kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Zakur zaunkak / Iñaki Irazu / Susa, 2023

Urretxindorraren berri Hasier Rekondo / Deia, 2024-03-02

Jorge Luis Borgesek antologiako poeta txiki bati eskaini poeman zera idatzi zuen: “…zutaz, lagun ilun hori, / arrats batean urretxindorra entzun zenuela dakigu bakarrik”. Joseba Sarrionandiak berak ohartarazi zigun txikitasunaren handitasunaz eta handikeriaren txikitasunaz gure herriaz hitz egitean.

Iñaki Irazuren (Asteasu, 1954) bigarren poesia liburu honek handitu egiten du memoria historikoaz eta pertsonalaz dugun ikuspegia, testiguaren ikuspuntua fokuratuz eta narrazioaren aldeko apustu nabarmena eginez. Irazuk kontatzeko duen grinak kasik kazetaritza kritikoaren esparruan kokatzen baititu zenbait poema. Urretxindorra entzunez gain, kosta ahala kosta horren berri eman nahi duen poeta horietakoa baita Irazu. Memoria du poemak ehuntzeko argamasa.

Zakur zaunkak liburuari titulua ematen dion poeman, esaterako, zinemaren teknikak erabiltzen ditu liburu honek jasotzen dituen gai nagusietako baten berri emateko: iragan mendeko azken hamarkadetan Euskal Herrian jazo Gatazkaren gaineko ikuspegi pertsonala ematea, poetak kamera hurbilduko du, zentzugabekeriarekin tupust egiteko. “…hantxe lurrean / haien aurrean / hil urrean / zegoen gizonari / eskuburdinak / zizkioten jarri, / barruak eskatzen / zien osagarri…”.

Honen moduko poemok badute gesta-kantek zuten xedearekiko nolabaiteko antzekotasun tematikorik. Alta bada, Irazu ez da epikotasun errazean eroriko, egoera-soziopolitikoaren eraginez jazo bidegabekerien aurrean argazki oso pertsonalak aterako baititu. Esaterako, klaseen arteko talkez ari denean, Neguriko nagusiak kale-gorrian laga txoferraren gainbehera ekonomikoa eta pertsonala kontatuko du Eguneroko saria poeman, alta, kapitalismoaren azpikeriez aritzeaz gain patuaren nondik norakoaz ere ari da.

Gauza guztien gainetik testigu bilakatzeko grina horrek badu ordaindu beharreko preziorik. Zenbait poemetan errealitatetik jaiotzen diren gertakari guztiek ez baitute hegaldi poetikoa eratzeko nahiko indarrik, esaterako, Yo no perdono edo Hatz erakuslea poemetakoak. Esango nuke zenbait poematan kontatutakoek ipuin izateko sustraia dutela, baina gaien apetazko aukeraketaren ondorioz galdu egiten dutela poesiaren moldean eman nahi direnean, eta batzuk arras aurreikusteko modukoak dira. Kontatzeko sua ezin zaio ukatu poetari baina batzuetan su horrek erre egiten du zenbait istoriok ez baitute berez poesia bilakatzeko gaitasunik, anekdota pertsonaletik poemara jauzi egin beharra baitago.

Irazuk, halere, bere onena ematen du memoriaren foku horrek Historia nagusiaren zentzugabekeria gordinenekin bat egiten asmatzen duenean, batez ere haren familiaren pasadizo oso berezkoen berri ematean: Gerra Zibilaren eta haren ondorioen itzal lazgarrietan bete-betean agertzen baita ahots poetiko fina. Duda izpirik gabe, Hanka bat lurrean liburuko lehen poeman indar narratiboak eta poetikoak gorena jotzen dute. Poema horrek bakarrik handi egiten baitu liburu osoa, Demetrio, Baldosak, eta Isilik lotu da azken koda intimista ezin hobeto onduekin batera. “…mendian barrena / bidez gabiltzala, / guri heltzeko / ahalik gabe / aditzen dugun / zakur zaharraren / zaunka urruna”. Zaunka urrun hori antologiako poeta hark entzun zuen urretxindorraren modukoa baita.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak