kritiken hemeroteka

8.577 kritika

« | »

Epizentroa / Nerea Loiola Pikaza / Erein, 2021

“Epizentroa”: kontaketaren xarma Jon Kortazar / El Correo, 2021-10-10

Ezuste ederra hartu dut Nerea Loiola Pikaza egilearen zazpi kontaketaz osaturiko “Epizentroa” liburua irakurri dudanean. Eta ezusteko ederra izateaz aparte, aho bete hortz utzi nauela aitortu gabe ezin geratu. Idazlearen lehen agerpena dugu euskal literatura nagusiaren plazan eta ahotsa landuta duen egile baten aurrean gaudela esan beharko nuke ezer esaten hasi aurretik.

Zazpi kontakizun dira, erdi erdian bildumari izenburua eman dion “Epizentroa” dagoelarik. Eta ipuinaren erdian, panpina errusiarren jokoa balitz bezala, epizentro hitza azaldu duen metafora: “Errai/ Emozio/ Epizentro”, eta hiru hitz horietan dago zazpi ipuinen arteko batasuna: emozioen erraietara jo nahi du ipuinak, alboetara begiratu gabe, beti zuzen duela bidearen zuzentasuna.

Zazpi ipuinotan ageri diren emakume protagonistak bizitzaren aldaketa puntuan aurkitu dute euren burua, iragana ahaztu nahiz etorkizunak zer ekarriko duen jakin gabe. Oso erraza litzateke esatea emakumezkoen “queer” literatura eskaini digula Nerea Loiola Pikazak, zenbait ipuinetako protagonistak lesbianak baitira (“Cuisine et Santé”, “Exit”) edo esperientzia lesbiarra izan ondoren erabaki dute ezkontzea eta bizitza aldatzea (“Epizentroa”). Eta askatasun osoz deskribatzen dira emozioaren alorrean sexuak duen tokia.

Baina horren gainetik, liburuak eta beren zazpi kontakizunek beste aberastasun bat utzi dute agerian, ugariak dira emakume tipoak hemen; haurra “Itsaso zuria” deituriko ipuinean, ama “Egin behar nuena egin nuen”; exekutibo hotza (“Lan-istripua”), zein bere bizitza gogor ikusten duena (“Epizentroa”).

Denak daude bizitzako ataka berezi batean eta erabaki behar dute zer egin. “Bizirik irauteko modu bakarra aurrera egitea izango da, zerrailuaren beste muturrerantz, etorkizun esaten diozun fikzio likidorantz” adierazi digu “17:03” ipuineko narratzaileak eta horrela bizi dira fikzio hauetako protagonistak, bizitzaren erdigune garrantzitsuan norabidea aldatu edo ez aldatu pentsatuz.

Liburuaren batasuna gaiaren bidez emanda badago ere, ezingo nuke aipatu gabe utzi Nerea Loiola Pikazaren kontatzeko trebezia. Maisu-lana egin du, zeren, normalean, kontaketa adar biren artean eraikiz egin du bere idazteko modua. Ipuinotan beti daude kontakizun bi, eta batak besteari erliebea ematen dio, kontraste moduko bat lehen mailan dagoen kontakizunari indarra emanez. Ohikoa izan ohi da horrelakoetan lehen aldiaren eta gaurkotasunaren arteko kontrastearen bidez bikoiztasuna marraztea, eta horrela egin da noiz edo noiz (“Egin behar nuena egin nuen”), baina ez beti, eta bildumako lehen ipuina izango litzateke teknika horren adibide ederra: Saioa protagonista pertsonaia biren artean kokaturik dago, harreman berria hasi nahi luke Aliziarekin, baina Maxime agurearekin duen loturak egin dio kontrastea.

Bukaerak ere aipatzekoak dira testu honetan, “Epizentroa” litzateke bukaera maisua: hausten den edalontzia da Bearen egoeraren adierazgarri sotila. Gaurkotasuna ere bada bildumaren ezaugarri berezia, eta gure bizitzan egunero usu erabili ohi ditugun tresnak eta gaiak behin eta berriro ageri dira liburu honetan, eta adibide bakarra emate aldera, badago ipuin bat sakelako telefonoez zabaldu diren argazkiei buruz, eta ekintza hori bihurtu du egileak ipuinaren tramaren giltza nagusia.

Aipatzekoak dira, neurri berean, hizkuntzaren erabileran Nerea Loiola Pikazak erakusten duen trebezia eta maisutasuna. Maiz etorri zait gogora Anjel Lertxundiren idazteko modua ipuinak irakurri ditudanean, egileak trebezia handiz darabilelako hizkeraren modu tradizionala eta gaurko erabilera, beti ere pertsonaia bakoitzari bere tonu berezia emanez, bere ahotsa irudikatuz eta bere hizkera modua eraikiz.

Azken kritikak

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Asier Urkiza

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Nagore Fernandez

Akabo
Laura Mintegi

Aiora Sampedro

Espainolak eta euskaldunak
Joxe Azurmendi

Mikel Asurmendi

Lakioa
Josu Goikoetxea

Irati Majuelo

Poesia guztia
Safo

Aritz Galarraga

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Maddi Galdos Areta

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Hasier Rekondo

Akabo
Laura Mintegi

Jon Jimenez

Akabo
Laura Mintegi

Asier Urkiza

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya

Nagore Fernandez

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Kuntzak eta kerak
Sara Uribe-Etxeberria

Jon Martin-Etxebeste

Hitzetik ortzira
Ana Urkiza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

Hedabideak