den diligentzia duzue. Altruismoa handituz doan ahalak berau praktikatzen dutenen gogoak ez ezik, asmoak zapuzten eta aldrebesten ditu. Hona, zuen garaiko burkide baten poesia lerroa: “Burkideen odolak dira, bai, zuen lagunen odolak, begietatik isurtzen dituzuen malkoak”.
Rodrigo Mesak eta bere mutilen malkoak nola —Vargas eta konpainiarenak, Fabian & Fabian-enak— halakoxeak zuenak ere bai. Soto eta Zeberiori laido irain trufa eta torturak sufriarazi zizkieten haiek ere, euren lagunen odolak zituzten malkoak. Begia begi truk. Rodrigo Mesa eta Fontecha fikzioan, Rodriguez Galindo eta Julen Elgorriaga errealitatean. Zuek onartutako “gerra”-ri aurre egiteko “gerra garbia” alferrikakoa bihurtu zenean GAL delakoaren izenean “gerra zikina” praktikatzea ezinbestekoa izan zitzaion estatu omnipotenteari. Alabaina, pentsa, Vargas ospitale psikiatrikoan egon zen. Gerra zikinaren eraginez, nonbait. Gerra garbiak halakorik eragingo ez balu legez. Hori ironia!
XIV. Hegazti errariak pausatu dira leihoan / Argia eta itzala bereizten diren lekuan / Argia eta itzala leihoan pausatu dira hegazti errariak
William Faulkner, The Doors, Victor Jara eta abarren letra eta musika-dosiei esker, Diego Lazkanok iraunarazi zituen bizirik Soto eta Zeberio. Dolua ez ezik, damu suerte batek galarazi zion loa: “Nigatik hil hintzen, nire bitartez biziko haiz” ziotson Sotoren arima herrariari. Lazkanoren kontzientzia herrenak biziarazi zuen Soto. Soto lagunaren funtzioa betetzen lagundu zion idazle izatera iristeko. Soto eta Zeberioren kasuari Silvae odorem leges sapiunt usaina zerion. Basadiko baso usain basa zerion.
Fenomeno sozial politiko armatu kultural baten menpeko koitaduak/gizakitxoak izan zineten. Etengabeki, eta ohartu gabe, elkarri elikatu zioten belaunaldi bateko partaideak. Basadi hartan, kausaren kasuak bete zituen estatuen justizia administrazioak in dubio pro reo printzipioak aplikatu zituen. Bistan da, ez zuen aldekoen alde. Bai zera! Kausa eta kasua, hegazti herrariak legez, bidez nahastu ziren bidean bide.
XV. Por más que la dicha busco / Vivo penando / Y cuando debo quedarme / Vida y me voy andando
H.C.-ren Twist nobelaren istorioa Aiete auzoko La Cumbre Jauregian ernatu bide zen. Behinola, K.M. liburutegira bidean zihoala, Bella Easo ziutatean barrena, La Cumbre Jauregiaraino igo zen abangoardia literarioaren lubakietan barrena. Harkaitz Cano Jauregiren beraren hirian. Zuek hirietan hazitako lagunak izan zineten, baina, liburutegietan eta museoetan baino, Basadiko zuloetan eta lubakietan barrena ibiltzea suertatu zitzaizuen. Zuek ez zineten Lubaki banda literarioko partaideak izan. Nork bere abangoardia. Gauza bat da Ulises idaztea eta beste bat Ulises izatea. Zuei bigarrena izatea tokatu zitzaizuen. Tokatu eta ez egokitu. Batzuek sinonimoak bezala darabilte, baina ez dira halakoak. Ez horixe! Bestela galdetu Diego Lazkano idazleari. Berari bizitzea egokitu zitzaion, Soto eta Zeberiori, hots, zuei hiltzea tokatu. Loteria suerte bat.
Ready-made. Halaxe bizi zineten zuek. Bizitza ikusiezinak diren indar batzuek kontrolatuta omen dago. Loteria suerte bat. Norberaren bizitza nola, bere mundua halaxe izaten da. Hainbaten arabera —baita beren burua ateotzat daukaten askoren arabera— sistema politikoen menpeko “herria eta jendartea” ezkutuko loteria banatzen duten putakume batzuek determinatuta daude. Alea jacta est! Zuek zorizko partida batean itzulipurdika errodatzen duten dadoak izan zineten.
XVI. Las penas y las vaquitas / Se van por la misma senda / Las penas son de nosotros / Las vaquitas son ajenas
Makilaren ziria pairatzen duen ganadua izan zineten. Kontrola ezinezko “gurutzada” jasateko munduratuta. Jorge Oteizak zioenez, “laurogei amonak banatzen gaitiztek neolitiko arotik”. Eta? Bada, historia senti-amen batean gauzatzen dela. Pentsa, zuek amona baten bizialdi-laurdena baino ez zenuten bizi izan. Bizitza antzezkizun gisa bizi dugu hainbatetan. Zuen kasuan, Tolosako hilerrian eman zen perfomancea, behin betiko geratu da inkontziente (*) kolektiboan. Zuek hilerriratu orduko aitona-amona eta birraitona-birramona anitzek ezaguna zuten zuen esperientzia, zuen aita-amak bizitzen ari ziren esperientzia, anaia-arrebaren esperientziak barne. Orduko aita-amak joan badoaz, egungo aiton-amonak direnez gero. Euren garuna lo edo izoztuta bizi izan dira. Anestesia sakona pairatu izan zuten, hartu zuten adrenalina dosia zinez fuerte izan baitzen. Halabeharrez hartu ere.
(*) Inkontzientea: ez-kontzientea. Errealitatetik at bizi duena.
Urte asko pasa eta gero, mende honen erdialde aldean, 2048 urteen aldean, barkamenak, erruak, hobenak eta lotsak ernatuko dira hiriburuetako zimiterioetan berriro ere. Zimiterioa “lo-tokia” da. Euskal Herri giristinoaren kausaren ildoan eta logikan lurperatuta izan zineten. Herri honen —zuen aldeko parte horren— inkontzientean lo zaudete orain. Lotan “bizi” den inkontzientea.
D.L. eleberriak argitaratzen hasia zenean Gloria ezagutua zuen. Gloria. Aita fatxa baten alaba. Gloria eta Diegoren artean bazegoen afinitate bat, sinpatia bat, begikotasun bat. Ez eskandalizatu. Nork ez dauka fatxa bat bere familian? Areago, nork ez darama fatxa baten jite apurra bere baitan? Bizitza egunero jokatzen den antzerki-lana da. Kontua da, norberari zein rola jokatzea tokatzen zaion. Ez da gauza bera antzerkigilea edo antzerkilaria izatea. Batzuek obra egokitzen dute eta beste batzuek rola jokatu. X.S.-k eta K.Z.-k zuen rola jokatu zuten, eszenatokira atera barik ere. D.L. eszenatokira ateratzen zen, laburki badaezpada ere. Haatik, hura libratu zen eta zuen analogoei hiltzea tokatu. Zuek hil ondoren, Diego Lazkano bizitza bizitzen hasi zen. Ordea, Twist nobelan nola, zuek bizitzako antzerki-obraren lehen atalean hartu zenuten lurra.
40 urte eta gero, mendebaldeko gizarteetan lotsa galdu omen dugu. Demagun: musulmanen aldean, jendarte post giristino honetan apenas dago lotsaren aztarnarik. Dena da jenial, dena da espektakularra. Europa zuri hegemonikoak ezin die aitzi egin Afrika beltz hegemonikoak espultsatzen dituen beltzezko pariaz betetako cayuco eta paterei.
— Cheguei a Lisboa, mas não a uma conclusão.
Diego Lazkanoren gustuko aipua duzue, Fernando Pessoarena.
Zer nahi duzue erratea? Dena edo ia dena errana dago. Bide guztiak iristen dira Erromara. Alta, inork ez du konklusio zehatzik ateratzen egindako bidaiaz.
Gloriaren aita fatxa zen: “Badakik fatxa bat dela, probokatu egingo hau, hik segitu hari korrontea eta kito”. Hala ziotson Gloriak Diegori. Halaxe egin zuten modu batez ere, borroka asmatuaren bidean jardun zuten zuen burkideek. Pentsa, euskal jatorriko Fraga Iribarne fatxa oiha edo Aznar demokrata-fatxa berria demokratak bihurtzen lagundu zituen zuek hil ondorengo borroka armatu asmatuak (*). Fatxek probokatu eta haien korronteari segituz, haien goaiatan ito/urtu ziren. Pentsa, Gloriaren aita fatxa eta Meliton Manzanas torturatzaile psikopata hura terrorismoaren biktima izendatu dituzte. Zuek, berriz, estatu terrorismo zurituaren biktimak izatera iritsi zarete.
(*) Borroka armatua, asmatua izatera pasa ostean terrorismoa izatera heldu zen.
— Meliton Manzanas Gonzalez zer izan zen, bilaua edo heroia?
— Javier Etxebarrieta Ortiz Txabi zer izan zen, bilaua edo heroia?
— Dolores Gonzalez Katarain Yoyes zer izan zen bilaua edo heroia?
Ez du horrenbeste axola. Idazlea, hots, historiako istorioen kontalaria bilakatu nahi duenari, Diego Lazkanori, kasu, Txekhov moduko bat izatea axola zaio. Fontecha, Zapoa —abokatua—, haren alaba Cristina, Idoia, Ana, Ines… Gloria halaber, haren aita fatxa barne. Kolega edo kideko horiek guztiek barne erraiak erretzen dizkiote, antzerki-lanak edota nobelak idazteko lain erre ere.
Antzerkia karriketara jaitsi zen aspaldi Bella Eason. Jokalariak jende arrunta dira. Hala galdetu zioten Javier Fontechari (Julen Elgorriagari) auzitegian, antzokian. Fiskalak:
— Estatu terrorismoa egin zenuten.
— Errudun zinela aitortu duzu.
Fontechak:
— Eta aitortu banu ere, zer? Orainak errugabetu egiten gaitu.
Batzuetan gauzak egin egiten dira eta gero etorkizuna etortzen da. Errudun zarela esan behar baduzu, lasai esan ere. Bizitza orainean asmatzen datza. Zuei orainean asmatzen bizitzeko aukera ukatu zitzaizuen. Zerk? Zeinek? Nork? Patuak? Ezkutuko indar kontrolaezin horrek? Edonor dela ere, zuei ez zizuen aukera eman errudunak zinetela aitortzeko. Bide guztiak Erromara garamatzate. Bidaide batzuk itzultzen dira, beste batzuk ez.
Literaturak urpekoak lurgainera azaleratzen ditu. Diego Lazkano eta Gabriel Lazkanoren arteko elkarrizketa hau lekuko.
— Literaturaz mintzatzera etorri naizela uste duzu?
— Zer besterik dago bizitzan, literaturaz aparte?
— Txantxetan ari zara.
— Txantxa infinitua duk bizitza.
[…]
— Aktorearenak gain hartzen dio zure kasuan. Inpostore bat zara, putakume bat.
Diego semea putakume bat izan zen Gabriel aitarentzat, baina “guretarra”. Gabriel, berriz, aita putakume barkaezina da semearentzat. “Etsai”-en laguntzaz “desagertua”. Kontuak kontu. Lazkano harrapatuta zegoen. Fontecharen —Elgorriagaren— tratua onartu besterik ez zuen izan. Diego Lazkanok edanari eman zion sasoi batez… Ahaztu nahi izan zituen Soto eta Zeberio. Ahaztu egin nahi izan zuen bere konfesioa, jasan zuen tortura, “nostalgiarik gabeko souvenirra” bilatu behar izan zuen.
— “Norekin edango dut orain hiletan zure osasunean?” (Diego Lazkanok Xabier Sotori).
Gloriaren aita, fatxa, monstrua bat zen. Diegorena, putakume galanta.
Oharra: aurreko hori guztia nik manipulatutako eszenak dituzue. Nobelaren errekreazio/interpretazio/disertazio suerte bat. Bidea borroka da. Bidegabea. Bizitza bide-manipulatua da. Ezkutuko esku kontrolaezinek determinatua.
XVII. Maite ditut maite geure bazterrak / Lanbroak izkutatzen dizkidanean zer izkutatzen duen ez didanean ikusten uzten / Orduan hasten bainaiz ezkutukoa… nire barruan bizten diren bazter miresgarriak ikusten
Argentinako River Plate-Boca Juniors arteko partidak orduan nola, gaur egungo Athletic-Reala derbia. Bartzelona-Real Madrid. Real Madrid-Atletico… Erlijioa ez da jagoitik herriaren opioa. Globalizazio garaion futbola dugu opioa: adredalina. “Politika” berriz, herriaren amnesia. Soto eta Zeberiok ez zituzten Diego Armando Maradonaren jenialtasunak ezagutu, ezta Lasa eta Zabalak ere. Ez biko batek ez besteak. Alegia, ez H.C.-ren X.S. ez K.Z. pertsonaiak ez Joxi Lasa eta Joxean Zabala futbol zaleek. Diego Lazkanok bai. Lazkanok Argentinak 1986an Mexiko lortu zuen garaipena ezagutu zuen, baita 1990ean Argentinak Italian jasan zuen porrota ere. Biak ala biak, garaipena eta porrota, Alemaniaren aurka.
Oharra: duela 40 urte Mesias hila zela bizi ginen. Maradonaren jainkoaren eskua ezagutu ondoren, Messi heldu zen. Nietzschek jainkoa hil dela erran omen zuen. Hala izanik ere, jainkoa hiltzeko ez ote humanitate osoa hil beharko?
“Jolas gaitezen hemendik hogeita bost urtera non eta zertan ibiliko garen asmatzera”. (D.L.). Jokoa ez da errenta, jolasa berriz, hagitz arriskutsua. Bizitza erregarria izan zen zuena. Zerura aldera daraman jokoaren arriskuek infernuaren jolasetara eraman zintuzteten. Orwellek 1948an idatzi 1984 nobelan iragarria, ez zen alderagarria izango Xabier Sotok 2024 balizko nobelan iragarri zezakeenarekin. Ez Sotok ez Lazkanok ere. Harkaitz Canok bai. H.C.-rena 2011n ahitu zen, ordea. Orain, 2024 urtea da. Iraila.
Artean, poesia pixka bat 2048 nobela posiblerako: uda horia da jada. Laster larrazkena. Ondoren heldu ohi dira okreak. Zuentzat, gazte berde haientzat, aro nagusia bedatsea da betiko. Udaberria. Primadera. Gorria iraganeko zuen begirada lausoan ageri da.
XVIII. Cuando ensillo mi caballo / Me largo por las arenas / Y en la mitar del camino / Ya me he olvidao’ de las penas
Soto eta Zeberio Uztaritzeko festetara joan beharrean etxean egon izan balira. Lasa eta Zabala Arrangoitzeko bestetara joan izan ez balira. Zer? Bada, Sotok ez zuen Mientras agonizo liburutzarra irakurriko, ez erdia ez osorik. Ezta jatorrizko As I Lay Dying delakoa ere. Ez litzateke H.C.-ren parekoa izatera iritsiko. Willian Faulkner euskaldun suerte bat, alegia. Beno, hor nonbait hori ere. Twist, gure historiaren istorio hau, bestelakoa izango zen. D.L. ez zen idazle bilakatuko. Ez zuen istorio hau asmatzen lagunduko. H.C.-k ez zuen ere Twist idatzi izango. Areago, Imanol Lartzabal, Imanol kantaria, hil izan ez balitz (*), ez zuen Fakirraren ahotsa nobela idatzi ahal izango ere.
(*) Hil izan ez balitz, hil izan ez balute, hil izan ez bagenu. Tira, Imanol berez hil zen. Alabaina, gure hilerrietako eta jaixetako jendarte inkontziente horrek Imanol amiñi bat hiltzen lagundu zuelakoan nago. Tira, literaturak hipotesiak iradokitzen ditu.
Xabier Soto nobela ibiltaria zen. Eguna hogeita lau orduko perfomance gisara esperimentatzen zuen. Lazkanok Orwell irakurria zuen, Sotok ez ordea. Sotok honela ziotson Lazkanori: “Ilunak gaituk barrutik, baina ez gaitzala zahartzaroak erokeriarik egin gabe harrapa!”. Artean, idatzi gabe, Lazkano konbentzituta zegoen Soto idazle handia izatera “deitua” zela. “Guapoago banintz, hilda nengoke!”, zioen Sotok. Tira, hori boutadea. Pellokeria, alors. Gazte hil diren artistak ez dira baitezpada guapoak izan. Soto guapoa izan barik, gazte hil zen. Tira, hil zuten. Patuak gerorik gabeko etorkizuna eskaini zion.
Beharbada, Soto ez zen idazle bilakatuko ere. Agian, ez zuen Gabriel Arestiri buruzko tesia eginen. Ez zen unibertsitatean ariko, ezta Basadi hartako edozein herriko jaixetan ibiliko. Ez zituen Gabriel Arestiren poemak eta David Bowiren kantuak erkatuko. Ez. Bere mundua “sinpleago” litzateke. Artean, Gasteizko Legebiltzarrean jardungo zukeen, edo Madrilgo Parlamentuan, edo Bruselakoan. EH-Bilduren izenean barik, EAJ-PNVren edo PSOE-PSEren edo Elkarrekin-Podemosen ariora jardun ere.
Beranduago, beranduegi jadaneko, “ez zara gutarikoa, baina onartzen zaitugu…” modukoak entzuten ari ziren zuen bandoan —Lasa eta Zeberioren bandoan, alegia—. “Hori bai, laido burges txikia eta barretxoak izango dira pagatu beharko duzun bidesaria, ezjakin zarenez ezjakin. Erakutsiko dizugu, baina poliki. Erakutsiko dizugu, baina dibertitu egingo gara bitartean”. “Ezer ez da doan”. Paragrafo hori zein bandoko morroirena den jakin nahi izatera, Twist irakurri, literatura lagun horiek!
“Ezer ez da doan”. Ez zen dohain izan, lehenik herriaren adrenalina eta gero anestesia bilakatu zirenentzat. Gaizki iritzitako gerra bateko “kabala” gutxiko ganadua lehenik, eta kanoi-bazka izatera heldu zirenentzat. Belaunaldiz belaunaldi, barrukia osatzera heldu ziren kabala eskaseko ganadu gazte gordin heldugabeentzat. Ezer ez da dohain, eta are gutxiago herriaren estoldetan ari direnentzat.
“Dementzia itzuri egiteko modu bat da gazte hiltzea”. Hemen baina, erotuenak luze bizi nahi du. Hemen denok nahi izan zuketen D.L.-ren bizitzaren ildoan H.C.-ren nobela orwelliano batean agertu ahal izan. 2048 titulukoa. Nahiz eta Auxoberriren antza hartuta agertu ere, nahiz Auxoberri bilakatu izan. Sotok ziokeenez: “Beti dago beste muino bat. Ez gaituk biziko hori ikusteko”. Zuek, Joxi eta Joxean, zuek ez. Diegok bai. Diego Lazkano Auxoberri bilakatu zitekeen. Auzo-berri Auzi-berri! Auxoberri Bixi-berri!.
Oharra: fikzioak ez du egiarik ez gezurrik adierazten. Literatura errealitatearen iradokizun suerte bat da.
Zer besterik nahi duzue erratea? Bada hauxe: ez Lasa ez Zabala ez ziren gazte hil izaten ziren garaiko artisten pellokeriak errateko gauza izan. Soto eta Zeberio bai. Batez ere Soto. Abangoardian, dela armatuan dela literarioan, beti dago aitzinean dabilen morroi-koitadu bitxi bat. Gogoratu aldera, berriz ere: Soto eta Zeberio H.C.-ren imajinazioaren fruituak izan ziren. Fikzioan hazten segitzen duten Lasa eta Zabalaren mimesiak.
Ikaspena: egungo zuen herriko jendartearen gehiengoarentzat, zuen borroka armatu imajinatu idealizatua, borroka asmatua izan zen. Asmatua, ez kausitua.
Azkenik
Twist-en ariora sortutako errekreazio horren ostean —fikziozko Soto, Zeberio eta Lazkano hiru lagunak gogoan— hiru epilogo hauek ernatu zaizkit:
1. Epilogoa: literatura deitzen dugun horretaz / Atxaga eta Sarrionandia bidelagun
XIX. Egin ezazue negar / Hori da desio dizuedan erretrasoa
“Denbora borragomona itzela da” idatzi zuen abangoardiako poetak —poeta gaztetan, nobelagile helduaroan—. Behinola, “morroi honek ez al du garbigailutik pasatzea merezi, etakideon arteko traizioaz idatzi izateagatik?”, galdetu zuen erretagoardiako burkide batek. Traizioaz ari zen nobela laidogarria hura ez zen begikoa izan abangoardiako iraultzaile-aberkideentzat. Poetak traizioa fikzioan tratatu izana ez zen haizu. Afrontua hipotetikoa zen, fikziozko suposizio bat. Alabaina, nobela laidogarria zen “gure mutilentzat”. Nobela laido garratza zen abangoardia armatuaren sustatzaileentzat ere bai.
Nobela laidogarria delako hori B.A.-k idatzia da. Literaturan B.A. izena hartu zuen J.I.G.-rena. J.I.G. herritarrak B.A. idazle izena asmatu zuenean —idealizatu zuenean— herriaren etsaiak fikziozko Rodrigo Mesaren bandokoak ziren —Rodriguez Galindo koronel errealaren bandokoak—. Horregatik, agian, pseudonimoa asmatu behar izana. Gero, askoz geroago, Pot bandako Benjaminak Lapur banden etika eta politika saiakeran, “bandoen eta banden analogia” aditzera eman zuen. Herriaren iraultzarako abangoardistek Pot bandako iheslariaren iritzia begi onez ikusi zuten hartara. Iraganeko zango alboko pistola peko goardia jaitsi zuten nolabait. Erretagoardia goardia-erreta zen ordurako. Antza denez, ordura arte, J.S.-ren literaturari “antzik eman ezinean” nonbait, harrezkero, abangoardia armatuaren aldeko akolito-ilustreek (h)aintzat hartu zuten.
XX. Obabatxue obabatxue / Obabatxue doian orduen / Zaldi urdinen gainean/ Beste hainbeste mila gehiago joango dira atzean
Paper requiem. “Idazleak lorontzi txinatarrak bezalakok dira”. Gizona bere bakardadean eta Soinujolearen semea idatzi aurretik, azkoz urte lehenago, Obabakoak baino aise lehenago, idazlea ziutate herdoilean ibili ohi zen. Literatura abangoardistaren ildoan eta Pot bandako kideen arrimura. Ziutateaz idatzi zuen garai hartan, B.A. honela mintzatu zen nobelaz: “Iruditzen zitzaidan guk bizi genuena beste askok ere bizi izandakoa zela eta etorkizuneko jendea ere ez zela libratuko. Historiako printze krudela ezin zitekeen hil. Printze Krudelak, Borrero Nagusiak, hala iruditzen zait orain ere, eternalak dira”.
Ondoren, Etiopia obra txiki erraldoia idatzi zuen. Ibaizabal ibaian arratoi erraldoiak ibiltzen ziren orduan. Gabriel Aresti poeta profetak ontzat jo zuen Bernardo Atxaga izengoiti literarioa: “Ederto egin duk, Joseba. Jose Irazu Garmendia izen-abizenak Antonio Zavalaren Auspoa sailerako ederto zegok, alabaina, herri honek hiri-literatura behar dik”.
XXI. Pandora —esan nion— ez gaitezen burla amodioaz edota erlijioaz / Biak gauza bera dira eta
Profetak hau ere erran ei zion: “Zerua ez da ikusten”. Bilbo hiriaz ari zen poeta. Hartara, Etiopia liburuko Piolet poeta lirikoaren eskarmentua aintzat hartua, Harri eta herri-ko Aitaren etxearen etxetiarrek basamortutik pasa behar zutela iragarri zigun. Etiopiak iragana islatu zuen ispiluan, baita herri honek geroan zeharkatu behar zuen desertua ikusbidean jarri ere. 1978a zen. Halakoak ziren abangoardia literarioaren premisak eta presagioak. Ordea, non zegoen abangoardia politiko-armatua? Basamortuan barrena zebilen, desertuaz desertu. Utopiak utopia, zirkuluak zirkulu, harriak hare bihurtzen joan ziren. Bandako Benjamina Izuen gordelekuetan barrena abiatua zen ordurako. “Gure mutilak” Bonny and Clyde imitatzen hasi ziren. Clyde anitz batu zen borroka asmatura. King Kong ez da ziutatera egundo iritsi horregatik. Bilbo hirira, alegia. Anartean, Guggenheim museo distiratsua altxatu zuten ziutate zahar berrituaren ispilu. Herria delakoak mirail horretan begiratzen dio iraganari. Inor gutxik ezagutzen du bere burua.
XXII. Negar egin nahi nuke itsutu arte / Jaiki deneko hondoratzen den bizitza honengatik
Ines La bella fikzioan, ez horren bella errealitatean. Demagun D.G.K. dela Ines La bella. Mina eta dolua, Dolores eta Yoyes. Abangoardia armatu maximalistaren protagonista eta biktima doloretsua. Abangoardia armatu utopiko gupidagabeak ekia eta gaia eman zizkieten abangoardia literarioaren poeta, ipuinlari eta eleberrigileei. Ez ote egokiago izango alderantziz izan balitz? Berbarako, Pot bandako Benjamin J.S.-k (abangoardia literarioan zein armatuan aritua) bere hareatxoa jarri zuen, baina ordurako Aitaren etxea aurri zen. Etiopiak iragarritako utopia Lagun izoztua nobelan berretsi zen. Pertsonaia izoztuta zegoen Etiopia-Utopiaren zirkuluak iragan hasi orduko. Basamortuan urtuta amaitu zen.
Oharra: beranta zen, prefosta. Izan ere, abangoardia-armatuak ez zuen piperrik ulertu inoiz abangoardiaren literaturaz.
2. Epilogoa: literatura deitzen dugun horretaz / Harkaitz Cano bidelagun
1978an hamasei urte zenituzten. Biriatuko peajea non zegoen jakin berriak zineten. Erromara bidean, santutegia bisitatzen hasiak zineten: sartu-irten… Bost urte beranduago hasitako bide zeharkaldiaren ordainsaria duzue Twist nobela. Lazkanok Fede Epelde editorea ezagutu zuen. Soto eta Zeberioren laguna Lazkanoren Ines La bella pertsonaia ageri da zuen inguruan. Zeberiok txit gustukoa zuen La bella. “Bizitza oso bat liburutan” pasatakoa. Hau da, batzuk bizitza osoa liburutan ari diren bitartean, bestetzuk armatan pasatzen dute. Liburuak eta armak, herriaren abangoardien gailuak. Batzuk erlijioaz trufatzen dira, besteak politikaz. Biak al biak maitasunaz mintzo dira, ordea. Batzuek garuna gizentzen dute eta besteek faloa. Faloa eta garuna asetzen dute, nork berea, baina ez kontsonantzian.
Literatura hilda dago. H.C. idazlea duzue uste horren beilaria. Zuek, ordea, hildakoak, beila akomeatzeko estakurua bilakatu zintuzteten. Mundua utzi zenuten bortxatuta, torturatuta. Alta bada, Soto eta Zeberio bikoteari esker bizirik jarraitu duzue. George Orwellen 1984 nobela distopikoa, 1948 urtean idatzia, zaharkituta eta desfasatuta dago gaur egun. Idazleren bat 2048 nobela idazten menturatuko balitz, demagun, H.C.-k berak, honela abiatu lezake narrazioa: “Iragan mendeko 1984 urtetik gure egunetara munduan bizitako aldaketak deskribaezinak dira. Berlingo harresia erori eta Burdinazko gerrikoa “desagertu” zen, baita hainbat eta hainbat utopia jausi ere, berriz jausi ere. Utopia horiek honezkero ez dira agertzen historiaren analetan. Utopiak hil ahala berpizten dira. Globalizazio-aro honetan ez dago gerra hotzik. Tokian tokiko gerra txiki-sutsu-beroek —Gaza, Ukraina…— pizten eta asetzen dituzte mundua gidatzen dutenen berekoikeriak…”.
40 urte eta gero zuen burkideek armak entregatu zituzten. Armak herriaren eskutik jaso omen zituzten eta herriari itzuli ei dizkiote. Baita hori ere sinetsi. Herria deitutako horrek fikzio dementziala pairatzen du. Herria delakoak jendarmeen begiradapean jaso baitzituen armak. Errealitatea fikzioa bihurtua duzue. Fikzioan ez dago egiarik ez gezurrik, alta bada, fikzioak laguntzen digu egia hautematen. Pentsa, erakundeak —zuen enpresak— bere buruaz beste egin zuen, auto-disolbatu zen, artean, 300 burkide espetxean utziz. Utzita eta lagata, botata. Etika iraultzailearen azken desarrazoia. Dei diezaiogun, borroka asmatuaren ondoriozko azken asmakeria.
Mundura berriz itzuliz gero —Lasa eta Zabalari ari natzaie— zuen burua aurkituko zenukete nobela distopiko batean: internet, ordenagailuak, tabletak, smartphoneak, pantailak eta ekranen artean. Soto eta Zeberio ere aluzinatuko lukete berpiztuko balira. 40 urte mundua utzi eta gero utopia zer den ulertuko lukete agian. Soto idazle bilakatzeko ametsetan esnatuko litzateke eta Zeberiok antzokien eszena argitzearekin aseko luke bizitzeko irrika. Diego Lazkano ere zuekin egongo litzateke. Izan ere, anartean, bizirik jarraitu ahal izateko, zuek behar izan zaituzte bizirik mantendu. Baita zuen burkideen borroka asmatua sostengatu zuten herritar grinatsuak bizirik mantentzeko ere.
3. Epilogoa: politika eta demokrazia deitzen ditugun horretaz / Nire buruarekin borrokan eta bakarka
Zuen garaiko totalitarismoa aise gainduta dago egun. Totalitarismo sofistikatua duzue gaurkoa. Zuek borrokatu zenituzten estatuak —Espainiako eta Frantziako Estatuak— ez dira behiala lain indartsu. Europaren eta globalizazioaren baitan desegiten ari dira. Euroa da egungo moneta komunitarioa. NATO da armaden armada. Berean ez dauden estatuak, estatu etsaiak dira ezinbestean. Elizaren ordezko estatuak behiala nola, Merkataritza Globalaren Nagusiek menperatu dituzte estatuak egun. Estatuko botere legislatibo exekutibo eta justiziazkoak merkatuaren legeen menpe daude. Gogoratzen zarete, ejertzito edo armada delakoen botere faktiko hartaz, bada, honezkero, gerrara joatea ez dute tokian tokiko armadek ebazten.
Demokrazia gobernu sistema bat izendatzeko hitz bat besterik ez da. Izan ere, sistema hori gauzatu denean, hau da, eduki politikoz bete denean, orduan esan ahal dugu zer demokrazia motaz ari garen, orduan esan dezakegu zer-nolako demokrazian bizi garen. Zertan datza demokrazia deitzen dugun sistema? Bada, demokrazia administrazioa politikoa izaki, politika askatasuna eta justizia lortzeko bitartekoa da. Funtsean eta finean, demokrazia estatuaren barneko botere eta indar politikoen artean garatzen da, baita arerio diren munduko beste estatuekiko harreman eta borroketan garatu ere.
Horra hor, mendebaldeko gaur egungo demokraziaren definizio bat. Ordea, demokrazia ez da hitzen edo izenaren beraren araberako espresio soila. Hau da, justizia eta askatasuna ez da filologiaren edota lengoaiaren arau erdiesten. Hitzen erabilpenaz eta ezagutzaz jabetzeko hitzez baino gehiago jakin eta bizi beharra dago. Demokrazia, hitza baino gehiago da. Hala behar luke. Osterantzean, estatuaren ariora sortutako demokrazia hitza, askatasuna eta justizia hitzen eufemismo suerte bat bihurtzen da.
Hona gaur egungo demokraziari buruzko beste definizio bat. Estatuen poderioz gauzatu zena, estatuen gaineko botere ekonomikoek —merkatu-ekonomiaren nagusiek— interferituta dago, interbenituta. Demokrazia estatuen baitan disolbatzen ari da. Modernitatearen ostean gauzatzen hasi zen demokrazia suerte horren kontzepzioa, postmodernitatean disolbatzen ari da. Bere xedetan eta xederan —tranpetan— disolbatzen ari da estatua. Errenazimentuan gauzatzen hasia, XV. eta XVI. mendeetan ernatzen hasi zen demokrazia ari da desegiten. Irten gabeko bide batean sartu da aspaldion. Osagai potenteak baditu, baina bere edukiak bere kantzerrak dira. Eta berau ez da biolentziarik gabe desegingo, biolentziaz gauzatu baitziren estatuak, eta ondorioz demokrazia hau bera ere.
Post Scriptum: Consummatum est, primo / Chubby Checkeren Let’s Twist Again doinuak aztoratua / Zeharo desbideraturik
Azken kapitulua: Hiru lagunak
OHARRA: Soto, Zeberio eta Lazkano, hiru lagunak. Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren bizitzan —mundu errealean— hiru lagun baino aise gehiago izan ziren. Twist nobela fikziozkoa nola, halatsu interpretazio hau ere. Errealitatearekin izan dezakeen antzekotasuna, irakurlearen ilusioen eta asmakizunen fruitua besterik ez da
XXIII. Bira egingo dugu berriro, iazko udan egin genuen bezala / Bai, bira dezagun berriro iaz egin genuen bezala / Gogoratzen duzue gauzak benetan noiz ziren hummin’?(*)/ Bai, jira gaitezen berriro, bihurdura-denbora hemen dago
(*) Hummin: humming-bird? Kolibri.
XXIV. Ihesa zilegi balitz ni ez nintzake oinazearen menpeko miserablea / Oihu zekenen destinatzaile etsipenaren semea
XXV. Morire come le allodole assetate sul miraggio / O coma la guaglia passato il mare nei primi cespugli perché di volare non ha piú voglia / Ma non vivere di lamento come un cardellino accecato
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres