kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Taxiak ez dira inoiz gelditzen / Xabier Montoia / Susa, 2021

Taxiak ez dira inoiz gelditzen Txema Arinas / uberan.eus, 2021-10-12

Xabier Montoiaren azken ipuin liburuari ekin aurretik idazle gasteiztarrari buruz gogoeta egin dut ia oharkabean, doi irakurri ahala. Izan ere, Montoiarekin koskortu naizelakoan nago euskal irakurle bezala. Non dago Stalin? eleberri motzarekin hasi nintzen. Oso gauza harrigarria begitandu zitzaion ni nintzen nerabe hari, txorakeria galanta begitandu zitzaidan, bai, oso arina, barre egitekoa ez besterik; baina, orduko nerabe batek behar edo nahi bezainbestekoa ordura arte hain usukoa omen zen euskarazko literatura ustez zurrun eta beti serioaren aldean ere bai: azken urteotan etengabe berrargitaratutako eleberri motz hark nire bizigiro gazte eta urbanoaz ari zen, horrexegatik hainbeste atsegin izan zitzaidan nola edo hala gazte zirin eta erreboltaria nintzelarik. Are atseginago izan nuen Emakume biboteduna ipuin liburua, Montoiak bertan jorratzen zituen gaiak nik gustuko nuen literatura berberarenak baitziren, hau da, garai hartan biziki maite nuen Hanif Kureishi edo Martin Amis idazle britaniarren literatura funtsez kaletar eta probokatzailearenak. Ez zen, Montoia, ez, euskal eremu tradizionaletik etorritako euskaldun peto-petoa zein euskal idazle prototipikoa, are tradizional gutxiagoak ei ziren bere gaiak zein pertsonaiak: Xabier omen zen euskara gehien bat ikastoletan zein euskaltegietan jabetutako belaunaldi berrien idazlea.

Zer esanik ez, Gasteizko hondartzak ipuin liburu txit saritua idatzi zuenean; txoratu egin nintzen zeharo nire hiriko historian oinarritutako ipuin haiek euskeraz eta gainera hain modu zorrotza zein gazi-gozoaz kontatuta. Izugarri ere gustatu zitzaizkidan Denboraren izerdia zein Euskal Hiria sutan eleberriak, orduantxe euskal literaturaren joera uste hain txepelak nolabait astintzeko propio etorritako idazlea begitandu zitzaidan. Ondorengo emaitzak ostera nire Montoiarekiko irakur-garra epeltzen hasi ziren. Gerora, ordea, bere Iparraldeko trilogia ikaragarri eskematikoa edo topikoa iruditu zitzaidan, klitxez gainezka. Golgota eleberriari, hau da, Maravillas Lamberto Ioldiren ahizpen bizitzan oinarritutako istorioari zurrunegia antzeman nion. Azken afaria eta Hitzontziak nobeletan maisu bilakaturiko idazlearen lana hauteman nuen, bai; baina, baita ideologikoki gero eta amarrutsugagoa egiten zitzaidana ere. Gainerako ipuin liburuetan antzeko zerbait suertatzen zitzaidan: bazen bai, nik ezagun nuen Montoia, ezer baino lehen gertuko gaiak zein oso ezaguterrazak egiten zitzaizkidan pertsonaiak jorratzen zituen idazlea; hala ere, ni Montoiaren gai zein pertsonaiengandik gero eta gehiago urruntzen ari nintzelakoan nengoen, batez ere Montoiaren beraren ikuspuntuetatik. Ageri da ni neu ere Montoriarekin batera zahartzen izan naizela nahitaez, eta lagunartean hain ohikoa denez biok nolabait elkarrengandik bereizi egin gara ezari-ezarian.

Orduan Taxiak ez dira inoiz gelditzen eskura heldu zait, ondo asko baitakit Montoiaren lan guztiak eskura helduko zaizkidala halabeharrez oso ohitura zahar zalea naizen aldetik. Halaber, ipuin gehienak ikaragarri gustatu zaizkidala aitortu beharrean nago, noski. Egia esanda, Montoiaren jatorrizko xarma edo lilurarekin berriro topo egin dudalakoan nago. Izan ere, bertan agertzen diren pertsonaiak oso montoiarrak begitandu zaizkit hasiera hasieratik, hau da, euren inguru-minguruko ohiturak edo neurriak kausa direla nahigabeturik edo agian piperturik bizi direnak, gizartearen ustezko edo balizko normaltasunari muzin eginez edota euren buruarekin ere tirabiraka bizi ezinegonari ezin eutsiz, euren eremuan behintzat gehiengoen biktima hutsak edo, ezer baino lehen, galbidean galduak. Edonola ere, Montoiaren ipuinen ardatza giza harremanen nondik norako gatazkatsu, mikatz, zentzugabeko eta maiz ere barregarrietan datza. Oraingo honetan, aldiz, pertsonaia guztiak emakumezkoak dira, gehienak ere nola edo hala sexualitate ustezko eredugarritik aldentzen direnak, hau da, gizartean beti egon den sexualitate anitza erakusten dutenak, hau da, gehienbat eta oraintsura arte, gure mendebalean behintzat, heterozuzenak izan ez diren guztiak. Badago ipuin guztietan, gainera, pertsonaiak nola edo hala lotzen dituen lokarri edo ildo bat, gehienak senitartekoak, adiskideak edo gutxienez bikote izandakoak. Gauzak horrela, oso interesgarria da zenbait pertsonaiaren bilakaera asmatzea ipuin batetik bestera, zeiharka bakarrik baldin bada ere, batik bat kontuan hartuta aurrekoetan izandako gatazka familiarrak, sentimentalak edo dena-delakoak.

Esan bezala, Xabier Montoiak hartzen du bere literaturaren ardaztzat giza harremanek eragiten dituzten gizabanakoen libre maitatzeko oztopoak, gaizki-ulertuak, ezinikusiak, traizioak, desengainuak eta abar eta abar. Halere, zerbait gailentzen baldin bada hori da Montoiak bere aurreko liburuetan ere oso gogoan duen mendeku-grina edo, hau da, nolabait zauritu, iraindu edo baztertutakoen eskubidea euren borreroei kolpea edo mina itzultzeko, Errimelezko malkoak eta Eraztuna ipuinetan ageri suertatu bezala. Delako mendekua noraino zilegi den ala ez oso eztabaidagarria litzatekeelakoan nago, hori baita, nire ustez, Xabier Montoiaren literaturaren ajeetako bat, oso epaile zorrotza dela, ia errukibakoa, berak errudun ebatzi dituenekin. Zer dela eta? Bere literatura gehiena zuribeltzetan hezurmamitzen delako, aparteko ahaleginik edo egin ohi ez duelako makur aurkezten dituen pertsonaien nondik norakoetan ikertzearren, gaiztoak beti gaizto askoak. Horra hor Montoiaren literaturaren aje nagusia, ipuinotan ere nabarmen samarra dena.

Bestalde, bitxia da, oso, ipuin guztiok “nitik” idatzi izanda, dexente gogoratzen baitu bere aurreko ipuin liburuetan, batik bat “Euskal Hiria sutan”, non protagonista ia guztiak gizonezkoak ziren, erabiltzen zuen estilo zuzen, ia bortitz eta batez ere probokatzailea. Bitxiagoa omen da “Taxiak ez dira inoiz gelditzen” liburu honetan erabakitako tematika, hau da, aspaldi honetan euskal literaturan nahikotxo jorratzen ari dena, guztiz esperokoa dena sexu harreman ezberdinei buruzko gaiak puri-purian baitaude feminismoaren aurrerapen kementsu eta geldiezinari esker, hau da, gurean ETAren armak uztearekin batera, delako euskal gatazkaren nonahitasun gogaikarria baretutakoan gure gizartean erdi ezkututa edo baztertuta zeuden beste gatazka batzuek gizartearen lehentasunei aurrea hartu baliete bezala nahi eta nahi ez.

Horrenbestez, ba al dago Montoiak erabakitako tematikan nolabaiteko oportunismo zantzurik, batez ere orain artekoarekin alderatuta? Auskalo, egia da idazleak, edozein idazlek, eskubide osoa duela nahi bezala idazteko, berdin da emakumezko baten ahotsetik gizonezkoa izanda edo Iparraldeko XX. mendearen hasierako nekazari batenetik Hegoaldekoa zein kaletar peto-petoa izanda ere. Egileari ezin zaio inolako mugarik jarri edo eskatu, baita inoiz esan berandu dela idazgai berriak jorratzeko ere, gogoko duen edozein idatz-asmori ekiteko. Halere, irakurleak berak, batez ere idazle baten irakurle zinak, badu eskubidea ere halakorik susmatzeko. Areago, zergatik ez proposatu, atrebentzia handia baldin bada ere, gure idazle kuttunenetariko bati idatz-bide berriak? Esaterako, zer dela eta ez idatzi heterozuzentasunak baldintzatzen dituen emakumezkoen harreman familiar edo sentimental korapilatsuen nondik norakoei buruz delako heterozuzentasunaren zama zein zuzengabekeria gutxi-gutxinaka, edo menturaz tupustean ere, jabetzen den gizonezko baten ikuspuntutik. Hori bai litzatekeela, nire aburuz behinik behin, lekukotza interesgarria, bai.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak