kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Argialdiak / Miriam Luki / Susa, 2023

Distantzia argituz Asier Urkiza / Berria, 2023-05-14

Argialdiak narrazio bilduma da Miriam Luki kazetariak argitaratutako lehenengo literatur-lana. Liburu mehea da, bederatzi ipuin laburrez osatua. Desberdinak izanagatik, ipuinek badute loturarik hala gaiei nola giroei dagokienez. Ilunaldi batean bizi dira pertsonaietako asko, barne-haustura moduko batek erdibitzen dituela. Zerbaitek larritzen ditu guztiak. Kasu batzuetan halako damu bat izan daiteke, min sor bat ere bai, inguruko errealitatea amiltzen ari delako sentipen mina, bestela.

Pertsonaia baten edo biren barne-egoera harrapatzen du ipuinetako bakoitzak, batzuetan gertaera traumatiko baten osteko edo bitarteko trantzean. Senarrak engainatzen duela jabetu den emakumea, hiltzear den aita bisitatzera doan alaba, senarra hil berritan alabari gutuna idazten diona, maitale bat duen emaztearen gorabeherak… Badago ilun kutsu bat, deserosotasun bat ipuinotan. Pertsonaien atzetik entzuten den kirrinka moduko bat. Egoera arruntak dirudite narraziotakoak, edo behintzat Lukik erakusten du haiek arruntzeko gaitasuna, giro domestikoak sortzen baititu, aipatutako durduza hori azpimarratzeko egokiak. Gertaera lazgarriak dira horietako batzuk, jakina, baina ez apartekoak, edozein pertsonak bizialdian noiz edo noiz bizi ditzakeen horietakoak baizik. Iluntasun hori sarritan distantziak definitua dago, pertsonaien artekoak zein bakoitzak bere buruarekin duenak. Bi dei izeneko ipuinean, kasurako, badago distantzia bat kartzelatik irtetera doan pertsonaiaren eta urtetan hura bisitatzen jarraitu duen bikotekidearen artean, galdera ikur bat denez euren harremanak kanpoan funtzionatuko ote duen. Emakume protagonistak ere badu, ordea, bere buruarekin borrokarik, distantziarik, galdetzen baitio egiaz maiteminduta ote dagoen Jabirekin, merezi izan al duen; era berean, semeak hartutako distantziaz errudun sentitzen da. Beste mota bateko distantzia dago, aldiz, Lau hankan-eko etxe-garbitzailearen eta bere nagusi ustez aurrerakoiaren artean, edota lehenengoaren eta jaioterrian etxea eraikitzen dabilkion arotzaren artean. Tarte batek beste bat ekartzen baitu maiz.

Harreman konplexu horien tolesturetan arakatzen du Lukik, distantzia horiek neurtzen ditu tentsio narratiboa sortuz, giroak egoki girotuz. Horren adibide da lehenbiziko ipuina, Nora izenburuduna, non eguraldiaren ñabardurekin —haizearen ufadek itxitako atearen zarata, esaterako— protagonistak gizon baten presentzia dela-eta bizi duen beldurra islatzen den. Oro har, liburuaren teknika literarioa nabarmenduko nuke: zehar estilo librea, pertsonaien arteko plano aldaketa sotilak —Soufflea narrazioan, etsenplu bikaina—, denbora narratiboaren kudeaketa egokia, balio sinbolikoa izan eta bide batez tentsioa areagotzen duten elementuen erabilera —Magnolia, Paseoa—. Idazkerari dagokionez, hitz doiekin adierazkortasun handia lortzen du idazleak, gehienetan efektismorik gabe lortuz esan-indarra. Ipuin-liburu onen oihartzuna du, izan ere, Argialdiak-ek, geruza bat baino gehiagokoa, anbiguotasun aberatsekoa.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak