« Idazle bitakora | Poesia soziala litekeenaz »
Ez erran inori / Maddi Ane Txoperena / Elkar, 2022
Ixo! Ainhoa Aldazabal Gallastegui / Argia, 2022-05-29
Liburuko lehen bost orrialdeak irakurri ditut, 0 kapitulua osatzen duten orrialdeak. Lehenengo partea eta Bigarren partea ataletatik kanpo geratu diren lehen bost orrialdeak. Liburua itxi dut. Ez erran inori, irakurri dut berriz azaleko izenburua. Eta sekretu bat kontatu izan balidate bezala sentitu dut pisua gorputzean. Ixo, ez erran inori. Horixe da Mikel lehengusuak Lideri sexu abusuak egin ostean esaten dion esaldia. Horixe da abusatzaileak, biktimak eta irakurleak egiten duten paktua: isiltasuna.
Triangelu hori ahots narratiboen dantzak indartzen du gainera. 0 kapitulua hirugarren pertsona orojakileak kontatzen du eta liburu osoan zehar agertuko da behin eta berriz. Panoramika osoa eskaintzen digu ahots horrek eta pertsonaiek sentitzen, amesten, egiten, erraten (ez) dutena kontatzen digu: “Lideri begiak pizten zaizkio kuku-gordeka jostatzen den bakoitzean”.
Liburuaren hasieran beste ahots batekin tartekatzen da aurrekoa. Lehenengo pertsona singularrarekin. Kasu horretan Lideren kontakizuna da pisuzkoa. Ahots honek gertutasuna ematen dio errelatoari eta protagonistaren antsietatea, ezinegona, itolarria modu bizian transmititzen du. 36. orrialdean honela dio: “Lehendabiziko benetako krakatekoa geroago izan zen. Hamabortz bat urte nituenean menturaz”.
Hirugarren kapitulutik aurrera agertzen da hirugarren ahots narratiboa, ordura arte agertu ez dena. Protagonistak bizi duen krakateko handi baten ostean bigarren pertsona singularra sartzen da jokaldian. Eta zero kapituluan abusatzaileak, biktimak eta irakurleak egin duten paktua indartzen da horrela. Ahots honek distantzia eta hausnarketa ematen dio testuari. Izan ere, Lidek bere buruari hitz egiten diola dirudi: “Zure ttipittako Lide gorroto duzu, hain kurios izateagatik. Zergatik ez zenion ezetz erran?” (52. orrialdea). Hortaz gain, irakurlea interpelatzeko ere balio du. Eta esango nuke ahots honen erabilerak gordetzen duela kontakizunean azpimarratzen den isiltasunaren unibertsaltasuna ere.
Sexu abusuak eta haren inguruan sortzen den isiltasunak —eta, beraz, erasoen babesak— protagonistarengan uzten duen ondorioa salatzen du liburuak. Mina, zauria eta ezinegona dituen 134 orrialdeetan protagonistaren sentipenetan egingo dugu igeri. Asko poztu nau mugimendu feministak eta #MeToo mugimenduak azken urteetan sortutako diskurtsoa euskal literaturatik ere lantzen ari dela ikusteak. Eta bere horretan oso desberdina izanagatik Alaine Agirreren Kamisoi zuri zetazkoa ekarri dit gogora.
Maddi Ane Txoperenaren bigarren eleberria da hau. Originala, irakurterraza, aberatsa eta beharrezkoa.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi