« Ekaitz tropikalak | Hemendik ez oso urrun »
Bi aldiz iraun / Oihane Zuberoa Garmendia Glaria / Balea Zuria, 2023
Piku-poemak Ibon Egaña / Deia, 2023-11-25
“Gogoan dut” batekin hasten da Oihane Zuberoa Garmendiaren bigarren poema liburua, eta bertso-lerroa bada bere laburrean liburuaren ildo nagusi baten aurrerapen. Tematikoa izan gabe ere, memoriak eta haren inguruko hausnarketa poetikoak aldenik alde zeharkatzen dute, izan ere, erronkariarraren liburu berria. Filosofiak eta literaturak elkarrekin topo egiten duten guneak maite ditu Garmendiak, eta horrek egiten du, besteak beste, bere begirada eta estetika berezko. Liburuko poemek berekin dakarte pentsamendua eta hausnarketa, eta aforismora ere hurbiltzen dira tarteka: “hiztegian geroz eta hitz gehiago. / Beteago ote mundua?” galdetzen digu halako batean. Baina liburu honen berezitasuna eta interesa akaso pentsamendua eta sentsualtasuna, zentzumenak eta ideiak, gorputza eta gogoeta elkarrizketan jartzeko idazleak egiten digun proposamenean datza. Mazedonia batekin hausnartzen baita heriotzaz eta denboraren joanaz, gaztain zaporearen bidez haurtzaroaren gomutaz edo azal zimurtuaren ukimenarekin zahartzaroaz.
Poema sorta soila baino pentsatutako egitura bati jarraiki osatutako liburua dirudi Garmendiarenak, edo azken emaitzak itxura hori du, bederen. Lau ataletan banatuta, memoriari ertz diferentetatik heltzen diote atalek, obra oso eta koherente bat osatu arte. Fruitu banarekin izendatu ditu idazleak lau parteak, eta zeinek bere ikuspegia eta diskurtsoa garatzen du gai nagusi horretaz, fuituek piztutako zentzumenak lagun. Irasagarren testura, forma, usain eta zaporeak ditu bidaide poetak Cydonia oblonga lehen atalean, non joandako aitonaren gomutak tarte zabala hartzen duen. Lehen poemaren itxierak liburuan zehar maiz aurkituko dugun memoriaren eta zentzumenen arteko elkarrizketa jartzen digu aurrez aurre: “ahosabaiarekin gogoratzen da hobekien”. Poemaz poema agertzen den irasagarrak maila sinbolikoa hartzen du hala, Antzinatetik bezala aitonaren afalostetik elikatzen den mitologia bat, sinbolo izan arren ez diona uzten ukigarri, usaingarri eta dastagarri izateari.
Memoriaren galerari heltzen dio bigarren atalak, Punica granatum izenekoak, eta ahoan edo eztarrian pausatu diren hitzen bidez egiten da gogoeta hizkuntzaren eta oroimenaren arteko harremanaz. Memoriarekin batera hitzak eta izenak ments dituen andrearen biografia-zertzeladek jartzen dute hausnarketarako bidea poemotan, zurbildu diren ezpainek, laztutako mingainek. Berez txikitasunera, beharrezkoa soilik esatera jotzen duten Garmendiaren poemek areago ustiatzen dute atal honetan isiltasunaren eta esatearen arteko tentsioa, formalki ere hutsunearen eta betetasunaren arteko dialektika esploratuz: “Bizitzea / mundua / hitzez / ebakitzea / da. // Baina / hitzik / ez / denean, / bizitzak / gu / gaitu / ebakitzen.” Identitatearen inguruko hausnarketa eskaintzen digu hirugarren atalak, Prunus avium titulupean, eta ironia pindarrei, umoreari edo jolasari tartea zabaltzen die poetak, baita poesiaren beraren inguruko hausnarketari ere. Azken atal laburrak, gutxien ase nauenak, aforismo kutsuko hiztegi jolasti partikular bat jasotzen du, errima, hoskidetasun eta hitz-jokoez baliatuz hausnartzen duena memoriaz, ahanzturaz edo zahartzaroaz.
Denboraren joanaz, zahartzeaz eta heriotzaz ari zaigu poeta maiz, baina tonu elegiakorik gabe, nostalgia eta malenkoniatik alden, bizitza eta bitalismoa aldarrikatzen dituen jarrera batetik, Afroditaren aholkuak lagun. Gozamenaren eta disfrutatzearen alde egiten du poetak, eta nik neuk gozatu egin dut Bi aldiz iraun irakurtzen, itzuli egin naiz behin baino gehiagotan poemak utzitako aho-gozoa berriro dastatzera.
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Maddi Galdos Areta
Poesia kaiera
Frank O'Hara
Asier Urkiza
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Nagore Fernandez
Beste urte batez
Samira Azzam
Maialen Sobrino Lopez
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Iraitz Urkulo
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Mikel Asurmendi
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Amaia Alvarez Uria
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Irati Majuelo
Azken batean
Lourdes Oñederra
Paloma Rodriguez-Miñambres
Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo
Mikel Asurmendi
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Maialen Sobrino Lopez
Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta
Asier Urkiza
Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu
Nagore Fernandez
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Paloma Rodriguez-Miñambres