kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Eguarri abestia / Charles Dickens (Ander Arzeluz, "Luzear") / EIZIE, 2003

Harri bitxi bat Karlos del Olmo / Gara, 2003-10-18

Charles Dickens-en “Eguarri Abestia”, haur literaturako testu klasikoa, Luzearrek euskaratu zuen 1931. urtean. Orain, Inazio Mujikak euskaltzalearen itzulpenaren edizio aparta kaleratu berri du.

Harri bitxi bat eskaini digu, bai, Inazio Mujikak oraingoan. Ahanzturan geneukan itzultzaile bikain bat plazaratu digu, eta ez nolanahi plazaratu ere. Alde ederra baitago bere garaian “El Día” egunkarian zatika eda halamoduz argitaratutako bertsio haren eta orain eskainitakoaren artean. Txukun asko eman baitigu, jatorrizkoarekin batera, euskarazkoa, bai eta atzean hiztegi benetan lagungarria izan daitekeena ere.

Ezin esango dugu, ordea, haur eta gazteei zuzenduriko edizioa denik, nahiz eta dagoen-dagoenean irakurtzeak ere inori kalterik egingo ez liokeen. Nolanahi ere, Inazio Mujikak prestaturiko hitzaurrea eta hiztegia baliatuz, itzultzaile bikain baten lana ez ezik, hak zein kondiziotan lan egin zuen eta abar ezagutzeko parada eskaintzen zaigu.

Eleberri labur honetan, Scrooge zaharraren —itzulpenean Ezkurra jauna— istorioa kontatzen zaigu. Ezkurra pertsona zekena zen, bakartia eta gogorra. Oso erreserbatua. Inork ez zuen maite. Higuina zien Gabonei eta Gabonek jendearengan sorrarazten duen alaitasunari. Urte hartan, alabaina, gauza harrigarri bat gertatu zen: Ezkurra jauna gau batez oheratu zenean, hiru mamu azaldu zitzaizkion, aurreko Gabonetako mamua, Gabon haietakoa, baita hurrengoetakoa ere. Mamuek erakutsi zioten agure zekenari nola bizi izan zituen berak aurreko urteetako Gabonak, nola bizi zen bere inguruko jendea, bere idazkaria, oso pertsona txiroa, zeinak semetxoa gaixorik izan arren eskerrak ematen zituen zeukan apurrarengatik eta zoriontsua zen, Ezkurraren iloba, gelditzen zitzaion senitarteko bakarra… Horrek guztiak gogoeta eginarazi zion agureari eta zeharo aldatu zuen jokabidea. Hainbeste aldatu zuen, ezen pertsona maitakor eta eskuzabala bihurtu baitzen Ezkurra denon harridurarako.

Aski egokia, zinez, istorio hau egun bizi garen garaiotarako, esan nahi baita, kontsumismoaren gaitzak jotako gizarte honetaz ausnartzeko.

Inazio Mujikak berak hitzaurrean dioenez, aproposagoa da esatea testu itzuli-egokitua dugula hitzez hitz edo gaur egun itzuli ohi den moduan egina bainoago. Horixe baitzen, hain zuzen, Luzearren asmoa, euskaldunei irakurgai egokiak eskaintzea.

Behin hori argiturik, badu bertsio honek gaur egungo itzultzaileontzako gauza eredugarririk, laburbeharrez bi hitzetan definituko nukeena: itzulpen aseptikoen beste muturrekoa dugu itzultzeko tankera hau. Zeharkako itzulpenaren teknikak maisuki erabiltzeaz gain, euskarazko doinua eman dio irakurgaiari, eta hori ez da nolanahiko emaitza. Beraz, hiztegi mailan garbizalea eta, beraz, gaur egun nekez ulertzeko modukoa darabilen arren, egiturei eta sintaxiari dagokienez, badugu zer ikasirik egungo iztultzaileok Luzearrengandik.

Hona adibide txiki batzuk:

“It was the very thing he liked” / “Orixe nai etzuan ba?”.

“God bless you, merry gentleman. May nothing you dismay” / “Ate txokuan ollar bi, batek bestea dirudi”.

“Foggier yet, and colder!” / “Laño ta otzak etzuten itxuraz jai”.

Gogora ekarri dit Charles Dickensen itzulpen hau irakurtzeak behinola Margueritte Duras idazleak literatur itzulpenaz esandakoa: “Eleberrien musika da ondo jaso beharrekoa”.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak