« Bizitza eta literatura | Emakumea izateaz »
Egunero hasten delako / Ramon Saizarbitoria / Lur, 1969
Gisèle Jon Kortazar / El Correo, 2019-05-10
Adiskide batek esan zidan aspaldi: “Gisèle izena ageri bada, badakizu Ramon Saizarbitoriaren ‘Egunero hasten delako’ nobelaz ari garela”. Eta egunak joan eta egunak etorri, adiskide hura ere joan zen eta Ramon Saizarbitoriaren nobela lehen aldiz argitaratu zenetik 50 urte bete dira.
Gisèle, Gisèle!!! Zenbat irakur-ordu, zenbat azalpen-ordu euskal nobela modernoa noiz hasten den adierazteko asmoz! Zenbat eskola-ordu nobelan isiltzen ez zen hitzontzi haren gainean! Zenbat emozio desberdin Gisèleren historiaren harira! Ibon Sarasolari esker jakin genuen Txillardegiren “Leturariren egunkari ezkutua” baldin bazen lehen euskal nobela modernoa, Ramon Saizarbitoriari zor zaiola modernitatearen modernitatea.
Gerora jakin genuen nola lotzen ziren nobelan ageri ziren bi planoak, berritsuarena eta abortatu nahian hiririk hiri dabilen Gisèle neskatoarena, nola uztartzen ziren berritsuaren kalaka helburu gabea eta neskatxaren historia. Harrituta ikusten genuen abortuaren legearen aldeko nobela batek zentsura pasatu zuela, eta askoz ere geroago jakin genuen liburuaren azalean ironia handia zegoela, Alberto Corazón ilustratzaileak Lourdesko Ama Birjina ikusi zuen Bernardette Soubirousen irudia jarri zuelako; eta bide batez, egileak aitortu du Jose de Arteche idazle kristaua konturatu egin zela txantxa krudelaz, eta garrasika hartu zuela liburutegi batean. Eta, era berean, egileak aitortuta konturatu ginen abortua egiteko ebaketaren orduan nobelan erabili zen “forceps”ak ez zuela zentzurik, tresna hori jaioberriak mundura ekartzeko erabili ohi delako baina ez abortuak egiteko.
Asko ikasi eta jakin genuen estrukturalismoaz, zentsuraz, maila narratiboez, ahots orojakilez, batasun semantikoaz… Orain arte “jakin” eta “ikasi” aditzak erabili ditut, jakinaren gainean erabili ere, zeren nobela horretaz hitz asko egin genuen gure garaian, baina bagenekien nobela bazela moldea baino zerbait gehiago. Bizitza jartzen zuela jokoan. Eta horrela konturatu ginen pertsona baten bakartasunaz, bizitzan diren zalantza kontuez, moral galderez, eta nobela horren irakurketak sortzen duen plazeraz.
Eta gure gizartean bizi ziren kinkez. Adibidez, noiz edo noiz azaldu dut gurean postmodernitatea nobela horrekin hasten dela, kontakizun horrek jartzen dituela zalantzan narratiba nagusiak. Moralarena adibidez: “Ezagutzen ahal duzu dogmatiko bat baino abere barregarriagorik mundu honetan?”, adierazi du berritsuak pasarte batean. Era zer esan moralari buruz, etikari buruz azken batean, ageri duen erlatibismoaz? Lehen aldiz irakurri genuen garaian ez ginen konturatu, azken batean uste baitut “100 metro” zaleak ginela gu.
Baina, bai, bizitza jarri zuen gure begien aurrean Ramon Saizarbitoriak. Zerbait bazekien Mikel Hernández Abaituak zera idatzi zuenean: “Saizarbitoria contó en una conferencia cuánto le marcó el caso de una conocida que decidió quitarse la vida en esas circunstancias” (haurdun gelditu zelako, alegia). Fakultatera hitzaldi bat ematen gonbidatu nuen eta han eman zuen zein izan zuen nobela idazteko lehen unea. Kontua da aitona Mutrikuko herri noblekoa zela. Behin, herrira hurbildu zelarik, neska baten hileta elizkizunak zirela jakin zuen. Andre gazteak, ezkondu gabe haurdun zelarik, tiroa eman zion bere buruari sabelean, tiro bakarrez bere burua eta sabelean zeraman haur jaio gabearen bizitzak ebakiz.
Hain ekintza gogorrak bultzatu zuen idazlea Suitzan eta Euskal Herrian ziren bizitza desberdinez, eta batez ere, emakume bizitza desberdinez ohartzera eta nobela idaztera. Minak eraman zuen idazlea idazketa hori egitera. Eta gaur berriro “Egunero hasten delako” esku artean hartzen dugularik irakurtzeko asmoz Gisèleren mina dugu gure behatzen artean. Mina. Samina. Euriak dakarren bakartasuna.
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Irati Majuelo
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Aiora Sampedro
Esne berriketan
Uxue Alberdi
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Asier Urkiza
Esker onak
Delphine De Vigan
Maialen Sobrino Lopez
Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona
Amaia Alvarez Uria
Jai-Alai
Gaizka Arostegi
Jon Agirre
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Mikel Asurmendi
Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi
Irati Majuelo
Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss
Aritz Galarraga
Erleen azken ziztada
Kepa Iribar
Jon Agirre
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Ibon Egaña
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Mikel Asurmendi
Bakea, bakea
Xabier Montoia
Asier Urkiza