« Euskal literaturaren bideak | Nola ekarri gogora »
Azken etxea / Arantxa Urretabizkaia / Pamiela, 2022
Helmugara Ibon Egaña / Deia, 2022-05-21
Bizitzaren azken urteak bertan pasatzeko etxe bat erosi eta eraberritzeko asmotan dabilen emakume baten istorioa dakar Arantxa Urretabizkaiaren nobela berriak, Azken etxea izenekoak. Hendaia inguruko eraikina da, lorategi txikia eta galeria dituena, protagonistak wisteriaz eta beste landare batzuez edertu nahi duena. Paradisu txiki baten traza ere badu hala etxeak, eta halako utopia batena ere bai: bizitzan izan gabeko sosegua, patxada, estreinakoz jabetzan hartutako etxeak ekarriko diolakoan heltzen dio proiektuari pertsonaiak. Leku propio bat, bizitzaren azken faseari begiratzeko talaia bat da etxea, eta desira hori zahartzaroan ere bizirik egoteko forma bat da pertsonaiaren kasuan, iraganez soilik osatutako bizitza bat bizitzeari uko egiteko modua.
Etxe berria erosi eta konpontzea, espazio propio bat osatzea, bizitako puskak biltzeko unea ere bihurtzen da protagonistarentzat. Denboran atzera-aurrerak eginda, nobelak hainbat pertsonaiaren orain eta iragana dakarkigu orriotara, klandestinitatean emandako urteak (motibazio politikoengatik batzuetan, arte-faltsutzeagatik eta bestelako arrazoiengatik bestetan), erbestean egindako denbora, iraganeko adiskidetasun harremanak… Denboran atzera eta espazioetan hara-hona dabilen narrazioak (Hendaia, Paris, Bordele edo Santiagon barna), denboraren iragatearen inguruko hausnarketara ere bagaramatza, eta baita nortasunaren inguruko gogoetara ere: nola osatzen da “ni” bat iraganeko “ni”-aren puska horiekin guztiekin? Zein leku dute zahartzaroaren atarian dagoen “ni”-an izan garen mozorro horiek guztiek? Gainera nortasunari buruzko galdera horiek dimentsio kolektiboago bat ere badutela egingo nuke; eleberri hau ari dela, zeharka bada ere, erbestea, klandestinitatea edo utopiaren gainbehera bizi izandako belaunaldi nekatu batez, eta belaunaldi horrek azken urteak soseguz pasatzeko eskubideaz.
Pertsonaiak bilatzen duen sosegua eta patxada badago idazkeran ere. Urretabizkaiak pausatu egiten du begirada inguruko espazioan, etxean, paisaian, landareetan, eta edertu egiten du bere ikuskerak ingurunea. Aurkikuntza estetikoak daude idazkeran, pertsonaiak aurkezteko moduan, oraina eta iragana lotzeko forma linguistikoetan, esaterako. Eta baita ikuspegi narratiboan ere. Hasieratik arreta deitzen duen kontua da, izan ere, eleberri honetan idazleak hautatutako ikuspegia: “kaskagorria”, “txanoduna”, “zelataria”… izenik gabeko pertsonaia-sare bat aurkezten zaigu lehen orritik eta distantzia eta hoztasun batetik aurkezten zaizkigu ekintzak. Jolas narratibo batera gonbidatzen gaitu narratzaileak, eta hautu horrek berak hitz egiten digu anonimotasunaz, klandestinitateaz, nortasunaren mugez.
Pixkanaka baino ez dugu lortzen pertsonaien soslaia marraztea, eta ezkutatze-erakuste jolas horretan eusten dio irakurleari idazleak eleberri guztian zehar, batzuetan eroriko dela dirudien arren amaieraraino eusten dion oreka bati eutsiz. Aukera narratibo horri esker lortzen du, gainera, irakurlearen jakin-mina areagotzea, noir klasikoaren oihartzunak ere badituen eleberri honetan. Thriller edo eleberri beltz petoa izan gabe, Hitchcocken film batetik atereak diruditen keinuak badira nobelan (gorpu bat, ileordeak, bizilagun zelatariak…), atmosfera eta giro berezi bat sortzen laguntzen dutenak eta kontakizunari beste kolore batzuk gehitzen dizkiotenak. Zahartzaroari buruzko eleberri bat irakurtzen hasten den irakurlea uste gabeko giro, gai eta gogoetetara darama trebeziaz Urretabizkaiak bere bostgarren nobela landu eta singular honetan.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi