« Mozorroak | Hobe erreko ez balu! Baina, hain zara kitzikagarria, su! »
Haragizko mamuak / Karmele Mitxelena / Elkar, 2022
Orain bai mamuetan sinistu behar Aitor Francos / Bilbao, 2023-05
Karmele Mitxelena (Oiartzun, 1988) helduen literaturan Haragizko mamuak izenburuko liburuarekin 2022ko Donostia Hiriko Kutxa sarian garaile atera zen. Irakaslea ogibidez, bertsolaritzan ere aritu da, eta beste bi lan plazaratuak ditu aurretik, haur-literaturazko Marrubizko uda kontakizuna eta Erakusleihoan album ilustratua.
Denbora eragozpenik ezean, liburuak aldizkatzeko ohitura daukat, horrela gehiago irakurri dudanaren ilusio faltsua gailentzen da, edo denbora gehiago aprobetxatu izanarena. Haragizko mamuak (Elkar, 2022) irakurtzerakoan, berriz, kontrakoa gertatu zait. Hamar ipuin hauek badute zu harrapatzeko gaitasun miresgarri bat; grabitate bat bezala da, hala nabarituko du irakurleak, bertara jausten zara, eta ez zaituzte uzten irteten. Gidari adeitsu eta iaioa da Mitxelena bizitzak dituen zirrikitu larrienetatik. Nire ustez, eraikitako atmosferan dago narrazioen zentzu eta arrakasta gehiena. Psikologikoki asfixiagarriak dira. Gertatutakoaz gain, estalitakoak, hau da, esaten ez dena, garrantzi berezia hartzen du behin eta berriz, Mitxelenak kontatzen ari denaren azpitik irudikatzen diren gaiak emankorrenak direlarik. Ipuinez ipuin konturatuko gara aldi berean dena dela ezustea eta esperatzekoa, malgua eta trinkoa. Hala eta guztiz ere egunerokoak dira fikziozko gizabanako hauek dituzten arazoak, ukigarriak; edonorenak litezkeenak. Hunkitu naute bereziki Itolarria, eta Eta orain narrazioek; haserretu naiz Inorrez irakurri dudanean, eta segidan birritan berrikusi behar izan dut bildumako ipuinik makabroena, Bihotz iraungia (azken honek Gottfried Benn Morgue-eko poemak apalategitik berreskuratzera bultzatu nauelarik gainera, gogora ekarri didalako).
Errealitateak baditu bazter ilunak, edo leiho etsigarriak bestela. Ez dira beldurra eragitera ailegatzen, baina urduritasun moduko ikara arin bat uzten dute irakurlean orrialdeak igaro ahala. Batzuetan presentzia fisikoa duen sentsazioa bezala aurkezten da, zehaztugabea bada ere. Ipuinetako adiskideak etxeko gela guztiez jabetzen dira, zerbaiten igarle dira, aitor ezinezko irudipenak eta munduarekiko harridura erakusten dute. Noraezera begira dagoenaren inpresioa uzten digute, nortasuna galtzera zigortuak baleude bezala. Mitxelenak abileziaz nahasi ditu errealitatearen anitz alderdi okerrak, hunkigarria denaren ukituaz lagundurik, eta amaiera susmagaitzen eskutik zenbaitetan. Oro har, lehen planoan nabarmentzen dena egunez egun azaleratzen diren giza-ahuleziak dira, edonork pairatu ditzakeenak. Lehendabiziko aldiz bizitzaren zentzuaz galdetzeko prest dauden lagunak sortu ditu idazleak, perbertsio-puntu bat ere erakusten dutenak. Patuaren menpe bizi dira, halabeharrez. Etekin estetiko handia ateratzen dio itsuskeriei Mitxelenak, gairik tragikoenak era ziragarriaz islatuz.
Edozein modutan, bizitzak zukeen edertasunaren alde goibela eta ezkorra erakutsiko dute pertsonaiek, nola edo hala atsekabe askoren noragabea eta bizikidetzaren ezaugarri eramangaitzekin batera datozen eguneroko zorigaitz isilak. Batera, gizabanako bakoitzaren jokabide morboso eta zitalak seinalatzearren Mitxelenak euskarri psikologikoan oinarritzen ditu trama gehienak, izaerak eta giroak xehe-xehe deskribatuz. Oroitzapenez osatutako itzal aztoragarriak dira pertsonaiak, galerak eta doluek, gaixotasunek edo injustiziak hustutako paperezko mamu zintzo baina lanbrotsuak. Nahiko narrazio irekiak dira liburukoak, tristeak eta zalantzatiak izateaz gain gizon eta emakume depresiboez beterik daudenak. Alzheimerrak jotako amaren zainketa, adibidez, edo etxe-zerbitzuan diharduen etorkinak pairatutako umiliazio ia antzemanezina baina suntsitzailea dira argumentuak. Ipuinak gaurkotasunaren eta testuinguru zehatzen lekuko dira. Emozioak badaude baina ez hain agerian, azalera ekarri gabe burbuilak egiten, eta halere bizi-bizirik. Askotariko baliabide literarioen bitartez giza harremanetan sartzen da zuzen eta seguru Mitxelena. Badira giza izaeran, bakoitzak hartzen dituen erantzukizun eta erabakietan, inoiz argituko ez diren jarrerak eta pentsamoldeak, gertakizunak sentitzeko hamaika modu, baina narrazio hauetako aktoreak saiatzen dira galdera funtsezkoenak bereganatzen, esanezina dena bete-betean azaltzen. Gauza esanezinak dira misterioa osatzen dutenak. Eta misterioa dago edonon, eta memento oro; edo misterioa baino, ezinegonak, ondoeza urduri eta dardaratsuak. Haren atzetik ibiliko dira, galderen bila, irmo eta ausart.
Liburua adi-adi irakurtzeko beste arrazoi bat emango dizuet: darabilen idazkeraren txukuntasuna laudagarria da. Euskera garbi eta lirainaz idatzi du narrazio bakoitza, prosa moldakorraz. Oso ongi daki Mitxelenak gure baitako beldurrekin konektatzen, garenaren lehen mozorroa urratzen, izaeraren argi-itzalen artean aurrera eginez. Ipuin batetik bestera ez dugu arnasik hartzen, eta berriro ere ari gara eragiten gaituen ezinegona ulertu nahian. Protagonistak adin eta bizipen zeharo ezberdinak jasaten dituzten indibiduoak dira, baina denak giro astun batek itota irudikatzen zaizkigu. Argumentuetan baino estiloan dago narrazioen muina, erabilitako maila handiko lirismoan. Dena den, bada ipuin batzuen eta besteen arteko alde nabarmen bat: begirada, norena den, pertsonaiaren egoera, bizitzaren zein mementotan gertatzen den. Interpretazio maila ezberdinak dituelako hausnartzera gonbidatzen gaituen literatura da Mitxelenarena.
Izenburuaren zergatia erraza da asmatzen. Azken batean, haragizko mamuak dira liburuan agertzen direnak, badute itxurazkoa den alde erakargarri bat eta halere itzal lausoak, fin-finak eta hauskorrak, bailiran aurkezten zaizkigu. Automatismoen bitartez antzezten dute errealitatea, haien patua aldez aurretik idatzirik balego bezala. Eta, ordea, zinezkotasuna da haien ezaugarririk aipagarriena. Oihartzunen antza duten mamuak dira. Eta oihartzun bakoitza nondik datorren estalgabetzean datza behingoz egiazkoak izateko duten parada. Eta jakina, horretaz jabetzea da gure zeregina irakurle lanetan.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres