« Erabili eta botatzeko bizitzak | Norbanakoaren eta jendartearen bilakatze etsigarria »
Berriz zentauro / Katixa Agirre / Elkar, 2022
Teknologiaz harago zer Irati Majuelo / Berria, 2022-11-20
Hologramak, sexukide birtualak, Oftal betaurrekoak… etorkizun hurbil batean. Hori da Katixa Agirrek argitaratu berri duen eleberrian osatu duen unibertsoa. Zer den birtuala eta zer errealitatea zaila da bereizten fikzio espekulatibo honetan, eta lausotasun horretan oinarritzen da, hain justuki, liburu honen gako nagusietako bat.
Izenburutik beretik adierazten da errealitateen arteko gurutzaketaren ideia, eta istorioan zehar errepikatzen da errealitatearen mugak auzitan jartzearena. Ez dira horiek soilik, ordea, eleberrian elkarren artean nahasten diren elementuak: iragana eta etorkizuna, generoari buruzko hausnarketak, amatasunari eta aitatasunari buruzko usteak, errefuxiatuak, hezkuntza, turismoa; elkar txirikordatu eta fusionatzen dira. Mundu hibridoa da, beraz, Berriz zentauro-n agertzen dena, hori testuaren forman bertan islatu ez arren, eleberriaren generoari heltzen baitio zuzenean, hibridazioetan sartu gabe.
Nahiko argi geratzen da hasieratik: istorioa guk ezagutzen dugun munduan kokaturik dago, gure garaitik ez oso urrun, gaur egungo erreferentzia ugarik bere horretan irauten baitute. Hau da, eleberrian heldu diren pertsonaiak gaur egunean ume lirateke, gutxi gorabehera. Hori da Paula protagonistaren kasua, zeinak lan egiten duen errealitate birtualeko enpresarentzat bidaiatzen duen Parisera, Mary Wollstonecrafti buruzko informazioa biltzera. Etorkizun hurbil horretan teknologiak berebiziko garrantzia du, eguneroko edozein ekintza haren bidez gauzatzeko aukera izaterainokoa. Hala ere, errealitate birtuala tartean jarri arren, gizakiaren oinarrizko pultsioek antzerakoak izaten jarraitzen dute: sexua, jakin-mina, ugalketa, hezkuntza.
Hori dela eta, teknologiaren garapenaz gain, gutxi dira Agirrek planteatzen duen gizartean aldatzen diren auziak, eta, alde horretatik, ausardia puntu bat du faltan eleberriak. Zientzia fikzioaren posibilitateetan arakatzeko, mundu berriak irudikatzeko aukera baliatu ez balu bezala. Adibide bat jartzearren, genero zurrunen arteko transgresioa agertzen bada ere (emakumezko ugarik gizonezko abatarrak darabiltzate errealitate birtualean), oso modu binaristan planteatzen da auzia, feminitate eta maskulinitate klasikoak gorpuztuz. Hala ez denean, etorkizun modura planteatzen diren gazteei dagokienez, guztiak dira androgino, generoa belaunaldi batetik bestera abolitu balitz bezala; gatazkan edo lokatzetan sartu gabe.
Esan bezala, Mary Wollstonecraft da eleberriko gako nagusietako bat, Paularen doppelgänger gisara funtzionatzen duena. Laneko aitzakiaz gain, tarteka agertzen zaion bidelagun intimoa da, kontraesanak eta bizi-hautuak auzitan jarri eta protagonista estutzen duena. Biak gurutzatzen dituzte feminismoaren eta generoaren inguruko hausnarketek (Paulari bere abatar maskulinoaren erabilera problematizatuaraziz), 1789ko iraultzaren nondik norakoek (Paula Max Doxekin elkartu eta anti-unibertsitatearekiko dituen jarrerak berrikusiz), amatasunaren dilemek, maitasun-harremanek dituzten gorabeherek… Alabaina, hori guztia etorkizunera jauzi egin gabe konta zitekeelako sentsazioa geratzen da, oro har, nahiz eta eleberriaren proposamena bera originala izan.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria