kritiken hemeroteka

8.394 kritika

« | »

Baserria (h)uz(s)ten / Oskar Gaztelu Bilbao / Erein, 2023

Saio poetikoa: baserri hutsak nola halaxe gure idiosinkrasia Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2024-01-11

Literaturaz kanpokoak

Baserria (h)uz(s)ten poema liburua hostokatu aurretik, idazle honen hainbat ezaugarri atoan:

— Oskar Gaztelu Bilbao idazleak 50 urteak gainditurik publikatu du.

— Poema liburu honen aurretiko biak saiakera dira. Biak sarituak.

— Honako hau ere saritua izan da: 2022ko Ernestina de Champourcín 32. poesia Saria jaso zuen.

— Saioaren eta pentsamenduaren jardunean iritsi da poesiara. Alegia, poeta filosofikoa da. Edo filosofo-poeta.

— Liburu honek bi ardatz ditu: amaren heriotza eta amaren —arbasoena orobat— baserria. Baserriaren eta amaren galeren sinbiosia duzu. Biak ala biak dira poema liburu honen ardatz eta funtsa.

Poesia liburuen honen aurretikoez

Zertzelada andana bat Baserria (h)uz(s)ten liburura iritsi aurretik:

— Saiakera generoa ez da boladan eta are gutxiago heriotza gaia harturik.

— Heriotza tabu —izan— da gizakiarentzat. Egun, jendartean aldaketa itzelak eman dira, gure kultura arras irauli da, eta heriotzak are tabu handiago izaten jarraitzen du gizakiontzat.

— Heriotzari buruz mintzatzea ez dago modan.

— Poeta honen Heriotzari aurrez aurre begira saiakera iruzkintzea ez zitzaidan samurra egin, eta urte bat behar izan dut Baserria (h)uz(s)ten honetaz hauxe idazteko:

22ra partida

22 poemek osatzen dute poesia-saiakera hau. Pilota tantoek partida osatu legez. Tantoz tanto, tantaz tanta arituko naiz neu ere bai. Kontakizuna jauzika eginen dut, pilotaren punpa adituko duzun desioz.

Baserria (h)uz(s)ten

Husten eta uzten. Bi adierak uztartu ditu poetak. Pilotariak ere, huts egiten du batzuetan, eta batez ere, pilota “uzten” asmatzen ez duenean. Ama joan zaio poetari. Amak utzitako baserria —huts laga duen baserria— semeak hustu behar du. Dolu garaia da.

Joan izan arren, ama baserrian dago. Baserria ez baitago huts. Uzteko hustu behar da. Bizitzaren partida osatzen laguntzen digu heriotzak.

Euria ari du

Antzina, gure amaren —eta arbasoen— “kulturan” lurrak eta zeruak bat egiten zuten. Oraingo “kulturak” zeruaren mezularia galdu du. Zeruko euria mantso eta gozoa, iraganeko tantoak dituzu. Natura gero eta arrotzago zaigu. Halaxe gure “kultura” ere.

Haizea eta basoa

Baserria basoan nola halaxe gure gorputza munduan. Poeta bere baitara bildu da, haurtzaroko baserrira. Analogia bat eginez: baserria bera da, baserria gu gara. Baserria baina, ez da arbasoen idiosinkrasiakoa. Baserri hutsak nola halaxe gure idiosinkrasia. Gero eta hutsagoa.

Heriotza I

Amaren heriotzak bere mugak ezagutarazi dizkio semeari. Amaren hutsak baserrian laga duen maitasunaz jabetu da poeta.

Heriotza II

Maite dugun hori —ama, kasu— hiltzen denean jabetzen gara herio inguruan dabilela. Anartean bizi ditugun arazoak desagertzen dira. Bizirik garen argi-zirrinta gisako bat iragaten da. Jaioz geroztik heriotzera bidaia abiatu dugu. Arbasoen aldean baina, herio ez dugu haiek bezala bizitzen/sentitzen gure ingurumarian.

Jada ez zaude

Poetaren ama ez dago. Fisikoki ez dago. Haren aztarnak begi-bistakoak dira, ordea. Dolu unea da: aztarnak ezabatu behar al dira? Nola baina? Oroitzapenak ez dira aise ezabatzen, nekez dira itzurtzen.

Apirila

Poetaren ama otsailean partitu zen. Bizitzaren partida jokatu ostean. Apirila heldu da, baina sukaldeko egutegian otsaila da. Udaberrira bitarteko gurariak bete ditu semeak: bereak eta amak semeari iragarriak eta desiratuak. Anartean, amak baserrian laga zituen haziak udaberriaren zain daude. Lurrean toki hartzeko zain.

Gure amaren jardineko loreak

Honako hauek dituzu poetaren amaren loreak: arrosak, kalak, lirioak, hortentsiak eta ziklamenak.

Gau amaigabeak

Amari zor, baserriko betebeharrek betetzen dute semearen gogoa. Haatik, memoria isilak ez ditu lerro tristeak idaztetik libratzen.

Jainkoa

Heriotzarik barik, ez litzateke jainkorik.

Ateak

Hemezortzi ate ditu baserriak. Baserria husten ari da semea. Poeta hutsuneak betetzen saiatzen ari da, lerroz lerro, berbaz berba. Baserria hustu izan arren, ateek hor jarraitzen dute. Atea —metafora izaki— bizitzaren eta heriotzaren arteko iragaitza duzu.

Helduen negarrak

Atea, agian, herio alegia, gure amaren sabelera eramanen gaituen (bi)tartekoa da.

Lurra

Euriak lurra laztantzen du. Gure arbasoek lurra lantzen zuten. Euriak lurra laztantzen nola, ikasi gura luke poetak lurra lantzen ere.

Zertarako

Gure arbasoek bizitzaren “zergatia” ikasi zuten edo ahalegindu ziren behinik behin. Gu —poetaren gogaideok— “zertarako” ikasi beharrean gaude. Zertarako landu lurra, dendetan dena erosgai izanda, ezta? Nekez laztanduko dugu hurkoa, bizitza lantzen ikasi gabe.

Zaharrak

Zaharren zimurretan istorioak daude. Poeta istorio horiei berbak ipintzen dizkie.

Mina

Haurtzaroa da gizakion minaren harpea. Harriz pekoa. Kobazuloa. Poeta da berriz, haurtzarora begira, mingotsa arindu nahian, hitz gozo-garratzak lantzen dituena.

Nire liburua

Bizitzaren liburua zuriz dago. Umeak ez daki idazten. Ez daki bere bakardadea adierazten. Bizitza liburu-zirriborratu bat bihurtzen dugu.

Zure isiltasuna entzun nahi nuen

Amaren ausentziak baserria betetzen du. Haren presentziak baino askoz leku gehiago hartu du berau uzteak. Poetak amaren isiltasuna entzun gura du. Isiltasuna aditzea baina ez dago anartean, bizidunon adimenean.

Bizitza

“Isiltasuna ezagutu genuen beldurra agertu baino lehen” diosku poetak. “Gero, izaki poetiko eta dramatikoak bihurtu ginen”. Orain, “izaki mugatuak gara”. Gizakiok kontalariak bihurtu gara eta gure bizitzaren ipuinak larritu egiten gaitu. Liburu hau poema lotsatiez izkiriatutako ipuina da! Halatsu bizitza ere.

Azken bidaia

Eguzkiaren eguneko azken agurra jaso ohi duen legez —agur gorrixka horrek—, poetak amaren bere azken agurra jaso du hura azken bidaian partitu ostean.

Epilogoa

Baserria hutsaren eta amak baserria uztearen ostekoa

Nire bizitza ni barik saiakera liburu gabe, ez legoke Baserria (h)uz(s)ten delako hau. Heriotza aurrez aurre begira saiakerak berriz, poesiara bidean jarri zuen idazlea.

Poetak amaren mundu-uztea behar izan du bere barrua hustutzeko. Amak bete zuen baserria husteak arindu zuen herioarekiko tabua. Eta haren atoan, heriotzarekiko tabuak poesia aldera menturatzen lagundu zuen.

Poesiak heriotzari begirako bidean jarri du poeta. Demagun, saiakera hitzen lantzea dela eta poesia hitzen laztantzea. Lurra lantzea nola, zerua laztantzea.

Oskar Gaztelu poesiara heldu —nahi duen— saiogilea da. Inor ez da inoiz poeta osoa izatera iristen eta. Are nekezago poetak herioari bere begiez so egiten dioenean. Oskar Gazteluren poesia ernatzen ari den saiogilearen emaria da. Nire kautan, hitz emari hau “saio poetikoa”.

Post-scriptum

Bada dioena, eta haizu duzu errana, idazleak ez duela bere poesian edo literaturan bere izatea horren nabarmen islatu behar. Aburuak aburu, denak onargarriak dira, denak zilegiak, ezta?

Denak direla ere, horrelako “auziak” jalgitzen direnean Bilboko Gabriel Aristi poeta handiarekin oroitzen naiz.

Azken kritikak

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Arkeologia haragitan
Beñat Arruti

Irati Majuelo

Norberak maite duena
Miren Billelabeitia

Amaia Alvarez Uria

Mendeku eskubidea
Ernesto Prat Urzainki

Jon Jimenez

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Asier Urkiza

Rifqa
Mohammed el-Kurd

Ibon Egaña

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mesfida zaitez
Bea Salaberri

Mikel Asurmendi

Gurpilak
Eztizen Artola Iturrate

Irati Majuelo

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak