kritiken hemeroteka

8.711 kritika

« | »

Argialdiak / Miriam Luki / Susa, 2023

(Des)enkontruak Ibon Egaña / Deia, 2023-06-24

Argialdiak izenburua jarri dio Miriam Lukik estreinakoa duen ipuin-liburuari, eta tituluak jasotzen du narrazio hauen poetikaren arrastorik. Bederatzi ipuin hauetako pertsonaien bizitzan, izan ere, suertatzen dira argialdiak, ustekabean, bizitza inarrostera datozen kolpe txiki edo ez hain txikiak: ezkutuko egia-zati bat bistaratzen denean, edo ordura arte hitzez jarri ez den zerbaiti hitzak jartzen zaizkionean, errealitatea bera eraldatuz.

Pertsonaien arteko enkontruz (eta desenkontruz) beteta daude Lukiren kontakizun hauek: kartzelatik atera berri den gizonaren eta bikotekidearen artekoa, hil hurren den aitak batzen dituen bi ahizpena, edo iheserako plana adostu duten bi lagunena. Elkarrekiko topaketan eta haren ondorenean baino, enkontruaren aurreko uneetan jartzen dute arreta maiz ipuinek, sarritan topaketak baino haren posibilitateak eragiten dizkigulako galderak. Eta hala galdetzen digute testuok nor garen besteekiko, zer garen beste horren aurrean, nola definitzen gaituen ingurukoekiko harremanak gu. Enkontruak ez dira beti desiratuak, eta Nora ipuinean, enkontruaz baino topaketaren aukerak eragindako beldurraz ari zaigu ipuina, eraso matxista baten traumak markatutako pertsonaiaren inguruko kontakizunean. Inbasioan, aldiz, itxialdiaren ondorioz elkarrekin egon ezin duen bikoteaz, eta ezin horrek harremanari buruz sortzen dituen galderez. Testuinguru eta pertsonaia diferenteen bidez bada ere, ipuinek ederki esploratzen dituzte pertsonaiak bestearen aurrean jartzeak eragiten dituen emozioak eta galderak. Liburuan elkarrizketa zuzenekoak gutxi badira ere, egoera horiek ematen duten dialogismorako aukeraz ere baliatzen da idazlea, pertsonaien arteko kontrastea bilatuz, ikuspuntuak kontrajarriz. Bitasun hori narratiboki ere ustiatzen da ipuinen batean, forma literario interesgarriak sortuz (Soufflea-n, kasu).

Anitzak dira bederatzi ipuinotako pertsonaiak, baina deigarria egiten da ia guztien karakterizazioan lanbideak duen pisua: okina, etxeko langilea, harakina, arropa-saltzailea, itzultzailea… xeheki deskribatzen du Lukik okinak nola labean sartu aurretik ogi-barrei lerroak egiten dizkien, edo saihetsak nola ebakitzen dituen harakinak, itzultzaileari zenbat leku jaten dion buruan hitz egokia aukeratzeak. Denbora eta bizitza markatzen, determinatzen du lanak ipuin askotan, eta idazleak materialtasun horretatik eraikitzen ditu pertsonaiak. Nago fisikotasunari emandako arreta horrek egiten duela berezi eta interesgarri Lukiren begirada, besteak beste. Eta pertsonaiei buruz aritzean ere haien gorputzetan jartzen du arreta narratzaileak: hazten ari den buru batean, belauniko komun-zuloaren aurrean dagoen gorputzean, atzamarrean estuegi geratzen den eztei-eraztunean. Hala, gorputzen, lanaren eta objektuen materialtasun horretatik hitz egiten digute ipuinek bikote-harremanaz edo familia barruko gatazkez, baina baita ere lan-esplotazioaz, botere-harremanez edo matxismoaren mendean bizitzeaz. Zutik eta zuzen baino sarritan lau hankan edo belauniko egon behar duten gorputzez.

Ideietatik bainoago keinuetatik, usainetatik edo objektuetatik abiatzen da idazlea ipuinak osatzeko, eta hala lortzen du atmosfera propio bat eraikitzea ipuin bakoitzari, ahalik eta elementu gutxien erabiliz, eta irakurleari ipuinak osatzeko tartea utziz. Garapen narratiboan bainoago, une eta giro jakinak sortzeko trebezian dago narrazio labur hauen indarra, izan ere, baina baita pertsonaien eraikuntzan ere, eta orobat idazlearen berezko estiloan: zorrotz behatzen duen narratzailea, ironiari tartea uzten diona, eta hitz doia aurkitzen duena aldiko.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak