kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Izotz ura / Lide Hernando Muñoz / Susa, 2023

Desizozten Ibon Egaña / Deia, 2024-01-06

Musikak, edo zehatzago, musika munduak eskaini dio Lide Hernando musikari donostiarrari opera prima honetarako zorua. Saioa eta Mara pertsonaien bidez, musikaren barrunbeak ondo ezagutzen dituen egile baten kezken oihartzunak jasotzen ditu bere estreinako nobelak: profesionalizazioaren auzia, euskaraz abestearen inguruko hautua, koherentzia politikoa mantendu nahiaren eta artistaren diru-sarreren arteko oreka nekeza, musika-industriaren barruko matxismoa… Idazle protagonistetara ohituago dagoen gure literatur panoraman, gustura irakurri dut paisaia eta gai horiek hizpidera dakartzan liburu bat. Musikak markaturiko biografia bi jartzen ditu elkarrekin parez pare nobelak, eta musika-ekitaldiekin lotuak dira orobat eleberriaren zein pertsonaien biografiaren inflexio-uneak, egiazko ebentoak (kontzertuak, grabaketak, aurkezpenak…). Estimatzen da, baina, liburuak ez duela hizpidera dakartzan auzien inguruko irakurketa jakin bat egiteko asmorik, eta pertsonaiak edo ekintzak ez direla tesi-nobela baten argudioak eraikitzeko tresneria.

Musikari gisa ibilbidea egindako pertsonaiak dira Mara eta Saioa. Gaztetan herriko gaztetxearen bueltan debuta egin ostean, bizitzak norabide bereizietan eraman dituenak: batak arrakasta handia bildu du eta Londresako asmotan da; besteak irakasle dihardu, eta badira urte batzuk musika utzia duela. Aspaldiko lagun komun baten heriotzaren berriak dakartza urrundutako pertsonaiak elkarrengana. Premisa horrek eragin dezake errezelorik, eta hala eragin zidan bederen neuri, musikaren inguruko ikuspegi dikotomiko eta manikeo bat garatzeko planteamendu narratibo aproposa baita. Badute, noski, pertsonaiek musikaren inguruko bizipen eta iritziak elkarrekin aurrez aurre jartzeko funtzio hori, eta sumatzen da autorearen enpatia handiagoa bietako batekiko, baina, zorionez, nobelak lortzen du pertsonaiek iritzi eta ideien eramaile soil izatetik harantzagoko gorputza izatea. Politizazioa nola bizi duten, gurasoekiko eta familiarekiko zein harreman duten, herriarekiko zein atxikimendu duten edo klaseak nola zeharkatzen dituen… pertsonaien izaeraren alderdi ugariri tartea egin die Hernandok, eta hala Saioa eta Mara ertz askotako pertsonaiak suertatzen dira, zeinek ez dituzten beti espero dizkiegun erabakiak hartzen.

Haurtzarotik hasita orainaldira arte, bi pertsonaien arteko adiskidetasunak izandako gorabeherek osatzen dute nobelaren ardatza, eta bereziki, adiskidetasunaren ahitzeaz egiten den kontakizun konplexua egin zait interesgarrien eleberrian. Noiz eta nola uzten zaio adiskide izateari? Galdera horri bere konplexutasun askotarikoan erantzuten dio Mara eta Saioaren arteko harremanak. Irakurle gisa, kausa bakar eta nagusi baten bila pasatu ditut nahi gabe orrialdeak, harremana etengo duen une erabateko horren bila. Apurka konturatu naiz, baina, akaso adiskidetasun harreman gehienak izotza urtzen den bezala doazela desegiten, hozten, eta maiz ez dela bakarra kausa, eta hain zuzen hori izan daitekeela nobelaren kontakizun nagusia.

Denboran atzera-aurrera trebeziaz dabil etengabe nobela, eta eszenaz eszena, piezarik pieza, eraikitzen doa kontakizunaren arkitektura, 2000ko eta 2010eko hamarkadetako giro sozial, kultural eta politikoa modu sinesgarrian birsortzen duen errelatoa. Herriko magal bateko bankuan eserita aurkitzen ditugu behin baino gehiagotan eleberriko protagonistak, gaztetxeari begira. Geu ere banku horretan eseri eta pertsonaien joan-etorriei eta denboraren joanari, iragan hurbilari zein orainari begira jartzeko gonbita ere bada nobela.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak