« Orain bai mamuetan sinistu behar | Ulergaitzarekin zer egin »
Suak erreko ez balu / Eneko Barberena / Txalaparta, 2023
Hobe erreko ez balu! Baina, hain zara kitzikagarria, su! Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2023-05-02
Suak erreko ez balu nobelaren iruzkin hau —kritika ote!?— ilustratzeko argazki baten xerka aritu naiz. Hiru hautatu ditut. Bat baztertu, eta Aezkoako basoan ala Arrasateko fabriketan egilea ageri den bertze biren artean, ezbaika, basokoa aukeratu dut. Idazlearen “bisaiak” behatu ditut. Nobelako protagonista Ainhoa Sanz peritua imajinatu dut Eneko Barberenarengan. Nobela irakurtzen hasi eta idazlearen alter egoak pertsegitu nau amaitu bitartean. Ainhoa gisakoa, Enekoren transfuga. Gisakoa batzuetan —ekialdeko moldean ulertu ezazu— eta gizajo (gizonezkoei dagokiena) bertzetan. Hori pertsonaia gero! Ainhoa Sanzen ari naiz, prefosta, arrasatear aetza. Pertsonaia eta pertsonajea! Idazlearen tasunak nolakoak, pertsonaia honenak halatsukoak, pentsatu dut. Hor nonbait!
Nobelaren sorburuaren arrastoan ibilki naiz: “Egileak 2021ko urtarrilean (H)ilbeltza beka irabazi du Xukunetatik aldendu ahala liburua idazteko” dio lorratz batek. Lorratzean segi, bertze arrasto batek “Aezkoako mendi sute batean hiru mendizale hil eta geroko ikerketan, poliziak bi artzain atxilotu eta espetxeratu ditu…” seinalatu dit. “Nobela bera al duzu?” itaundu dut nire burua. Baiki, hala irudi. Alta bada, Xukunetatik elea entelegatu barik segitzen dut. Lorratzean segika heldu naiz Suak erreko ez balu delako honetara. Bide malkartsuak ibili ditut Ainhoa Sanzekin: patar askotxotan, baita pattar nasaietan trenpatu ere.
Irakurle lagun hori, polizia eleberri generoko honetara nola erakarri asmatu ezinik ari nauzu. Nola adierazi deus spoiler egin barik. Barik, bage eta gabe! Bertze arrasto bat aurkitu dut, esanguratsua: “Beltza da gaua Euskal Herriko oihanean. Su txingarrek emango ote diote Ainhoari bidea aurkitzeko nahikoa argi?”. Arrasto kitzikagarria!
Arrastorik arrasto, ote anitz zapalduko duzu, ote beltza eta ote zuria. Ez dituzu erraz mendi bideskak antzemanen, ez horixe. Ezta trama honen jira-biran topatuko dituzun pertsonaiak aise “bereiziko”. Jite anitzeko pertsonak/pertsonaiak dituzu, euren ideologiak askotarikoak izaki. Mutur batetik bertzera ibiliko zara: guardia zibilak eta ustezko etakideak tarteko. Gure ekialdetik mendebalderat ibiliko zara, oinez ibili barik, protagonistaren sakelekoaren jardunaren bitartez. Pertsonaiak iragan mende bateko kultura baten adierazleak dituzu, izan ziren artzain haien aiurria bereziki. Aiurri haiek iragan munduko aurritan daude engoitik. Joan badoan mundu baten isla duzu Suak erreko ez balu nobela, eta naski, heldu den bertze mundu baten ispilua. Edonola den ere, izan ziren kazikeak eta kazikeak dira betiere. Ez kexa —ekialdeko mintzoaren adieran ulertu, hots, ez presatu ez larritu—. Ainhoaren bizkartzain Joxeri esker, mundu horretako ibilmoldeak ulergarria(goa)k eginen zaizkizu. Iragan belaunaldi baten miraila duzu Joxe, haren ondorengo belaunaldi baten isla Ainhoa. Izenak izana ei du. Hala omen. Ainhoa eta Joxe, biak ala biak, galtzaileak al dira? Hala ote? Nor da galtzaile baina, nor irabazle?
Pertsonaien aniztasuna adieraztea ez da samurra. Ainhoari esker euren profilak antzemanen dituzu, ez kexa. Hona arrasto lagungarri bat: pertsonaiak The Big Leboswski filmaren itxurakoak dituzu. Joxeren hainbat ezaugarri Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) ibili denarenak dituzu, Ainhoarenak berriz (AEBetara joan barik, bertan artzain gisa jardun gabe) amerikar filmetako pertsonaia horietako bat izan liteke. Izan liteke diot, Ainhoak jite hori ukatzen baitio nobelari: “… hau ez da Hollywood, hau Jainkoak eta gizakiek abandonaturiko munduaren ipurtzuloa da”. Irati edota Aezkoaz ari duzu. Nobelaren jite euskalduna duzu ehunetik %! Konparaziora: guardia zibilak —kapitainak, behintzat— euskaraz mintzo baitira. Halabeharrez, naski. Hala beharrez, baiki. Iratin gaindi nola, Arrasaten barrena guardia zibilak euskaldunduko ete dira noizbait? “Marka litzateke, guardia zibilak euskaraz eta ertzainak eta foruzainak erdara batuaz aritzea”, pentsu dut.
Segitzen ahal didazu irakurle. Nekez. Ulertzen dizut, baita entelegatu ere. Iruzkin honen arrastoan ez bazara errenditu, nobelan segitzeko kuraia bereganatu(ko) duzu. Barka nire harroa, bai zuk irakurle, bai nobelaren idazleak zuk ere. Erran nahi baitut, eleberri hau adi-adi irakurri behar duzu. Nobela beltza genero iluna baita. Iratiko basoko gauko langileak aritu ohi ziren legez, arduraz jardun behar duzu zuk ere. Izanez ere, mendiko xendretan izan ezik, nobelaren harietan korapilatuko zara eta. Merezi dizu, halaz ere, estutasun horri eusteak.
Eman dezadan tregoa bat, menia gisako bat, mintzo nadin taxuz. Gauez gertatuak gauarenak dira, eta ni Euskal Herriko gau-oihan beltzean, Ainhoaren bideetan argia emateko ari nauzu. Errate baterako, mendietan hiru hil zirelakoan lau baitziren kiskali: “Galdetu erre ziren haiei bestela zer pasa dakiokeen bati hemen ezin denean apenas ikusi”. Apenas berban erreparatu dut. Esanguratsua. Apenas horretan ezin adierazizko zerbait kausi baitizut.
Epilogoa (I)
Nola adierazi esplizituki ezin adierazia? Nola adierazi inplizituki spoiler egin barik? Protagonista nagusien harian adierazi, baita haien arioaren ausartaz adierazi ere. Hots, Ainhoaren berbetan eta Joxeren eleak errepikatu gabe eta barik:
— Ederra da sua, horretan ari nintzen pentsatzen.
— Ederra da, bai, baina suak erreko ez balu, ez geundeke biok hemen.
Eiki! Hobe erreko ez balu! Baina, hain zara kitzikagarria, su! Funtsean, pentsu dut, denok izan gara nolabait —edo izatea amestu dugu bederenik— iragan garaiko Irrintzi komandoko kide. Piromanoaren grazia baitaramagu gure baitan.
Oharra: pinudien ugaltze neurrigabeen aurka jardun zuen Irrintzi komandoaz ari naiz. Gure historian hainbat Irrintzi* komando izan baita gerora, doike!
Epilogoa (II)
Eneko Barberenaren lehen nobela beltza honek badu zer hobetua. Entelegatu galdera gisa, please. (Oharra: ez dut please epatatzeko erabili, nobelaren giroan ari nauzu). Zein nobelak ez dauka hobetzerik? Orobat, zein libururik ez dago ontzerik? Izugarria zaidana da, idazleak horrelako lan bati ekiteko erakutsitako kuraia. Bihotza behar duzu, gero! Kemena behar da historiak iradokitako istorio hauetan murgiltzeko, historiako gauetan aritzeko alajainkoa. “Gau-parrasta”, pentsu dut. Kontrabandistek loari ebatsitako orduak nola, halakoxeak Eneko Barberenak Aezkoaren eta Arrasatearen ilargiaren begiradapean bizitakoak. Bejondeizula.
Ainhoa Sanz Debagoienan gora eta behera kausituko al dugu hurrengoan? Peritua ez ezik, Mondragon Unibertsitateko irakasle lanetan. Leintz ibarrean goiti, Gasteizko Jaurlaritzako jardun beltzak argitu guraz. Bizi dadila luzaro Ainhoa Sanz. Leintz-Gatzagaren gatza eta piper hori, Aetzeko arrasatear lotsabako galanta!
Post Scriptum
Xukunetatik heldu ahala arribatu naiz honaino. Suak erreko ez balu ez geundeke biok hemen irakurle.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres