kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Alaska / Castillo Suarez / Elkar, 2023

Hotzaren edertasuna Maddi Galdos Areta / Argia, 2023-03-05

Elurrez betetako liburua eguzkiak epeldutako egunetan heldu zaigu esku artera, paradoxikoki edo. Neguak izango du oraindik zeresanik aurten, ordea, eta akaso izango ditugu bisuts, gesal eta elurtzak berriro: horiez eta gehiagoz betetako liburua dugu Castillo Suarezek (Altsasu, 1976) plazaratu berri duen Alaska (Elkar, 2023) poema-bilduma. Bere jaioterriko errepide bazterrean zen baina aspaldi abandonatuta dagoen hotelaren izena eman dio Suarezek bildumari, eta 54 olerkiz gain, sarrera narratibo bat ere jaso du bertan.

Abandonua, galera eta doluaren gaiak dira nagusi orriotan, baita horiei lotzen zaizkien memoria, oroimina eta ahanztura ere. Gaiok, jakina denez, ez dira berri altsasuarraren idazketan. 2019an argitaratu zuen Irautera (Elkar, 2019) lanak ere bide horiexek arakatzen ditu besteak beste, eta nabariak dira bi bildumen arteko zubiak: Irauterak badu elurrik, eta bada landarerik Alaskan. Dagoeneko onduta zituenak berreskuratu zein berriak sortuta, irudi poetiko indartsuak darabiltza Suarezek lerrootan: pasabidean pilatutako puskak, itsaso bulartuak, apalategietako hutsa eta betetako kutxak, eraiste zorian fatxada irmo mantentzen duten etxeak, azal zatiak, orbainak eta zauriak, habi eta igerileku abandonatuak, animalia basa eriak…

Ni poetikoa ere minak hartuta azaltzen zaigu maiz, gotorleku duen baina guztiz eroso ez zaion giro edo paisaia sinboliko hotzaren parte den gorputz bilakatuta: “Batzuetan elurra hondartzaraino iristen da, / elurra elurraren gainean, / eta zuritasuna irensten hasten naiz / nire izena hondarretan aurkitzeko: / hemen da elur-minez bizi den emakumea, / isiltasunaren begiztatzailea, / bere buruaren arerioa”.

Baina ez da oro min edo etsipen, inoiz ez omen baita berandu hutsetik hasteko, eta min ematen digunak alda gaitzakeelako. Doluaren aroak poema horren adierazle dugu, eta idazketak edo, oro har, literaturak auziotan duen lekuaz poetak egiten duen hausnarketaren isla ere bada liburua bera. Hondamendiaren ederraren erakusgarri baitira olerkiok, aurrera edo irautera ekiteko akuilu.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak