kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Erretzaile damutuen konpainia / Aingeru Epaltza / Elkar, 2022

Beltzaren koloreak Asier Urkiza / Berria, 2022-11-27

Aingeru Epaltzak 2000. urteko Rock’n’roll hartako Edu Saragueta kazetaria berreskuratu du Erretzaile damutuen konpainia eleberrirako. Idazle generozalea da Epaltza, izan ere, aipatu bi eleberri beltzekin batera, Erresuma eta fedea trilogia historikoa ere eman zuen argitara 2006tik 2013ra. Genero beltzaren arauei jarraiki eraikitako nobela dugu Saraguetaren abentura berria. Antiheroiaren paperean are hondoratuago ageri da protagonista, ustez bizitza profesionaletik aparte. Bat-etortze zenbaitek, lan eskaintza bat tarteko dela, kasu berri baten peskizan jarriko dute, baina. Generoak ohi duen gisan, gizartearen erretratu zorrotza eskaintzen du liburuak. Gizarte jakin batena, Nafarroarena, eta, zehazki, orriotan orain Iruñea orain Pamplona den hiriburuarena.

Eleberri zorabiagarria da, bere on eta gaitz. Kontakizunak arrapaladan egiten du aurrera; haatik, xehetasunetan laketzea maite du Epaltzak, batik bat pertsonaien izaeraren arrastoa ematen duten eszena girotze biziekin eta baita elkarrizketa zoliekin ere. Edu Saraguetari Iruñeko komunitate islamiarra ikertzeko mandatua eman diote NTV telebistatik. Horri buruzko erreportajea egin behar du, bi aste doi baino ez daukala hura burutzeko. Iruñeko Arrosadia auzoan bizi da Edu, etorkinez betetako auzo proletarioa berau. Inguru horren eta protagonistaren emazte ohiaren bizilekuaren arteko talka nabaria da nobelan. Zereginari helduta, Saraguetak laster ikusiko du bere burua kontu zikinagoetan katramilatuta, islamiar terrorismoa, azpijoko politikoa eta ustelkeria uztartzen dituen koktel kargatu samarrean. Halere, bilbe detektibeskoak aurrera egin ahala Eduren bizitzaren ingurukoak ere aletzen ditu idazleak. Eduren erlazionatzeko zailtasunak eta bizitzari aurre egin ezina sumatzen dira dekadentziak jotako bere bizimoduaren kontaketan.

Umoreak toki handia hartzen du narrazioan. Sexuak beste horrenbeste. Oro har, adin ertaineko gizon heterosexualaren trufa dario Epaltzaren lumari. Protagonistaren lepotik barre egiten du irakurleak, bere heldutasun faltaz eta irrigarri geratzeko gaitasunaz. Aire misoginoa dabil Erretzaile Damutuen Konpainiaren hamaiketakoan zein Eduren emakumeekiko tratuan, narrazioan aurrera lurrunduko dena. Irakurleak enpatia ere sentituko baitu protagonistarekin, momentu giltzarrietan izandako jokabide gizalegezkoa dela kausa. Istorio polizialak behartuegia irudi dezakeen arren, autoreak badaki hori pertsonaien arteko tirabirekin estaltzen, baita gizarte iruzkin kritiko bezain sotilekin ere. Ez erabat, amaiera aldera eleberria gehiegizko abiadura dela-eta lautzen denez, ekintzaz ekintza irakurlea sorgortzeraino. Generoaren kanona dela jakinik ere, meskitaren afera argitzeko presak kalte egiten die bestelakoei, hala nola pertsonaien gatazkei. Edonola ere, genero beltzaren adibide gaurkotu eta gurera egokitutakoa dakar Epaltzak, begirada umoretsua zuzentzen diona sexu (aniztasuna), arrazakeria edota gizartearen proletarizazioa bezalako fenomenoei. Hala, eleberri beltzaren bidetik koloretako Iruñera.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak