« Harri bitxi bat | Errealismo sinbolikoa »
Mikel Strogoff / Jules Verne (Karlos Zabala) / Ibaizabal, 2002
Rambo avant la lettre Manu Lopez Gaseni / Deia, 2003-10-21
Jules Verneren obra ezagun hau 1876an argitaratu zen lehen aldiz Frantzian, eta sekulako arrakasta lortu zuen berehala, bai bertsio inprimatuan bai antzerkirako bertsioan. Geroztik filmeak egin dira eta hamaika aldiz berrargitaratu da hizkuntza askotan, horien artean euskaraz. Lehenengo aldiz, 1979an, Elkar argitaletxeko “Itzul” saileko lehen zenbakia, Joan Amenabarrek itzulita; bigarren edizioa haren bertsio zuzendua izan zen, Elkarren eskutik orobat argitaratu zuen 1998an, “Klasikoen Kutxa” izeneko bilduman. Biak edizio laburtuak dira, gaztelaniaz egindako egokitzapen baten itzulpenak, laurogeiko urteetan egin ohi zen gisan. Azkenik, hizpide dugun Mikel Strogoff honek, Karlos Zabalak euskaratua, jatorrizko testuaren osotasunari men egiten dio.
Ia bostehun orrialdeko abentura liburu hori primeran irakurtzen da, eta dardara batean jarriko du hartara hurbiltzen den irakurle gazte oro. Bidaiaren egitura baliatzen du heroiaren eginkizunak eta balentriak narratzeko eta, azken batean, zorioneko amaiera biribiltzeko. Horrekin batera, horixe baitzen Verneren beste asmoetako bat bere nobelak idaztean, tsarren garaiko Errusiari buruzko kontu jakingarri ugari ikas daitezke irakurketan zehar: historikoak, geografikoak, etnikoak…
Jules Vernek “Tsarraren mandataria” izenburua jarri nahi izan zion liburuari; hala ere, lagunen aholkuei jarraikiz, “Michel Strogoff” jarri zion; izan ere, protagonistaren ausardia, egonarria eta nortasun indartsua dira eleberriaren ardatza, heroiaren eginkizuna baino areago. Gaurko ikuspuntutik ikusita, Rambo avant la lettre bat protagonista duen road movie baten aurrean gaudela esan genezake, gazteak irakurtzera adoretzeko, eta egiari hutsik egin gabe.
Azkenik, itzulpena “Literatura Unibertsalaren” bermearekin dator eta ez dauka inolako eragozpenik. Txalotu behar da, hori bai, Karlos Zabalak, lanbidez administrazio itzultzailea izanik, bere lehen itzulpen literariorako halako erronkari aurre egin izana.
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza